Content-Length: 206297 | pFad | https://eu.wikipedia.org/wiki/Akemenestar_Inperioa

Akemenestar Inperioa - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Akemenestar Inperioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Akemenestar Inperioa
الهخامنشیان
Hakhâmaneshiyân
K.a. 550 – K.a. 330
Monarkia
Akemenestar Inperioko bandera

Akemenestar Inperioko armarria

Inperioaren hedadura handiena, K.a. 500 aldean.
Geografia
HiriburuakPasargada, Ekbatana, Persepolis, Susa, Babilonia
Kultura
Hizkuntza(k)Antzinako persiera, aramaiko inperiala, elamera, akadiera
ErlijioaZoroastrismoa
Historia
Persepolisen eraikuntzaK.a. 550
Mediar GerrakK.a. 498-448
Alexandro Handiaren konkistaK.a. 334-330
Aurrekoak
Mediar Inperioa
Bigarren babiloniar Inperioa
Lidia
Ptolomeotar Erresuma
Ondorengoa
Mazedoniar Inperioa

Akemenestar Inperioa[1] (persieraz: هخامنشیان‎Hakhâmaneshiyân), batzuetan Lehen Persiar Inperioa deitua, Iran Handia izeneko eskualdea gobernatu zuen Mediar Inperioaren ondorengoa izan zen[2], Ziro Handiak sortua. Persiar eta Mediar inperioak, batzuetan, biak batera Mediar-persiar Inperioa izenaz dira ezagunak, beste inperio batzuk ere barnean hartuta.

Antzinaroko inperiorik handiena izan zen, hiru kontinentetan zabaldua: Asia, Afrika eta Europa. Une gorenean, ia 8 milioi kilometro koadroko eremua hartzen zuen[3][4], eta Iran, Afganistan, Pakistan eta iparraldeko India, Erdialdeko Asiako eskualde batzuk, Anatolia, Trazia eta Mazedonia, Itsaso Beltzaren kostaldeak, Irak, iparraldeko Saudi Arabia, Jordania, Palestina/Israel, Libano, Siria eta antzinako Egiptoko hiri nagusiak ia Libiaren mendebalderaino zituen bere barnean.

Mendebaldeko Europako historiografian Mediar Gerretan greziar hirien etsaia izateagatik, juduak Babiloniako esklabotzatik askatzeagatik eta hizkuntza ofizialak ezartzeagatik da ezaguna. Alexandro III.a Mazedoniakoak K.a. 330 inguruan inperioa inbaditu eta desegin ondoren, banatu eta Ptolomeotar Erresuma eta Seleukotar Inperioaren artean banatu zen. Haren lurraldeak zibilizazio helenistikoaren zati bat izan ziren. Inperioa berriro eratu zen partiar eta sasandar aroetan.

Asiriar iturriei kasu egitera, badirudi K.a. 900 alderako bazirela egungo Iran inguruan jatorri eta hizkuntza askotako jende taldeak. Behi, ahuntz eta, batez ere, zaldi zaintza zuten bizibide eta, nor bere lurraldean finkatu ahala, baliabideak ugalduz eta hobetuz joan ziren. Nolanahi ere, mediarrak, lehenik, eta persiarrak, gero, gailendu ziren beste guztien gainetik.

Ziro II.a Handia izan zen Akemenestar Inperioko lehen erregea, K.a. 550ean garaitu baitzuen Astiages, Mediar Inperioko azken erregea. Ordutik aurrera, bat egin zuten mediarrek eta persiarrek akemenestarren gidaritzapean, dinastia horretakoa baitzen, hain zuzen ere, Ziro II.a. Gero Anatolia osoa okupatu zuen, eta sortalderantz Induseraino hurbildu zen. K.a. 539an, ia borrokatu beharrik gabe, Babilonian sartu zen. Dirudienez, ohiz kanpoko gizona eta buruzagia izan zen. Oso pertsona gutxik bildu dute gizadiaren historian hark bezainbateko estimua, hala elezaharretan nola historian. Ezin liteke halabehar hutsa izan Herodotok eta Xenofonek Zirori buruzko hain iritzi ona izatea. Guduan hil zen, eta haren ospe ona biribildu baizik ez zen egin: buruzagi noble, ausart, lasai eta bakegile gisa geratu zen gizakien oroimenean.

Haren seme Kanbises II.ak Egipto hartu zuen mendean K.a. 525ean, eta hura atzerrian zen bitartean Gaumata aztiak beretu zuen Persiako tronua. Kanbises bidean hil zen, bere inperioa berreskuratzera zihoala. Dario I.ak bota zuen usurpatzailea agintetik eta haren bidez eseri ziren berriro akemenestarrak errege aulkian. K.a. 519an, eszitei eraso zien Hego Errusian; gero Egipto segurtatu zuen, eta India okupatu zuen, baina K.a. 490ean porrot egin zuen Greziaren aurka egindako espedizioak.

Darioren ondorengo pertsiar erregeek, nahiz eta arranditsuak izan, ez zuten gauza handirik lortu, eta haietako batzuk, hala nola Xerxes I.a (486-465 K.a.), ezagunak dira greziarren aurka fruiturik gabe izandako gerra luzeengatik. Dario III.a izan zen akemenestarren dinastiako azken erregea, K.a. 334an Mazedoniako Alexandro Handia Asian sartu eta persiarren inperioaz jabetu baitzen, Dario erregea K.a. 331n hil ondoren.

Inperioaren egitura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Behistungo inskripzioak Dario Handiaren konkisten berri ematen du, eta haren mendeko hogeita hiru satrapiak aipatzen ditu

Inperioan persiar herria zen nagusi (500.000 persiar eta 50 milioi biztanle guztira); persiarrek elkarturik egoteko joera zuten: mailatan antolatuta zeuden (magnateak, nobleak, herria), guztiek sinesten zuten beren artean, eta baita erregearekin ere, berditasunezko loturak zituztela. Persiarrentzat harro egoteko modukoa zen erregearen zerbitzuan aritzea, eta uste osoa zuten erregeari lurrak, morroiak, esklaboak eta metal nobleak eman behar zitzaizkiola.

Persiar Inperioan aintzat hartzen ziren balio nagusiak ausardia eta ahalegin militarra, egiatasuna eta seme-alaba asko edukitzea ziren; nekazaritza jarduerak eta erregeari egiten zitzaion zerbitzua ziren persiarrarentzat jarduera duinenak. Izan ere, nekazaritza zoroastrismoak ezartzen zuen eginbehar morala zen. Denborarekin, bertute horiek guztiak galduz joan ziren, batez ere gizartearen goreneko mailetan; maila horietan bizitza gozamen modu gisa hartzen zen, eta bizimodu hartan sartzen ziren gaiztakeria, luxua, erosotasuna, nabarmenkeria eta saldukeria.

Erregeak erabateko ahalmena zuen, baina, hala eta guztiz ere, kontseilu baten babesa zuen. Goi mailako funtzionarioek eta persiar magnateek osatzen zuten kontseilu hori; elkarte bat ere bazen, printzeen elkartea alegia, erregearen 7 kontseilarik osatua. Inperioaren betebeharrak arautzeko, aramera jarri zen administrazioko hizkuntza nagusi, eta administrazioaren sail guztietan erabiltzen zen: departamentuetako ministroek (ez dira ezagutzen horien betebeharrak), erregearen begi eta belarriek, eta era guztietako funtzionarioek, guztiek erabiltzen zuten aramera. Lekuan lekuko administrazioa kargu hauek osatzen zuten: probintzia bakoitzeko satrapa edo gobernariaz gainera, erregearen idazkaria, hiriburuan bildutako gudarostearen komandantea eta erregearen begiak eta belarriak, satrapiak ikuskatzeko eginkizuna zutenak.

Egitura politikoa zentralizatuta egon zedin, komunikabide egokiez hornitu behar zen inperioa (errepideak, zubiak, posta zerbitzua, seinaleak…), esate baterako, Sardes eta Efeso Susarekin lotzen zituena, 2.700 bat kilometrokoa; posta bulegoak (25 kilometroz behin, gutxi gorabehera), erregearen aginduak laster jasotzeko eta erregeak berak lehenbailehen izan zezan gorabehera guztien berri. Gune militarrek errepideetako ordena eta segurtasuna zaintzen zuten; horiez gainera, mugan gotorlekuak izaten ziren.

Persiar arkitektura, ordura artekoa bezala jainkoei eskainitako tenpluetan gauzatu ordez, erregetzaren inguruko artea dela esan liteke, errege jauregietan aurkitzen baitira garai hartako arkitekturaren adibide bikainenak. Nahiko argiak dira atzerritar eraginak akemenestarren garaiko arkitekturan.

Errege jauregietan, esate baterako, mesopotamiar jatorriko ezaugarriak antzematen dira: arkitektura lanak terraza artifizialen gainean eraikitzea, harrizko edo beiraztatutako adreiluzko behe-erliebez apaindutako pezozko murruak, eta sarreran zezen babesgarrien irudiak ezartzea. Ateburu eta zutabeetan, aldiz, egiptoarren eta greziarren eragina antzematen da. Eta, azkenik, persiar jatorrikoak dira kapitelak -ezezagunak persiar eremutik kanpora-, zutabeen goratasuna eta kopurua, eta pilareetako erliebeak.

Pasargadakoa da persiar errege jauregietan antzinakoena. Ziro Handiaren aginduz eraiki zen, eta lorategien erdian altxatako hiru eraikin multzo zituen. Lehen multzoan, ate handi bat eta 26 x 22ko hipostilo areto bat zeuden. Hipostiloak asiriar estiloko harrizko zezenak zituen sarrera nagusietan, eta jeinu hegodunak besteetan. Ipar-mendebaldeko multzoan entzutegi aretoa zegoen: eraikin angelu-zuzen bat, inguru guztian atari handiak eta erdian areto zabal bat zituena, launa zutabeko bi ilararekin. Azkenik, iparraldean, jauregi nagusia: oso atari handia zuen, hogeina zutabeko bi ilara zituena, erdian gisa bereko areto bat, eta pezoz eraikitako beste gela batzuk. Hau izan bide zen enperadorearen bizitokia, baina ez denbora luzez, sasoi betean zegoela hil baitzen Ziro.

Susako jauregiko Arkularien frisoa, Louvre museoa

Dariok eraikiarazitako Susako jauregia da antzinako persiar arkitekturaren beste adibide bat. Hasteko, 13 hektarea zabal eta 15 metro garai zen plataforma handi bat eraiki zuten, bertatik ordoki guztia menderatzen zena. Sarbide bakarra 1972an aurkitutako ate erraldoitik zuen. Garaipen arku moduko bat zen, barruan areto bat zuena. Xerxes I.aren agintaldian amaitu zen, eta errege haren ia 3 metro altuko bi estatua handi ezarri zituzten bertan. Hegoaldeko patioak beiraztatutako adreiluzko erliebeez apainduak zeuden, lehoiak, zezen hegodunak eta grifoak irudikatzen zituztela. Iparraldean, entzutegi areto eskerga zegoen, ipar, ekialde eta mendebaldetik atariak zituena; aretoaren sabaiari 20 metro altuko 36 zutabe ildaskatuk eusten zioten, bizkarretik batutako bi zezen irudikatzen zituzten 5,52 metro altuko kapitel ikaragarriekin. Harmailadietako bat Arkularien friso ospetsuarekin apaindu zen.

Sakontzeko, irakurri: «Persepolis»

Bai Pasargada, eta bai Susa, persiar espirituaren eta handitasunaren erakusgarri bikainak diren arren, Persepolisen gauzatu ziren hobekien akemenestar artearen bertute eta ontasun guztiak. K.a. 518an hasi ziren eraikuntza lanak Dario I.aren aginduz, baina Xerxes eta Artaxerxesen erregealdietan ere ez ziren obrak eten. Manwdasteko ordoki handia aurrean zuela, alde bat Kuh-i Ramat mendiko harkaitzean bermaturik, 15 metro inguruko goratasuna eta 450 x 270 metroko luze-zabalera zituen plataforma eskerga eraiki zuten lehenik, lehorrean (morterorik gabe) doitutako harrizko bloke handiz. Beheko ordokitik begiratuta, ezkerretara, lau atsedentoki zituen harmailadi handia zegoen, Xerxesen atean amaitzen zena, gizaki buruko zezen hegodunez apaindua.

Sarbidea mendebaldeko harmailadi handitik zuen. Harmailak oso zabalak eta goratasun gutxikoak ziren, segur aski, zaldiz igotzeko aukera emateagatik. Behin plataformara igo eta gero, Dariok hasi eta Xerxesek amaitutako Herrialdeen Ate-tik sartu beharra zegoen. Eraikinaren mendebaldeko eta ekialdeko ateen alde banatan, bi zezen handiren irudiak zeuden kanpora begira, eta gizaki burua zuten beste bi zezen, barruko aldera begira. Hegoko atetik Apadana patio-ra ateratzen zen. Bere plataforma propioaren gainean zegoen apadana edo entzutegi aretoa. Hiru atari zituen, seina zutabeko bi ilarakoak, eta erdian 60 metroko aldeko areto karratu handi bat, 36 zutabekoa. Zutabeak (batzuk oraindik zutik daude) ildaxkatuak ziren, 19 metro garaiak, eta kapiteltzat bizkarretik batutako bi zezenen irudiak zituzten.

Hileta arkitektura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Harkaitzean zulatutako hilobia, Naqsh-e Rostam

Hileta eraikin antzinakoena Ziro Handiaren hilobia da. Landa librean eraikitako sei harmailako plataforma baten gainean, bi isuriko kapera moduko bat dago, harrizkoa, luze-zabalean 3,17 x 2,11 metro dena eta hego-mendebaldetik atea duena. Plataforma harmailaduna, berriz, 13,35 x 12,30 metro da oinarrian, eta 5,5 metroko goratasuna du.

Gainerako akemenestar erregeen hilobiak, ordea, guztiz bestelakoak dira. Dario I.ak eta haren ondorengo errege guztiek harkaitzean zularazi zituzten beren hilobiak. Persepolisetik bost kilometro ingurura dago Naqsh-e Rostam izeneko haran ezkutua, harkaitzezko amildegi ia bertikalez itxia. Elamdarren garairako ere leku sakratua zen eta huraxe aukeratu zuen Dariok bere hilobia zulatzeko. Harkaitzaren goratasun jakin batean, 22,5 metro altuko fatxada bat marraztu zuten arkitektoek, gurutze formakoa. Gorenean, Ahura Mazda jainkoa eta, tranpal baten gainean zizelaturik, erregea, ezker eskuan arku bat duela, hari otoitz egiten. Tranpalari eusten, idazkunean aipatzen diren 28 nazioak daude bi ilaratan. Alboetan, erregearen segizioko pertsonaiak ageri dira hiru ilaratan. Guztiari eusten bezala, atxikitako lau zutabe daude, Persepolisen antzeko protomo-kapitelak dituztela. Harkaitzean zizelaturik, bi isuriko sabaia eta zenbait sarkofago daude. Ondorengo errege hilobi guztiak eskema bertsuaren arabera egin zituzten

Erliebea eta eskultura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ziroren garaikoak dira lehen erliebeak. Hasieran, lauak eta bakunak ziren, Pasargadako jeinu hegodunetan ikusten den bezala, baina gauzak asko aldatu ziren gero, hartaraino, non, Persepolisko erliebeak hartzen baitira akemenestar eskulturaren gailurtzat. Agi denez, joniar eskultoreen eragina funtsezkoa izan zen. Erliebeari bolumen biribildu eta leuna emanez, gizaki eta animalien benetako irudikapen plastikoak egiten saiatu ziren. Lehenik zizelatze lana egiten zuten, xehetasun guztiak barne zirela, baina osotasunari lehentasuna emanez. Gero leundu egiten zuten, eta azkenik margotu. Mediarrak eta egiptoarrak ziren margolari espezialistak. Irudikatutako pertsonaien zurruntasunari dagokionez -norbaitek esan du izoztuak diruditela-, baliteke elamdar tradizioaren eragina izatea, baina izan daiteke maiestatea adierazteko modu bat ere.

Eskulturaren alorrean, aipatzekoak dira Persepolisko kapiteletako lehoi adardun, grifo eta zezen irudi bikainak. Aintzat hartzekoak dira, orobat, Herrialdeen Ate-ko giza burudun zezen eskergak -5,5 metro garai dira, antzinateko handienetakoak-, ore urdinezko printze buru ospetsua, eta lapis lazulizko eskaintzailearen soin enborra.

Sehdar jauregiko behe-erliebeak, Persepolisen.

Nolanahi ere, behe-erliebea da akemenestar eskulturako arte nagusia, eta Persepolisen iristen du gailurra. Apadanaren harmailadiak askotariko gaiez apaindu ziren. Erdiko panelean zortzi zaindari daude (lau alde banatan), erdian idazkun bat dutela, eta panelaren bi aldeetan lehoi bana zezen bana menderatzen. Tripylon izeneko eraikinaren ateetan, batean Dario irudikatu zuten, oinez, bi zerbitzari atzetik zimela; eta bestean, Dario eserita eta Xerxes zutik. Darioren eta Xerxesen jauregiak, ehun zutabeko aretoa eta eraikin gehiago ere erliebez apainduak zeuden. Oro har, oso kalitate oneko lanak dira, eta zehaztasun handiz islatzen dituzte gizakiak, animaliak, eta jantziak.

Susako jauregian, ordea, persiarren artean tradiziorik ez zuen beste apaingarri mota bat erabili zuten: beireztatutako adreiluz eraikitako erliebeak. Babiloniarrak izan zituzten maisu langintza honetan, nahiz eta gaiak erabat akemenestarrak ziren. Harmailadietako frisoetan zerbitzariak irudikatu zituzten gauzakiak eramaten eta apadanan ezarri zuten gaur hain ospetsua den Arkularien frisoa.

Akemenestar erregeen zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zalantzazkoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak 371. orrialdea: Akemenestarrak
  2. Schmitt, Rüdiger. Achaemenid dynasty. in: Encyclopaedia Iranica. Routledge & Kegan Paul.
  3. Vasseghi, Sheda. (2009/X/12). «The other Iran story: Re-engineering the nation's cultural DNA» World Tribune News (Breaking... WorldTribune.com).
  4. Stewart, Basil. (2003). Restoration of Palestine. , 3 or..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: https://eu.wikipedia.org/wiki/Akemenestar_Inperioa

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy