Content-Length: 200471 | pFad | https://eu.wikipedia.org/wiki/Neoliberalismo

Neoliberalismo - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Neoliberalismo

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Neoliberalismoa -liberalismo berria edo liberalismo teknokratikoa ere deitua- liberalismo klasikoaren susperraldiaren emaitza den korronte ekonomiko eta politiko kapitalista da.

Termino honen definizioa eta erabilera eboluzionatuz joan dira azken hamarkadetan eta, gaur egun, ez dago irizpide bateraturik “neoliberalismoa” zer den determinatzen duenik. Hala ere, eskuinarekin lotu daiteke eta hizkera arruntean liberalismo, kontserbadurismo, feudalismo edo faxismoaren esparruetako ideia desberdinak barnean hartzen dituen termino gisa ere erabiltzen da. ​​​​​​​​[1][2][3][4][5]

1930.hamarkadan agertu zen lehenengo aldiz “neoliberalismo” kontzeptua, liberalismo klasikoaren krisiari eta SESBen sendotzeari aurre egiteko helburuarekin. Doktrina haren arabera, monopolioak izateak merkatu librean desegokitasunak sortzen dituenez, estatuaren esku-hartze ekonomiko mugatuaren beharra dago, monopolioek sortutako desorekak saihesteko. Neurri horiekin batera, zerga erreforma eraginkorra ezarri beharra azaltzen da, geroz eta handiagoa den gastu publikoa finantzatu ahal izateko.

Baina 1960.hamarkadatik aurrera, “neoliberalismo” kontzeptua zentzu edota definizio hau galduz joan zen pixkanaka eta estatuaren esku hartze mota guztien aurkako kontzeptu gisa erabiltzen hasi zen, horrela iraun duelarik. Gaur egun egun ulertzen dugun neoliberalismoak, beraz, hasierako kontzeptuarekin guztiz hausten du.

Egungo neoliberalismoaren defendatzaileek ekonomiaren liberalizazio zabala, salerosketa librea, gastu publikoaren murrizketa drastikoa eta sektore pribatuaren mesedetan burututako estatuaren esku hartzea babesten dute. ​[6]

Terminoaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neoliberalismoa XIX. mendeko liberalismo klasikoaren ondorengo gisa interpretatu daiteke; korronte honen ideia filosofiko batzuk defendatzen ditu, baina aldi berean, proposamen, ideia eta inplikazio desberdinak azaleratzen dira [7]. Liberalismo klasikoaren gabeziak agerian geratu ziren Depresio Handiaren eta 1930.hamarkadako hondoraketa ekonomikoaren ostean eta honek doktrina berri baten beharra azaldu zuen. Horrela jaio zen neoliberalismoa, liberalismo klasikoaren eta sozialismoaren planifikazio ekonomiko desberdinen arteko “erdi bideko” proposamen gisa[8].

"Neoliberalismo" terminoa Alexander Rüstow akademikoak erabili zuen lehenengoz, 1938.urtean[9]. Garai hartan neoliberalismoa prezio-sistemen bultzatzaile, ekintzailetza eta enpresa librearen sustatzaile eta Estatu sendo eta inpartzial baten babesle gisa definitu zen. Estatua neoliberala izateko, nahitaezkoa zen politika ekonomiko modernoa ezartzea, Estatuaren esku-hartzearekin.

Ondorengo bi hamarkadetan teoría neoliberala laissez-faire doktrinaren aurka posizionatu zen, merkatu ekonomia babesten zuen estatu sendo bat bultzatzen zuelarik. Modelo honek merkatu ekonomia sozialaren forma hartu zuen.

Terminoaren bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960. hamarkadan neoliberalismo kontzeptuaren erabilerak aldaketa nabarmen bat izan zuen: merkatu ekonomiko sozialaren esparruan termino hau erabiltzeari utzi eta pixkanaka Milton Friedman edo Robert Lucas ekonomilarien politikei hasi zen egiten erreferentzia. Politika hauetan du oinarria oraindik gaur egun uler dezakegun neoliberalismoak ere.

Doktrina honek ekonomiaren esparru guztietan ekimen pribatuaren zabalkundea, prezioen kontrolaren ezabaketa edota estatuaren interbentzionismoaren murrizketa suposatu zituen. Liberalismo klasikotik haratago, neoliberalismo honek “subsidiarietatearen printzipioa” eta Chicago eskolan sortutako monetarismoaren (besteak beste estatuaren interbentzionismoa gogor kritikatzen duen doktrina) ideiak hartu zituen barnean.

1970. hamarkadan, teoria hau esparru ekonomiko eta politikoan onarpena irabaziz joan zen, estatuaren interbentzionismoa proposatzen zuen gestio keynesiarrak 1973.urteko krisian izandako porrota zela eta.

1980. hamarkadan Margaret Thatcher eta Ronald Reaganek teoria hau praktikan jarri zuten Erresuma Batuan eta Amerikako Estatu Batuetan, baita Augusto Pinochetek Txilen ere, 70. eta 80. hamarkadetan[10].

Thatcherrek sindikatuen aurka gogor egin eta sektore publikoan murrizketa handiak burutu zituen (ezinbestekoa iruditzen ez zitzaion guztia saldu zuen gobernuak: trenbideak, posta, indar armatuen alor batzuk, osasuna…), zuzeneko zergak jaitsi eta zeharkakoak igoz[11]. Etxebizitza eta hezkuntzari zegozkion inbertsioak murriztu zituen [11], honek zerbitzu publikoak murriztu eta ikasle kolektibo eta lagile kolektiboen aldetik bere aurkako protestak indartu zituelarik.

Ronald Reaganek defentsa-gastuak handitu, bestelako gastu publikoak murriztu eta zergak nabarmen jaitsi zituen. Inflazioa % 3,5aren inguruan mantendu bazen ere, 1982. urtean izan zen atzerakadaren ondorioz ekonomia-hazkundea ez zen uste zen adinakoa izan, eta, beraz, zergen beherakadak administrazioaren zorra bikoiztu egin zuen 1981-86 artean. Reaganen agintaldian, Estatu Batuek bake-denboran inoiz izandako gastu militar handienak izan zituzten. [12]

Augusto Pinocheten Erregimenak (1973-1990) finkatutako erreforma politiko eta ekonomikoak deskribatzeko ere termino hau erabili da. Pinocheten gobernuak Milton Friedmanen eta berarekin Chicagon ikasten egon ziren ekonomilarien aholkuak jaso eta gauzatu zituen (“Chicago Boys”), pribatizatu zitekeen guztia pribatizatuz[13].

Terminoaren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Walter Lippmann mahai-ingurua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930. hamarkadan, Depresio Handiak liberalismo klasikoaren kontrako izaera barneratu zuen jendartean. Indarrak batzeko, 25 kidez osaturiko talde liberal batek “Walter Lippmann” izeneko mahai-ingurua antolatu zuen eta 1938ko abuztuan, munduko herrialde ezberdinetako kideak batu ziren, Parisen. Horien artean, Louis Rougier, Walter Lippmann, Friedrich von Hayek, Ludwig von Mises, Wilhelm Röpke y Alexander Rüstow aurkitzen ziren[14]. Rüstow, Lipmann y Rougier-ek laissez faire liberalismoak porrot egin zuela azaldu zuten, eta horren ordez, liberalismo berri batek lekua hartu beharko zuela. Horrela, Walter Lippmann-eko kideek preiektu berri honi neoliberalismoa deitu zioten.

Liberalismo klasikoak ez bezala, neoliberalismoak estatu indartsu baten premia azpimarratzen zuen, merkatu librea eta ekonomia bideratu eta mugatzeko.

Mahai inguru honetan liberal klasikoen eta neoliberalen arteko eztabaidak ugariak izan ziren. Neoliberalek estatuaren esku hartzea merkatuaren estruktura konpontzeko eta indartzeko beharrezkoa zela baieztatzen zuten bitartean, liberal klasikoek estatuaren zeregin bakarra merkatu librera sartzeko mugak indargabetzea zela esaten zuten.

Mont Pelerin sozietatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1947an, Friecdrih Hayek eta Milton Friedmanek Mont Pelerin sozietatea sortu zuten, Suitzan. Bertan, 36 ekonomialari, historialari eta filosofo elkartu ziren.

Honen helburua botere arbitrarioaren alde zeuden ideologia erlatibistek arriskuan jartzen zituzten giza eskubideak babestea zen. Hots, zibilizazioaren balio eskasiaren beldur ziren. Haien ustez, munduaren parte handi batek giza duintasun eta askatasun gabezia handiak zituen, zeinetan, giza eskubideak ez ziren errespetatzen; hala nola, adierazpen askatasuna edo merkatu ekonomikoaren alorrean askatasun osoz jorratzeko aukera. Halaber, botere arbitrarioen hedapenak banakoaren posizioa mehatxupean jarri eta ahultzen dutela adierazten zuten.

Beraz, sozietateak gai hauen ikerketa garrantzitsua eta beharrezkoa zela azpimarratu zuen:

  • Garaiko krisiaren sorlekuaren analisi eta azterketa sakona, baita honen jatorri moral eta ekonomikoaren azalpena.
  • Estatuaren funtzioak berriro definitu, sistema totalitario eta liberalaren arteko aldea bereizi ahal izateko.
  • Legearen inperioa berrezarri eta bere garapena ziurtatu, banako edo taldeek besteen askatasuna ukatu ez dezaten.
  • Merkatuaren funtzionamenduaren aurka ez dauden medioen bitartez, arau minimo batzuk ezartzearen aukera.
  • Askatasunaren aurka egiten delarik, historiaren erabilera desegokia ekiditeko metodoak definitu[15].

Politika neoliberalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neoliberalismoak ekintza ekonomikoak norberaren edo enpresa pribatuen esku uztea proposatzen du, ahal den neurrian. Horrela, estatuaren esku hartzea mugatzen du ekonomiaren alorrean, baita estatuaren murrizketa ere; hau da, estatuak kontrolatzen duen BPGaren murrizketa. Horrez gain, ekintza ekonomikoaren erregulazioarekin amaitzea proposatzen du, merkantzia, kapitala eta fluxu finantzarioaren mugak zabaltzeaz gain.

Teoriko edo ideologo neoliberalek gomendatzen duten politika makroekonomikoen baitan hauek sartzen dira:

  • Politika monetario murriztatzaileak: Interes tasak igo edo diruaren eskaintzak murriztu, inflazioarekin amaitu eta monetaren debaluazioaren arriskua ekidin arte.
  • Politika fiskal murriztatzaileak: Kontsumoaren zergak igo eta ekoizpenaren, errenta pertsonalaren eta enpresaren onuren zergak murriztu. Horrez gain, gastu publikoa murriztu.
  • Liberalizazioa/erregulaziorik eza: Neoliberalek inbertsioen eta merkatuaren liberalizazioa babesten dute, hazkunde ekonomikoarentzat onuragarriak baitira. Bestalde, kapitalaren mugikortasuna eta lan-malgutasuna defendatzen dute.
  • Enpresen pribatizazioa: Agente pribatuak publikoak baino eraginkorragoak direla baieztatzen dute, baita sektore pribatua aberastasuna sortzeko arduraduna izan behar dela ere.

Isurketa ekonomikoaren teoriaren arabera, BPGaren hazkunde totalak norbanakoaren ongizatea hobetu eta aberastasunaren banaketa eraginkorra bultzatuko lituzke; modu berean, herritar bakoitzaren produktibitatea igotzen den neurrian, gizartearen onura ere lortuko delarik (esku ikusezinaren teoria)

Neoliberalismoari kritikak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neoliberalismoak jatorri ezberdinetatik hamaika kritika jaso izan ditu, izan ezker edo eskuin politikoarengandik, baita akademia eta aktibista sozialengandik[16] Hala ere, jasotako kritika gehienak ezkerreko sektoreengandik etorri direla ere esan daiteke[17]. Dena dela, ezker politikotik aparte, egun neoliberalismo terminoa bi sektorek kritikatu dutela esan dezakegu:

  • Bere burua liberal klasikotzat hartzen duten horiek, neoliberalismo terminoa ezkerreko sektore batzuek erabilitako etiketa dela argudiatzen dute, modu batean edo bestean, haien aurkari politikoak mespretxatu aldera[18].
  • Bestetik, bere burua benetazko liberaltzat hartzen dituzten horiek, anarkokapitalismoaren mugen barne mugitzen direnak, neoliberalismoa korporatibistatzat hartu eta egungo politikako sektore eskuindarrei, multinazionalak eta botere politikoaren sektore pribatua lehenestea leporatzen diotenak.

Azken talde honek, organismo internazionalak eta estatuaz gaindiko organizazioak (FMI, OMC, BM, etab.) ukatu egiten dituzte, erregimen ustelak mantentzeaz egotzita. Horrela, organismo hauek merkatu internazionalaren liberalizazioa oztopatu eta keynesianismoaren instantziekin harremanetan daudela diote; azken batean, korporatibismora eramaten gaituztelarik, eta ez benetako kapitalismora[19].

Kritika filosofikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neoliberalismoa liberalismo klasikoaren birformulazio gisa har daiteke. Aitzitik, akademiako autore ezberdinek neoliberalismoak liberalismo klasikoaren oinarrien abiapuntutik nabarmenki urrundu dela ere salatu dute, paradigma politiko eta sozial berri bati eredu filosofiko berri bat egokitu nahi izan diotelarik[20].

Horrela, neoliberalismoak tradizionalki liberalismoaren autoretzat hartzen diren Thomas Hobbes edo John Lockeren proposamen politiko-filosofikoak irauli eta hauekin apurtu ere egin duela sostengatu da akademiatik[21].

Modu honetan, liberalismo klasikoaren autoreen jarraipena bermatu duen autore garaikide nagusia John Rawls dela esan dezakegu; bere liberalismo klasikoaren egunerokotzeari, neoliberalismo filosofikoaren aita den Robert Nozick kontrajartzen zaiolarik. Izan ere, Harvardeko Unibertsitateko irakasle izandako filosofo bien artean, eztabaida politiko-filosofiko nabarmena eman zen, Nozickek argitaratutako Anarkia, Estatua eta Utopia liburuak ordura arte Rawlsek garatutako proposamena deuseztatzea helburu zuelarik.

Komenigarri litzateke, beraz, Nozicken filosofiaren oinarriak aztertu eta Rawlsen euskarriekin erkatzea.

Nozicken filosofia moralaren proposamenaren arabera, badira eskubide batzuk bortxaezinak direnak, erabatekoak eta baztertzaileak direnak, norberak nahi duen moduan erabil daitezkeenak: bizitza, askatasuna eta jabetza eskubideak. Eskubide hauek hiru ezaugarri nagusi dituzte:

  1. Negatiboak dira, hots, gizakia edozein kanpo-botere edo indarrengandik erasotua ez izatea eragiten dute.
  2. Eskubide horiek gainerako gizakiengandik muga zehatzak ezartzen dituzte, absolututzat hartu egin daitezkeelarik, eta inolako kanpo-mugarik onartzen ez dutelarik.
  3. Sistema politikoa eskubide hauen babesa bermatzera mugatu behar da.

Eskubideen ezaugarritze honen ondorio zuzena, sistema poltikoa Estatu minimo edo minarkia moduan antolatu beharra litzateke, Estatu minimo horren helburuak honako hauetara mugatu beharko liratekeelarik, Nozicken ustez[22]:

"Estatuari buruzko gure ondorio orokorrak honako hauek dira: gutxieneko estatu bat, zeina indarkeriaren, lapurretaren, iruzurraren, kontratuen urraketaren eta oinarrizko eskubideen kontra gerta daiztezkeen urraketen aurrean babes-funtzioetara mugatua dagoen, justifikagarria dela; uste dugu beste edozein estatu handiagok urratuko lukeela pertsonek gauza jakin batzuk egitera behartuak ez izateko duten eskubidea, eta justifikaezina dela; eta gutxieneko estatua inspiratzailea eta zuzena dela. Bi ondorio nabarmendu behar dira: Estatuak ez duela bere aparatu hertsatzailea, koertzitiboa, erabili behar herritar batzuek beste batzuei laguntzea eragozteko, edo pertsonei beren onurarako edo babeserako lan egitea eragozteko.".

Hala, Hobbes eta Locke kontraktualistek Estatuaren sormenaren justifikazioaren aurrean, tradizio liberal klasikotik aldendu eta Minarkiaren proposamen politikoa gauzatzen da.

Proposamen filosofiko honen muina gizakiaren “norbereburujabetasuna” deritzona dela esan da, hau da, gizaki bakoitza bere buruaren jabe bakarra den heinean, inork ezin dituela pertsona baten eginkizunak edo jabegoa oztopatu (bereziki, zergen harira, lan derrigortuarekin parekatzen duena), eta edozein eskuhartze mota, bere helburuak edozein direla ere, ez-legitimotzat hartu eta askatasunaren kontrakoak izango direla.

Bestalde, Rawlsek “norbereburujabetasunaren” gailentasunaren aurka, “Justizia” ezartzen du bere proposamen politikoaren erdigunean, sortu beharreko Estatuaren baitan justizia sozial minimo bat erdiestea helburu izan beharko litzatekeelarik [23].

Justizia sozial horren printzipioak irudikatu aldera, eta Estatuak bermatu beharreko oinarriak ezartzearren, “jatorrizko egoera” izeneko hipotesi batean kokatu egiten ditu Rawlsek gizabanako ezberdinak. Egoera hipotetiko honetan, gizabanakoek ez dakite haien ezaugarri pertsonal eta sozialez (egoera ekonomikoa, arraza, genero, gaitasun fisiko-intelektuala, etab.) ezer, “ezjakintasunaren estalkia”-ren atzean daudelarik. Hala ere, jakin badakite haien bizitzaren helburu pertsonalak bete aldera, nolabaiteko ondasun primario batzuk beharko dituztela. Proposamen hipotetiko honen ondorio nagusia, gizabanakoek honako bi printzipio hauek onartuko dituztelakoan dago:

  • Lehenengo printzipioa: Edonork izan beharreko eskubideak, gainerako norbanakoek zentzu eta hedapen berdinak dituen eskubideen eskema batekin bateragarria izan behar da.
  • Bigarren printzipioa: Desberdintasun sozial eta ekonomikoak honako bi helburuak aldi berean lortzeko moduan artikulatu behar dira: a) gizartean gutxien dutenen onurarik handiena lortzearren (desberdintasunaren printzipioa); b) aukera berdintasuneko baldintzetan, kargu eta postuak guztiei irekita egon beharko dira.

Lehenenego printzipioa, askatasunaren printzipioa den horrek, bakoitzaren eskubideak bermatze aldera besteonak ez urratzearen beharra aurkezten du, hots, askatasun eta eskubide zibilak modu homogeneo batean banatzeko beharra. Bigarrenak, ordea, botere, errenta eta aberastasunaren banaketan eragitea ahalbidetzen du, betiere, gizartearen ahulenen alde egiten duenean, ezberdintasun materialak leundu aldera.

Horrela, Rawls liberal-igualitarismoaren euritakoarenpean kokatua izan da, ongizate-Estatuaren egituraren alde eginik eta aberastasunaren birbanaketa defendatuz, Estatu minimoaren teoriaren aurka.

Dena dela, Nozickek ezarritako neoliberalismoaren oinarriak ere beste familia historiko-filosofikoengandik ere kritikatua izan dela esan dezakegu. Kritikatua izan da, besteak beste, neoliberalismoak erabilitako askatasunaren ideia negatiboa, dimentsio positiboarekin uztarketa sahiesten duelako. Beste hitzez, dimentsio negatiboak kanpo indarrengandik erasotua izatea sahiesten duen bitartean, neoliberalismoak ez luke askatasunaren dimentsio positiboa kontuan hartuko, hau da, norberaren bizitza planak jarraitzeko baliabide materialak positiboki edukitzea, planak martxan jartzeko bitartekoak izatea[24].

Kritika ekonomikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspuntu ekonomiko batetik, Milton Friedman dugu neoliberalismoaren teoriko nagusietako bat. Bere Kapitalismoa eta Askatasuna obrak, merkatuaren eta enpresen beharraren, baita gobernuen beharrezkotasunaren ezaren ideiei heltzen dion hau, politika ekonomiko berriaren euskarriei heldu zion[25].

Neoliberalismoak, zentzu honetan, laissez faire printzipioan oinarritutako merkatuko-ekonomia askatasun indibiduala erdiesteko biderik aproposena; eta, bestalde, merkatu-ekonomia desarautu batek efizientzia eta ongizate ekonomikoa lortze aldera egokiena den eredutzat deskribatu zituen ekonomilariak.

Hala eta guztiz ere, ez dira gutxi ikuspegi ekonomikotik neoliberalismoaren errezeta ekonomikoei egin zaizkion kritikak[26].

Lehenik eta behin, laissez faire eredua jarraitzen duten ekonomiek ondorio desegokiak ekar ditzakete askatasunarentzako. Izan ere, desenplegu tasa altuak dituzten ekonomia horietan neoliberalismoaren proposamen ekonomikoek desberdintasun sozialetan sakondu dezakete, askatasun positibo edo materialaren kaltetan. Korrelatiboki, aberastasunean oinarritutako desberdintasun horiek desberdintasun politikoak ere eragingo dituzte, demokrazia liberalen baitan, sektote aberatsen askatasun politikoa handiagoa izango baita gainerakoenarekin konparatuz.

Modu honetan, neoliberalismoak oparotasun egoeretan egingarri suerta baldin badaiteke, krisi ekonomikoetako uneetan, ezegonkortasuna dela medio, politikoki prozesu demokratikoen eta askatasun printzipioen atzerapen edo ukapena eragin dezake.

Azken batez, neoliberalismoa, liberalismo tradizionalak ez bezala, etikaren eraginkortasun esparrutik kanpo geldituko litzatekeen paradigma berria izango litzateke. Zentzu honetan, Joseph Stiglitz nobel saridunak, neoliberalismoa “merkatuaren fundamentalismo” moduan ere definitu izan du, laissez faire paradigmaren aldeko diren politka ekonomikoak egia absolututzat hartzen dituzten hoien kontra. Merkatuaren fundamentalismoaren ustetan, merkatu askeak lirateke askatasun indibidualaren, hazkunde ekonomikoaren, gizartearen orekaren eta bestelakoen berme bakarra[27].

Kritika politikoa.

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dira gutxi demokrazia liberala egungo adostasun nagusienetarikoa delakoan dauden interpretazioak. Horrela adierazi zuen Francis Fukuyama bere Historiaren Amaiera liburuan[25], SESBen gainbeherarekin batera, neoliberalismoaren paradigma ordezkaritzazko demokrazia liberalaren proiektu politikoaren baitan garatuko zela aurreikusi zuenean, eredu hegemoniko gisa.

Hala ere, Fukuyamak Historia, ideologien arteko borroka gisa, bukatu eta demokrazia liberal berri horren proiektu politikoak gaitzespen hainbat jaso ditu. Zentzu honetan, neoliberalismo globalizatuaren ardatzei jarraiki jorratutako proiektu politiko honek gabezia edo muga estruktural nabariak dituela azpimarratu izan da[28]. Demokrazia homologagarri guztiek gutxienezko minimo batzuk bete izan arren -pluralismo politiko edo multipartidista, sufragio unibertsala, askatasun indibidualak, eta abar-, demokrazia hauetan botere-harremanen eraginkortasuna, interes talde dominanteen naturalizazioa eta talde baztertuen diskriminazioari -politiko, sozial, ekonomikoa- ez zaio inolaz ere heltzen.

Horrela, neoliberalismoaren paradigmak politikoki jaso duen proiekzioak honelako gabeziak biltzen ditu, besteak beste[29]:

  1. Lehenik eta behin, demokrazia hauteskunde-merkatu batera mugatzea. Ildo honetatik, demokraziak merkatuaren modura egiten du, kontsumidore diren hautesleen eta saltzaile diren alderdien arteko harremanak kudeatuko balitu bezala, betiere etekin pertsonalak maximizatu eta galerak minimizatzeari begira egingo balute bezala. Demokrazia eta merkatu askea txanpon beraren bi aldeak lirateke iruditegi honetarako.
  2. Korrelatiboki, merkatu neoliberalaren irizpide diren lehia mugagabea, indibidualismoa, efizientzia, kontsumoa, eta bestelako kategoriak demokrazia zuzendu behar duten ardatzak izan behar diren ere kritikatu egin izan da.
  3. Zentzu berean, demokrazia prozedimientu ezberdinen jarraipenari mugatzea ere kritikatu izan da, herri subiranotasuna hustu egiten duelakoan, demokraziaren ikuspegi murriztatzaile eta elitistaren alde eginez. Izan ere, hiritarren parte hartze efektiboa alde batera utzita, neoliberalismoaren praktika politikoak demokraziaren dimentsio emantzipatzailea -kolektibo eta norbanakoen borondatea jarraituz, elkartasuna, berdintasuna, duintasuna eta askatasunaren baloreak egikaritzea - ukatu eta gizartearen bizi-baldintzak hobetzea baztertu egiten du.
  4. Bestalde, neoliberalismoak gizartearen gehiengoaren eguneroko bizitza despolitizatu eta esparru politikoa nabarmenki mugatu egiten du, politikaren egintzetatik kanpo uzten dituelarik prozesu eta harreman sozialen gehiengo handi bat. Besteak beste, etxea, familia, lantokia edo hezkuntza formala esparru pribatura zokoratu egiten dira, neoliberalismoarentzat Estatuaren hatzaparretatik kanpo gelditzen den espaziora, alegia.
  5. Liberalismo klasikoa ez bezala, zeinak Jusitzia, Zuzenbide Estatua, askatasunak, berdintasuna eta baita desobedientzia zibila ere aldarrikatzen dituen, neoliberalismoaren gorpuzte politikoak guztizko fenomeno politiko, sozial, kultural eta instituzional autoritarioak ere onartzen ditu bere formulazioaren baitan. Neoliberalismoaren errezeta ekonomikoen ondorioz desberdintasun sozialetan sakondu dela frogatu izan da -lanaren prekarizazioa, krisi ekologikoaren larriagotzea, korrupzioa, eta abar-, Boaventura do Sousa Santos soziologoak krisi eta desberdintasun horren konponbide nagusia “faszismo sozial” deitu izan duen bidetik egin dela diolarik. Faszismo soziala, marko demokratiko baten barruan, botere-, kapital- eta eragin-harreman guztiz desberdinetan oinarritu eta jazotzen den erregimena litzateke, zeinaren baitan harreman horren alde indartsuak alde bakarretik erabakitzen eta ezartzen dituen alde ahularen bizi-baldintzak[30].
  6. Azkenik, neoliberalismoaren paradigma gizartearen ulermen monokultural batean oinarritzen dela ere kritikatu da. Bigarren Mundu Gerraren osteko deskolonizazio mugimendu eta prozesuaren kaltetan, neoliberalismoaren proiektuaren garapenak mendebaldeko sistema soziopolitiko eta filosofikoa jarri zuen, beste behin, zerumuga hegemoniko gisa.

Intentsitate baxuko demokrazia bermatzen duen neoliberalismoaren proiektuak, bestelako kritikak ere jaso ditu filosofia politikoaren ikuspegitik: apatia edo gogogabetasun politikoa eta konformismo soziala eragin, historiaren eta gizartearen asmo neokontserbadorea hartu, berdintasuna zein justizia eta ongizate sozialari uko egin eta indibidualismo erradikala besarkatzen duela, gizarte-darwinismo moduko baten mesedetan.

Kritika ekologista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekologismoaren mundutik ikuspegi neoliberala kritikatu egin da, ekonomialari neoliberalak sasizientzialari deitzeraino eta beren sinesmena siniskeria[31] hilgarria deitzeraino.[32]

« Politika kapitalista neoliberalaren errezeta: planeta mugatu batean etengabeko hazkundea.

Mozkin pribatuak; galera publikoak.

Maileguak interes konposatuarekin sistemaren oinarrian, etengabeko hazkundea ezinbestekoa interesak ordaindu ahal izateko.

Ekoizpen-faktoreen betiereko ordezkagarritasunean sinisteak ez du oinarri zientifikorik. Iraganean gertatu bada ere (balea gantza > ikatza > petrolioa > gas naturala > fisio nuklearra > fusio nuklearra¿???...) ez da zertan, betiere, etorkizunean gertatuko. Horrela pentsatzeak ez du oinarri zientifikorik. Horrela pentsatzea fede edo erlijio kontua da[33], ez zientzia... (Planeta honetako baliabideak agortuko balira ere, kolonizatuko ditugu beste planeta batzuk[34]).

···
»


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Ebeling, Richard M.. (2017-10-13). «Neoliberalism Was Never about Free Markets | Richard M. Ebeling» fee.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  2. (Gaztelaniaz) «El mito del neoliberalismo» elcato.org 2004-09-29 (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  3. (Gaztelaniaz) Nuevatribuna. «El Neoliberalismo es un Fascismo» Nuevatribuna (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  4. (Ingelesez) «Jean Ziegler — Los Nuevos Amos del Mundo» Issuu (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  5. Studies in Comparative International Development. Springer Science and Business Media LLC (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  6. Neoliberalism: From New Liberal Philosophy to Anti-Liberal Slogan. Studies in Comparative International Development, 137-161 or..
  7. «PENSAMIENTO POLÍTICO Y ECONÓMICO EN EL SIGLO XIX.» web.archive.org 2010-03-30 (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  8. The road from Mont Pèlerin : the making of the neoliberal thought collective. ISBN 978-0-674-05426-4. PMC 648757486. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  9. (Gaztelaniaz) «El mito del neoliberalismo» elcato.org 2004-09-29 (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  10. Neoliberalismo, características y efectos - Economía Crítica y Crítica de la Economía. (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  11. a b Reitan, E. A. (Earl Aaron), 1925-. (2003). The Thatcher revolution : Margaret Thatcher, John Major, Tony Blair, and the transformation of modern Britain, 1979-2001. Rowman & Littlefield ISBN 0-7425-2202-4. PMC 50006501. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  12. «Wayback Machine» web.archive.org 2010-04-10 (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  13. (Gaztelaniaz) «Conformación de la ideología neoliberal en Chile (1955-1978) - Memoria Chilena» Memoria Chilena: Portal (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  14. «Statement on the Death of Walter Lippmann. | The American Presidency Project» www.presidency.ucsb.edu (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  15. (Gaztelaniaz) «La Sociedad Mont Pelerin: pasado, presente y futuro» Instituto Juan de Mariana 2016-10-04 (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  16. (Gaztelaniaz) Monbiot, George. «Neoliberalismo: la raíz ideológica de todos nuestros problemas» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  17. Neoliberal hegemony : a global critique. ISBN 978-0-203-09950-6. PMC 1082202560. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  18. (Gaztelaniaz) «El liberalismo entre dos milenios» elcato.org 1999-11-10 (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  19. (Gaztelaniaz) elEconomista.es. «Juan Ramón Rallo: "El FMI es una burocracia parida del keynesianismo que debería cerrar ya" - elEconomista.es» www.eleconomista.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  20. Neoliberalismoa edo egungo gizartea irudikatzeko zenbait zertzelada. Udako Euskal Unibertsitatea 1999 ISBN 84-8438-003-3. PMC 52408776. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  21. (Gaztelaniaz) Guiñazú, María Celia. (2015). Los usos de Friedman: estrategias lockeanas en la refundación neoliberal. Miríada: Investigación en Ciencias Sociales, Vol. 7, Nº. 11, 91-120 or..
  22. Nozick, Robert.. (2014). Anarquía, estado y utopía. InnISFee ISBN 978-1-909870-18-5. PMC 913113942. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  23. (Gaztelaniaz) «John Rawls» Letras Libres (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  24. (Gaztelaniaz) Serrano Gómez, Enrique. (2014). ¿Libertad negativa vs libertad positiva?. Andamios: revista de investigación social, Nº. 25, 217-241 or..
  25. a b Johnson, Bruce. (2007-11). «http://press-files.anu.edu.au/downloads/press/p27481/pdf/ch0910.pdf» Talking and Listening in the Age of Modernity: Essays on the history of sound (ANU Press) ISBN 978-1-921313-47-9. (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  26. Palley, Thomas I.. (2014). Economía y economía política de friedman: una crítica desde el viejo keynesianismo. Investigación económica, Vol. 73, Nº. 288, 3-37 or..
  27. (Gaztelaniaz) Díez, María Sánchez. «Joseph Stiglitz: "No podemos confiar en el sector financiero, si no lo regulamos, engañarán, se aprovecharán de la gente"» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  28. Fukuyama, Francis.. (D.L. 1995-1996). El fin de la historia y el último hombre. Planeta-Agostini ISBN 84-395-4401-4. PMC 433607302. (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  29. (Gaztelaniaz) Aguiló Bonet, Antoni Jesús. (2012). Democracia y hegemonía en la época del neoliberalismo globalizado: reflexiones críticas. Astrolabio. Revista internacional de filosofía, Núm. 13, 17-26 or..
  30. (Portugesez) «“Vivimos en sociedades políticamente democráticas pero socialmente fascistas”. Entrevista con Boaventura De Sousa Santos» www.ihu.unisinos.br (Noiz kontsultatua: 2019-11-30).
  31. (Gaztelaniaz) Manuel Casal Lodeiro. (2022-01-28). La teocracia del crecimiento - Viento Sur. (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  32. (Gaztelaniaz) Manuel Casal Lodeiro; Casdeiro. (2021-02-18). «Y ¿quién combate la peor de las pseudociencias?» De(s)varia materia (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  33. (Ingelesez) «How economics became a religion | John Rapley» the Guardian 2017-07-11 (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  34. (Gaztelaniaz) «La visión futura de Jeff Bezos sobre la vida de la humanidad en la Tierra» Mundo Deportivo 2021-11-19 (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: https://eu.wikipedia.org/wiki/Neoliberalismo

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy