Content-Length: 68306 | pFad | https://eu.wikipedia.org/wiki/Txikipedia:Ordezko_energia

Txikipedia:Ordezko energia - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ordezko energia

Eguzki energia lortzeko instalazioa

Ordezko energia edo energia alternatiboa kutsatzen ez duten iturburu agorrezinetatik datorren hori da. Alternatibo edo ordezko esaten zaie erregai fosiletan oinarritutako energia-iturrien ordez erabiltzekoak direlako, batez ere petrolioaren eta ikatzaren ordez, hauek oso kutsagarriak direlako. Ordezko energia edo energia alternatiboen iturriak eguzki-energia, haize-energia eta ur-energia dira. Horiei eta agortu ezin diren beste energia-iturri batzuei berriztagarriak edo berdeak esaten zaie.

Zergatik da beharrezkoa ordezko energia edo energia alternatiboa?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mende bukaeran bestelako energia-iturriak bilatzen hasi ziren ibilgailu motordunentzako, etxeak berotzeko eta kaleak eta eraikinak argiztatzeko. Jendea konturatu zen energia-iturri tradizionalek, hala nola ikatzak, petrolioak eta energia nuklearrak, baliabide naturalak agortu eta ingurunea kaltetzen zutela.

Erregai fosilak, esaterako petrolioa, ikatza eta gas naturala, kopuru mugatuan daude Lur planetan eta noizbait agortu egingo dira. Erregai fosilek, gainera, erretzen direnean karbono dioxidoa isurtzen dute atmosferara. Izatez, zientzialariek uste dute horrek berotze globala areagotzen duela. Erregai fosilak erretzean karbono dioxidoaz gain beste kutsagarri batzuk ere isurtzen dira atmosferara, karbono monoxidoa eta nitrogeno dioxidoa kasu.

Energia nuklearra erregai fosilak baino energia-iturri garbiagoa da, baina baditu bere arazoak ere. Erregai nuklearretik energia askatzen denean hondakin erradioaktibo arriskutsuak sortzen dira.

Zeintzuk dira energia-iturri alternatiboak?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Energia-iturri alternatibo gehienak berriztagarriak dira; horrek esan nahi du, erregai fosilak ez bezala, ez dela espero agortuko direnik. Horien adibide dira eguzkia, ibai eta ozeanoak, Lurraren barreneko beroa eta bioerregaiak. Energia-iturri horiek argindarra sortzeko, ura berotzeko eta, kasu batzuetan, ibilgailu motordunak mugiarazteko erabil daitezke.

Eguzki-energia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzkiak sortutako beroa eta argia energia-iturri itzelak dira. Hainbat teknologia garatu dira energia hau probestu eta argindarra eta beroa sortzeko.

Haize- eta ur-energia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haize-errota baten hegalak mugitzean, haize-energia energia elektriko bihurtzen dute sorgailu deitutako makina baten bidez. Haize-errotak banaka edo multzoka jarri daitezke, eta multzokatutako haize-errotei parke eoliko esaten zaie.

Bide beretik, ibaietatik eta ozeanoetatik argindarra lor daiteke. Ibai bateko presa batean zehar doan urak ur-errotak mugitzen ditu eta horrela argindarra sortzen da. Horri ur-energia, energia hidrauliko edo energia hidroelektriko esaten zaio. Olatuetatik ere argindarra lortu daiteke ozeanoan jarritako sorgailuei esker. Lortutako energia kopurua olatuen tamainaren, indarraren eta maiztasunaren araberakoa izango da.

Energia geotermikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Energia geotermikoa Lurraren barrenetik datorren beroa da. Zenbait tokitan, Islandian adibidez, bero hori hain dago gainazaletik gertu non erraza baiten energia-iturri gisa erabiltzea. Beste toki batzuetan lurra eta arroka zulatu behar dira bero hori erabili ahal izateko.

Ibilgailu motordunentzako ordezko energia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Biodiesela erabiltzen duen autobusa

Ibilgailu motordun gehienek erregai fosilak erabili dituzte orain arte, hau da, gasolina eta gasolioa. Baina orain kontua aldatzen hasia da. Ordezko erregai bat gas naturaletik lortzen den petrolio-gas likidotua da. Alabaina, gas naturala erregai fosila da eta, hortaz, ez da berriztagarria. Erregai berriztagarri mota bat etanola da, artoa eta beste zereal batzuekin egiten dena. Beste erregai berriztagarri bat biodiesela da, olio-landareetatik lortzen dena. Aipatutako etanola eta biodiesela bioerregaiak dira, hau da, landare edo animalietatik lortzen diren erregaiak.

Egungo ibilgailu motordun batzuek bateriak edo erregai-pilak erabiltzen dituzte. Erregai-pilak ohiko baterien tankerakoak dira, baina askoz ere gehiago irauten dute. Hidrogenoa erabiltzen dute argindarra sortzeko. Erregai-pilak espazio-ontzietan eta zenbait eraikinetan ere erabiltzen dira.

Zer arazo dago energia alternatiboekin?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsonek eta industriek denbora luzez behar-beharrezko izan dituzte erregai fosilak. Horregatik, ordezko energiak erabiltzen hastea garestia da aldaketa handiak egin behar direlako egungo sistemetan. Maila handiko aldaketak egiteko, gobernuek eta enpresek dirua jarri behar dute.

Horrez gain, ordezko energiak lortzeko teknologia batzuk nahiko berriak dira oraindik eta gehiago ikertu eta garatu behar dira. Dena dela, iturri horiek ezinbestekoak izan daitezke beste baliabideak agortutakoan energia lortzeko.









ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: https://eu.wikipedia.org/wiki/Txikipedia:Ordezko_energia

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy