Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles
CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarrilesen sigla), egoitza Beasainen (Gipuzkoa) duen trengintzako enpresa bat da, herri horretan 1917an sortua. Urteak daramatza munduko leku askotarako era askotako trenak diseinatzen, fabrikatzen eta mantentzen. Eskumendeko 45 enpresa ditu mundu osoan.[1]
Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles | |
---|---|
Datuak | |
Izen laburra | CAF |
Mota | negozioa, enpresa eta kapital irekiko enpresa |
Jarduera sektorea | manufaktura eta rolling stock manufacturing (en) |
Herrialdea | Espainia |
Jarduera | |
Enplegatuak | 2.000 |
Ekoizpena | |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Legezko forma | sozietate anonimoa |
Balore-burtsa | Madrilgo burtsa |
Historia | |
Sorrera | 1917 |
Jasotako sariak | |
webgune ofiziala |
Historia
aldatuSozietatea 1917an sortu zen, Compañía Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) izenarekin, Beasaingo bi fabrika elkartuta: La Máquina Guipuzcoana (1892koa zen), eta Fábrica de Vagones, geroztikoa. Kargarako bagoiak fabrikatzen espezializatu zen. 1954an, Material Móvil y Construcciones erosi zuen; Zaragozako enpresa horrek ibilbide luzeko trenak egiten zituen. 1971n, bi enpresak —Compañía Auxiliar de Ferrocarriles eta Material Móvil y Construcciones— batu ziren, eta gaur egungo izena hartu: Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles.[1]
1990ean, AVE trenaren Madril-Sevilla lineako trenak egiteko eskaera bereganatu zuen CAFek. 1992an, nazioarteko merkatuetara zabaltzeari ekin zion.[1]
2014ko azaroaren 25ean jakin zenez, CAF buru zuen kontsortzio batek 690 milioiko kontratua lortu zuen Mexiko Hiria Tolucarekin lotzeko tren proiektu batean, eta CAFi esleipeneko diru osoaren % 49 zegokion[2]. Bestalde, Herbehereetan NS tren kudeatzailearen lehiaketa ere irabazi zuen: 510 milioiko kontratua[3].
Abenduaren 4an, CAFek 500 milioi euroko kontratua Herbeheretan sinatu zuen eta 118 tren egingo zituen NS enpresarentzat. Europan lortutako kontratu handiena zen[4].
Abenduaren 10ean jakin zenez, CAFek hamasei tranbia saldu behar zizkion Saint-Étienne hirian, 42 milioi euroren truke[5].
Abenduaren 26an ezagutzera eman zen CAFek 339.777 euro ordaindu behar zituela kalte-ordain gisa, amianto kasu batengatik[6].
2021eko ekainaren 29an iragarri zen CAFek kontratu bana eskuratu zuela Sydney eta Anberesko tranbiak egiteko, beste zenbait kontratu ere bereganatu ondoren; aldiz, Talgo espainiar konpainiak Ingeteamen eskuetan utzi zuen trenen eraikuntza.[7]
Enpresaren instalazioak
aldatuBeasaingo fabrika
aldatuEnpresaren egoitza eta instalazio nagusia Beasaingo CAF fabrika da: 1600 langile ditu, eta 442.900 m2 hartzen ditu guztira (horietatik 180.800 m2 estalita daude).[8] Beasaingo eta Goierri osoko fabrika nagusia da, eta inguruko herrietan Fabrika Haundie ezizenaz ezaguna da («fabrika handia», Goierriko euskaran). Inguruko beste enpresa txikiago askok CAFentzat lan egiten dute. CAF enpresa, gainera, Beasainen sortu zen, 1917an, Errusiako Iraultzak mundua astindu zuen urte zalapartatsuan, Europako Gerra Handiaren garaian. Urte hartan, Fábrica de Vagones fabrikak Oria ibaiaren ertzean zituen lantegiak errentan hartuta, 1860an eraikitako lantegi multzo handi bat eskuratu zuen CAFek.[9]
Beasaingo CAF fabrika aitzindari da lantokietan euskara normalizatzearen arloan. Izan ere, 1995az geroztik, euskara normalizatzeko plan bat aurrera darama, lantokietan euskararen jakintza eta erabilera bultzatzeko asmoz. Azken batean, «CAFen euskara eguneroko jarduneko hizkuntza izatea eta naturaltasunez eta erraz erabiltzea» lortu nahi dute.[10]
Instalazioak, munduan zehar
aldatuZortzi ekoizpen instalazio nagusi ditu gaur egun: Beasaingoa, Zaragozakoa, Irungoa, Elmirakoa (New York, AEB), Linareskoa, Castejóngoa, Lleidakoa eta Suresneskoa. Gainera, konpainiak duen esportatze jarduera indartsuaren ondorioz, muntatze edo mantentze lanak egiteko instalazioak ere baditu hainbat herrialdetan:[11]
Instalazioak | Jarduerak |
---|---|
Sacramento (AEB) | Eskualdeko tren arinak muntatzea eta mantentze lanak egitea |
Mexiko Hiria (Mexiko) | Mantentze lanak |
São Paulo (Brasil) | Mantentze lanak |
Buenos Aires (Argentina) | Mantentze lanak |
Lisboa (Portugal) | Mantentze lanak |
Londres (Erresuma Batua) | Mantentze lanak |
Finantzetako informazioa
aldatuGaur egun, sozietate kapitala 10.318.505,75 euro da, eta 3,01 euroko balio nominaleko 3.428.075 akzioz osatuta dago. Akzio horiek kontu-idazpen bidez ordezkatuta eta guztiak harpidetuta eta ordainduta daude. Guztiek burtsan kotizatzen dute. CAFen akzioek Madrilgo, Bartzelonako, Bilboko eta Valentziako merkatuetan kotizatzen dute, etengabeko merkatuko atalean. Sozietateak sozietate kapital berari eutsi dio azken hiru ekitaldietan.
CAFen proiektuak, munduan
aldatuMetroak
aldatuMetro arinak/tranbiak
aldatuBezeroak
aldatuCAFek hainbat bezero ditu Espainian eta munduko hainbat tokitan. Jasotako azken enkarguetako bati erantzuteko, Mexiko Hiriko metrorako unitate berriak fabrikatuko ditu.
- Renfe (Espainiako trenbide garraioko operadorea)
- MTR (Hong Kongeko metroa)
- Washingtongo metroa
- Madrilgo metroa
- Port Authority of Allegheny County (Ameriketako Estatu Batuetako Pennsylvania estatuko Allegheny konderriko portu agintaritza)
- Iarnród Éireann (Irlandako trenbide garraioko operadorea)
- Ferrocaril Suburbano de le Zona Metropolitana de México (Mexiko Hiriko metropolitar eremuko metroa)
Lantokietan euskararen erabilera normalizatzearen alde
aldatuBeasaingo CAF fabrika aitzindari da lantokietan euskara normalizatzearen arloan, eta Irungo fabrikan ere horretan lanean dihardu CAFek. 2005eko abenduan, erakunde urrats garrantzitsua egin zuen CAFek: ordu arte bildutako esperientzian oinarrituta, hizkuntza politika propioa onartu zuen CAFeko zuzendaritzak. Hizkuntza politika parte-hartzailea da, CAFen Beasaingo eta Irungo lantegietako hizkuntzen erabilera zehazten eta arautzen duena, euskarari bultzada eta babesa emateko asmoz. Horretarako, langileak motibatzen eta sentiberatzen ditu, euskaraz aritzeko ahalmena duten langileen kopurua handitzen, eta langileek euskara naturaltasunez eta erraz erabiltzeko aukera errealak sortzen.[12]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c «CAF, fabricante español con éxito internacional», AVE trenaren webgunean.
- ↑ Jon Fernandez, «CAF buru duen kontsortzioak 690 milioiko kontratua lortu du Mexikon», Berria, 2014-11-25
- ↑ «850», Berria, 2014-11-30
- ↑ Xabier Martin, «CAFek sinatu du 500 milioiko kontratua Herbeheretan», Berria, 2014-12-05
- ↑ «CAFek hamasei tranbia salduko ditu Saint Etienne hirian 42 milioi euroan», Berria, 2014-12-11
- ↑ «CAFek 339.777 euro pagatu behar ditu kalte-ordain gisa», Berria, 2014-12-27
- ↑ Aranburu, Iker. «CAFek tranbiak egingo ditu Anberes eta Sydney hirietarako» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-29).
- ↑ Beasaingo fabrikari buruzko orria, CAF enpresaren webgunean.
- ↑ Elena Legorburu Faus (1995): «Fabrika Haundie»: Beasaingo Construcciones y Auxiliar de Ferrocarrilesen historia, Beasaingo Paperak bilduma, 5. zenbakia, Beasaingo Udala, 1995.
- ↑ Naiara Exposito: «CAF eta Montte euskara planetan», Argia, 2140. zenbakia, 2008-06-08.
- ↑ Enpresaren instalazioei buruzko orria, CAF enpresaren webgunean.
- ↑ CAFeko Euskara Zerbitzua: «CAFeko Hizkuntza Politika Orokorra», Iritzi-muinetik, 2010-11-19.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu