Diplomazia
Diplomazia da antolamendu edo prozedura bat nazioarteko harremanak ezarri eta mantentzeko, hitzarmen eta negoziazioen bidez, eta estatuak nazioarteko esparruan ordezteko.[1] Diplomazian lan egiten dutenei diplomazialari esaten zaie.[2]
Erabilera informal batean, diplomaziak aipatzen du pertsona baten gogatzeko trebetasuna eta, hedaduraz, auzi delikatu bati irtenbide bat emateko dohaina, gatazka nabarmenik lehertu gabe.
Definizioak
aldatuDiplomaziaren kontzeptuak adiera desberdinak har ditzake, garatu nahi liratekeen helburu arnas handiagoko edo txikiagokoen arabera, eta haren bitartez garatzen diren praktiken arabera. Honela definitu ohi da diplomazia:
- «Herrialde burujabeen arteko harremanen kudeaketa profesionala» (Raymond Cohen).[3]
- «Sen ona eta ulermena nazioarteko harremanetan aplikatuta. Adimena eta sotiltasuna erabiltzea estatu independenteetako gobernuen arteko harreman ofizialen norabidean» (Harold Nicolson).[4]
- «Nazioarteko harremanak negoziazioaren bitartez bideratzea, ez indarraren, propagandaren edo zuzenbidearen bidez, eta beste bide baketsu batzuen bitartez, besteak beste, informazioa bilduz edo borondate onak sorraraziz, ekintzok zuzenean edo zeharka negoziazioa sustatzeko diseinatuta. Jarduera funtsean politiko bat eta nazioarteko sistemaren erakunde bat» (G.R. Berridge).[5]
- «Estatu bati nazioarteko zuzenbidearen beste subjektu batzuekiko harremanak bideratzen laguntzen dioten arau eta metodoen multzoa, bakea sustatzeko eta pentsamolde unibertsala lantzeko xede bikoitzarekin, aipatutako subjektuekiko lankidetza sustatuz eremu ugaritan» (José María Cantilo).[6]
Praktika diplomatikoa Grezia klasikoan hasi zen, eta nazioarteko harremanen hazkundearen arabera bilakaera sakon bat izan zuen. Prozesu hori areagotu egin zen Aro Garaikidean. Praktika diplomatikoaren garrantzia ikusten ahal da enbaxadoreek bete ohi dituzten funtzioen aldakortasunean: informazio fidagarria sortu, gerta daitezkeen desadostasunak gutxitu eta estatu subiranoen arteko adiskidetasunezko harremanak sustatu.[7]
Lau diplomazia mota bereizi ohi dira: alde biko diplomazia, ad hoc diplomazia, zuzeneko diplomazia eta diplomazia aldeaniztuna.
Kontzeptuaren etimologia eta historia
aldatuDiplomazia hitza diploma hitzarekin lotuta dago, egintza juridikoaren zentzuan, haren eratorpen bat da. Jatorrian den latinezko diploma hitza, bere aldetik, grezierazko δίπλωµα hitzaren mailegu bat izan zen; «tolestua» esan nahi zuen, dokumentu ofizialak tolestuta bidaltzen baitziren, edukia inoren bistatik kentzeko.[8]
Diploma, izatez, dokumentu ofizial bat da, «gomendiozko gutun bat edo lizentzia edo pribilegio bat ematen zuena»,[9] erakunde politiko burujabe bateko agintari gorenak beste bateko agintariei bidalia, jakinarazteko dokumentuaren eramaileak ordezkaritza ofizialeko funtzioak betetzen zituela eta hartzailearen jurisdikzioan pribilegio batzuk eskatzeko. Era horretako dokumentuen ezaugarria zen tolestuta joaten zirela,[10] baita josita ere batzuetan,[11] edukia igorlearen eta hartzailearen arteko komunikazio pribatua zelako. Plegua edo diploma zeramana ipso facto diplomazialari bihurtzen zen.[12] Eboluzio prozesuan, diploma («bi zatitan tolestutako gutuna») zeraman pertsona batek mesede edo pribilegio bat lortzen zuen dokumentu ofizialaren bidez, edo, probintzietara zihoanean, bere jatorrizko estatuak gomendatuta egiten zuen.[13]
Mende batzuk geroago, frantsesez eta ingelesez erabiltzen hasi zelarik, diplomazia terminoak zabaldu egin zuen bere hedadura, erregeren arteko dokumentu ofizialen erabilerarekin zerikusia zuten beste jarduera batzuetara. Frantzian, diplomatie hitzak adierazten zituen «kantzilergoek jaulkitako dokumentu solemne guztiak, batez ere erregeren arteko akordioak zituztenak». Ez da nahasi behar diplomatika terminoarekin, agiri ofizialak edo diplomak egiaztatzeko eta sailkatzeko zientzia, Europan res diplomatica esaten zena, eta «ezinbestekoa edozein kanpo zerbitzu eraginkorren funtzionamendurako».[4]
XVIII. mendearen amaieran hasi ziren erabiltzen Frantzian diplomatie eta Erresuma Batuan diplomacy, diplomat eta diplomatist hitzak,[14] «gobernuen ofizialen bidez nazioen arteko harremanak eta negoziazioak kudeatzea» adierazteko.[15] Geroztik, ikerlarien artean adostuta dago diplomazialari bat dela «estatu baten izenean negoziatzeko baimena duena».[8]
Aro garaikidean ezagutzen den diplomazia Pizkundean sortu zen, ordura arte estatu bakoitzak bidaltzen zituen ordezkariak negoziatzeko ahalmenik gabeko mezulariak baino ez zirenez.[16] Aro modernotik aurrera, estatuen zuzenbidearen teorizazioarekin (ius gentium), diplomazia gerraren hautabide gisa lantzen hasi zen. Diplomazialari ospetsu bat Richelieu kardinala (1586-1642) izan zen, Frantziako Luis XIII.a erregearen lehen ministroa. Berak finkatu zuen «estatu arrazoi» kontzeptua, estatuaren eta lurraldearen segurtasuna beste xede batzuen gainetik lehenesten duena.[17]
Misio diplomatikoen tipologia
aldatuDiplomazia sekretua
aldatuLehen Mundu Gerrara arte, diplomazia sekretuak iraun zuen, normaltzat eta desiragarritzat jotzen baitzen estatuen arteko akordioak, hitzarmenak edo itunak isilpean egitea, ez zezaten haien berririk izan ez beste estatuek, ez barne iritzi publikoak.[18] Alabaina, Wilsonen Hamalau Puntuak onartu eta Lehen Mundu Gerra amaitu zenetik, diplomazia irekia nagusitu zen nazioarteko harremanetan.[19]
Diplomazia sekretua diplomazia modu bat da, Lehen Mundu Gerra amaitu arte iraun zuena. Lehen Mundu Gerra amaitu arte, arrunta zen estatu burujabeen arteko konpromisoak sekretupekoak izatea. Woodrow Wilson Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eginkizun nabarmena eta oso aktiboa izan zuen diplomazia sekretua debekatzeko.[20] Diplomazia irekian, aldiz, araua da nazioarteko itunak publikoak izatea, nahiz eta, jakina, eratzen eta negoziatzen ari diren bitartean behar adinako zuhurtasunez kudeatu behar diren.[21]
Aldebiko diplomazia
aldatuEstatuen artean
aldatuAlfredo Eisenberg nazioarteko zuzenbidearen adituaren arabera, misio diplomatiko iraunkorrak dira bi estatuen ―bidaltzailea eta hartzailea― arteko ordezkaritzaren multzoa.[22] Misio iraunkorra organo bat da, zeinak bere gain hartzen ahal baituen estatu baten ordezkaritza osoa, funtzio, jarduera eta botere guztiak bildurik, denbora mugagabez.
«Ordezkaritza multzo» hori osatzen da elementu materialekin (kontsulatuak, bulegoak, artxiboak, dokumentuak, ibilgailuak eta beste ondasunak) eta lantalde batekin (enbaxadoreak, kontsulak eta bestelako funtzionarioak), bai eta horiek arautzen dituen estatutu juridiko bereziarekin ere, zeinak misioaren eta lankideen eskubideak eta betebeharrak ezartzeaz gain, estatu egiaztatzailearekiko eta hartzailearekiko harremana ere arautzen baitu.[23]
Estatuen arteko misio diplomatiko iraunkorren funtzioak definitu ziren ―nahitaez betetzeko araua ez bada ere― Harreman Diplomatikoei buruzko Vienako Hitzarmenean (1961), hain zuzen ere 3. artikuluan: estatu egiaztatzailea ordezkatzea, estatu egiaztatzailearen eta beraren herritarren interesak babestea, bi aldeen negoziazioak kudeatzea, estatu hartzailearen baldintzak eta gertaerak zilegizko bitartekoez behatzea, ondoren haren berri emateko, lagunarteko harreman diplomatiko, zientifiko, ekonomiko eta kulturalak sustatzea eta garatzea, eta abar.[24]
Nazioarteko erakundeen aurrean
aldatuNazioarteko erakundeen aurreko misio diplomatiko iraunkorrak dira erakundearen estatu kide batek haren aurrean eta gainerako estatu kideen aurrean daukan organoa, jarduera diplomatikoaren ordezkaritzaz eta kudeaketaz arduratzeko. Misio behatzaile iraunkorra modu berean definitu daiteke, baina bere zereginak mugatuagoak dira, erakundeko kide ez den estatu baten ordezkaritza baitu.[25]
Nazioarteko erakundeen aurrean eratutako misioen funtzioak Vienako Hitzarmenaren 6. artikuluan zehazten dira: estatu bidaltzailearen ordezkaritza, negoziazioa, behaketa eta informazioa, bere interesen babesa eta erakundearekiko lotura.[26]
Diplomazia ad hoc
aldatuDiplomazia iraunkorraz gain, ad hoc diplomazia aipatzen da misio partikularrak direnean. Ad hoc bidalitako diplomazialariei ordezkaritza jakin bat ematen zaie denbora mugatu baterako eta zeregin zehatz baterako. Haren misioa eta iraupena, zabalak zein mugatuak izan, estatu hartzailearekin ituntzen dira. Halako misio bereziak New Yorken 1969an eratutako Misio Bereziei buruzko Hitzarmenean arautzen dira.[27]
Misio diplomatiko berezien funtzioak «estatu bidaltzailearen eta hartzailearen arteko adostasunak zehaztuko ditu». Misio berezien jarduerak honela sailkatzen dira: funtzio protokolarioak (omenaldiak egitea, gobernu aldaketa batean ekitaldian parte hartzea, errege ezkontza batera joatea...), funtzio teknikoak (arrantza jarduerak, jarduera militarrak, komertzialak eta abar koordinatzea...), funtzio politikoak (estatuen nazioarteko ekintza koordinatzea, itun bat sinatzea, aliantza bat bideratzea...) eta funtzio tekniko eduki nabarmenekoak edo eragin politiko handikoak gauzatzea, hala nola muga bat zehaztea.[28]
Ordezkaritza bereziak bidaltzen direnean biltzar batera, erabaki organo batera edo nazioarteko konferentzia batera, funtzioak haien izaeraren eta deialdiaren arrazoiaren araberakoak izan ohi dira. Ad hoc ordezkaritza diplomatiko baten eginkizuna da bidaltzen duen estatua ordezkatzea dena delako biltzar, bilera edo eztabaidetan.
Diplomazia aldeaniztuna
aldatuDiplomazia aldeaniztuna XIX. mendean sortu zen Vienako Batzarrean (1815). Era honetako jarduera diplomatikoak funtsezko zeregina izan du nazioarteko hainbat itun sinatu ahal izateko, bai eta Nazio Batuen Erakundearen gisako erakundeetan ere, besteak beste. Aldebiko diplomazian ez bezala, bi estatu baino gehiagoren arteko harremanei buruzkoa da. Iraunkorra edo aldi baterakoa izan daiteke; lehena nazioarteko erakundeen bidez egiten den jarduera diplomatikoa da; bigarrena, berriz, nazioarteko konferentzien bidez egiten da.[29]
Hirien diplomazia
aldatuHirien artean diplomazia diziplina zabal bat dago garatua, estatuen mendeko jarduera diplomatiko bat izan arren, hiriek hedatzen dutena nazioarteko maila batean, beste herrialdeetako hiri edo eragile batzuekin harremanak izateko, eta hiriaren interesak babesteko beste hiri batzuekin elkarlanean.[30] Mundu globalizatu batean, hiriak funtsezko eragile bihurtu izan dira garapen eremu guztietan, gogoan hartuta munduko biztanleen % 55,7 hiriguneetan bizi dela.[31] Hirien diplomaziaren ezaugarria da garrantzi handiko alde anitzeko antolaketak sortzea.[32]
Agente diplomatikoa
aldatuDiplomazialaritzat hartzen da estatu bat (egiaztatzailea) beste estatu batera (hartzailea) bidaltzen duen agentea, bien arteko harremanak garatzeko. Jarduera diplomatikoa gauzatzeko arauak, batez ere, ohiturazkoak izan ohi ziren, harik eta 1961eko apirilaren 18an Harreman Diplomatikoei buruzko Vienako Hitzarmena sinatu zen arte. Hitzarmenak zuzenbide diplomatikoa kodetu zuen, bi aldeko misio diplomatiko iraunkorrei dagokienez eta horrela garatutako harremanei dagokienez.[33] Ordura arte, alde biko harreman diplomatikoak nazioarteko ohituraren bidez arautzen ziren, eta, geroztik ere, hitzarmena izenpetu gabeko estatuek hala jarraitzen dute.
Nazioarteko zuzenbide publikoaren elementu horren arabera, funtzio arruntak daude: estatu bidaltzailearen interesak babestea estatu hartzailean; adiskidetasun harremanak sustatzea, kontsul funtzioak betetzea, eta abar. Salbuespenezko funtzio gisa, estatu hartzailean hirugarren estatu baten interesak babestea, edo hirugarren estatu bat ordezkatzea, estatu hartzailean ordezkaritzarik ez duena. Hala egin ohi dute, adibidez, estatu txikiek, kostu arazoengatik: estatu adiskide handiago baten esku uzten dute ordezkaritza diplomatikoa.[34]
Misio diplomatikoaren osaera
aldatuMisioburua
aldatuVienako Hitzarmenak arau batzuk ezarri zituen agente diplomatikoen arteko lehentasun arazoak arautzeko zeremonia ofizial batean; labur esanda, nor egon behar den aurrerago eta nor atzerago. Antzina, enbaxadoreek uste zuten zeremonia ofizial batean izan behar zuten lekua erabaki behar zela norberaren erregearen garrantziaren arauz; hau da, subjektibotasuna nagusitzen zenez, etengabeko gatazkak sortzen ziren.[35]
Vienako Hitzarmenaren 14. artikuluak misioburuaren kategoria hiru mailatan banatzen du:
- Lehen maila bat dago, enbaxadoreena edo nuntzio apostolikoena, estatuburuek akreditatutakoak.
- Bigarren maila bat da, bidali bereziena, ministroena edo nuntzioena, baita ere estatuburuek akreditatuta.
- Hirugarren maila bat da gai jakinen arduradunena, kanpo harremanetarako ministroek akreditatuta.
Maila berean, erabakigarria da izendapenaren antzinatasuna herrialde hartzailean. Estatuek zehazten dute, haien artean, zein mailatan egon behar duten misioburuek. Estatu hartzaileek misioburuen artean maila bereizketak egiten dituzte soilik lehentasuna eta etiketa ezinbestekoa den ekitaldietan. Hitzarmenaren 14. artikuluan aipatzen diren lehentasun kontuak misioburuei bakarrik dagozkie. Gero, 17. artikuluak zehazten du misio diplomatiko bakoitzeko kideen lehentasun hurrenkera estatu bidaltzaileak berak ezartzen duela, eta estatu hartzaileko kanpo harremanetarako ministerioari jakinarazi behar diola. Misioburu batek ezin du beste kargurik hartu, estatu hartzailearen aldez aurreko adostasunik ez badu. Misioburu batek bere eginkizunak hartzen dituenean, bere egiaztagiriak aurkeztu behar ditu, zeinen bitartez estatu hartzailean ordezkaritza ematen baitio bere estatuak. Vienako Hitzarmenak berretsi egin zuen 1920az geroztik hedatutako nazioarteko praktika bat: misioburu bakar batek zenbait estatu ordezkatzea. Hitzarmenaren 5. eta 6. artikuluek arautzen dute aukera hori, eta zehazten dute estatu hartzaileak bere adostasuna eman behar duela pertsona bera zenbait estatuk egiazta dezaten. Formula horri esker, estatu batzuetan, misio diplomatiko propio bat sortzeko kostua aurreztu dezakete, baina ordezkaritza izan.[36]
Misio diplomatikoko langileak
aldatuMisio diplomatikoak bere zereginak betetzeko behar diren langile guztiak biltzen ditu. Zenbait kategoriatan banatzen dira: alde batetik, agente diplomatikoak, estatu hartzaileak egiaztatuak (misioburu edo enbaxadorea, kontsulak); bestetik, pertsonal administratiboa eta teknikoa (atxikiak); eta, azkenik, misioko zerbitzari edo mirabeak. Estatu bidaltzailearen eta hartzailearen arteko akordio batek finkatzen ditu misioko langile kopuruak. Vienako Hitzarmenaren 11. artikuluaren arabera, estatu hartzaileak «eska dezake kopuru hori arrazoizko eta normaltzat jotzen den mugen barruan egotea».
Misio diplomatikoetako kideak gobernu bidaltzaileak bere kabuz hautatzen ditu, eta estatu hartzailearen gobernuari soilik jakinarazi behar dio izendapen hori. Hark, betiere, diplomaziako langile bat persona non grata izendatu dezake, eta, ondorioz, herrialde hartzailetik aterarazi. Askotan, praktika hori tentsio politikoaren zeinua izan ohi da, eta batez ere misioburuekin egin ohi da. Era berean, prozedura hori erabili ohi da misio diplomatikoko ardura apalagoko kideek legez kanpoko metodorik (adibidez, espioitza) erabili badute edo ekintza kriminal baten nahasi badira, diplomaziako kide gisa herrialde hartzailean ezin baitira epaituak izan.
Enbaxadorea
aldatuEnbaxadorea da misio diplomatiko baten burua. Lehen mailako funtzionario diplomatikoa da, eta misio iraunkorra du beste gobernu baten aurrean, hura bidaltzen duen estatu burujabearen ordezkari gisa, eta, gainera, bere estatuburuaren ordezkari gisa.
Antzina, enbaxadore «ohiz kanpoko» eta «ahalguztidun» izendapenak erabili izan ziren, aldi baterako misioen enbaxadoreak bereizteko enbaxadore iraunkorretatik. Era horretako izendapenek desadostasunak sortu izan zituzten, maila apalagoko eginkizunak iradokitzen baitzituzten.[37]
Kontsula
aldatuKontsula da estatu baten ordezkaria atzerriko hiri batean, ordezkatzen duen herrialdearen eta herritarren interesak babesteko zeregina duena. Maila goreneko bulego kontsularra kontsulatu orokortzat jotzen da, merkataritza jarduera handiko hiri batean kokatua gehienetan, kontsul orokor baten ardurapean. Harreman Kontsularrei buruzko Vienako Hitzarmenaren (1963) arabera, alboko kontsul orokorra, kontsul eta ohorezko kontsul karguak egon daitezke.[38]
Atxikia
aldatuAtxiki diplomatiko bat da egiaztapen diplomatikoa duen funtzionarioa, eta kanpo harremanetarako ministerioak ez beste ministerio batek ordezkaritza diplomatiko bati esleitua.[39]
Ad interim negozio arduraduna
aldatuAd interim negozio arduraduna ordezkaritza diplomatiko baten barruan hierarkiarik handiena duen funtzionario diplomatikoa da, enbaxadorea edo misioburua ordezten baitu behin-behingoz, hura ez dagoenean. Gehienetan, misioburuaren azpitik hurrengo mailan dagoen funtzionario diplomatikoak betetzen du kargua. Haren izena jakinarazi behar zaio estatu hartzailearen kanpo harremanetarako ministerioari edo nazioarteko erakundearen idazkaritzari, misioko burua joan aurretik.[40]
Immunitate diplomatikoa
aldatuImmunitate diplomatikoa da diplomazialari batek bere pertsonarengan eta bizi den eta ofizialki jarduten den herrialdean immunitatea edo bortxaezintasuna izatea; besteak beste, zergak ordaindu behar ez izatea; eta herrialde hartzaileko jurisdikzio zibilaren eta kriminalaren mende ez egotea. Onura horiek historikoki adostu izan ziren, kontuan hartuta diplomazialari batek beste burujabetza bat ordezten duela eta bere zereginak zilegitasunez bete ahal izateko eragozpenik ez duela izan behar.[41]
Immunitate diplomatikoa Harreman Diplomatikoei buruzko Vienako Hitzarmenak (1961) arautu zuen. Era berean, Harreman Kontsularrei buruzko Vienako Hitzarmenak (1963) immunitate eskubideak arautu zituen kontsulei eta ofizialki halakotzat aitortutako edozein funtzionario kontsularri dagokienez.[42]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > diplomazia» Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > diplomazialari» Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
- ↑ (Ingelesez) Cohen, Raymond. (1991). Negotiating Across Cultures: Communication Obstacles in International Diplomacy. United States Institute of Peace ISBN 978-1878379085. (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
- ↑ a b (Ingelesez) Nicolson, Harold. (1939). Diplomacy. London: Oxford University Press (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
- ↑ (Ingelesez) Berridge, Geoff R.. (1995). Diplomacy: Theory and Practice. California: Prentice Hall/Harvester Wheatsheaf (web.archive.org) ISBN 978-0134338897. (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) Cantilo, José María. (2005). Canciller Cantilo: la diplomacia argentina al servicio de la paz. Librería Histórica E.J. Perrot ISBN 978-9871206087. (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
- ↑ (Frantsesez) «Le Rôle d’un Ambassadeur» Ambassade et consulats des États-Unis au Canada (web.archive.org) 2023-03-30 (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
- ↑ a b (Ingelesez) «Diplomatics - Document Analysis, Authentication, Preservation» Encyclopaedia Britannica (www.britannica.com) (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
- ↑ (Ingelesez) The Concise Oxford Dictionary of English Etymology. (1. argitaraldia) Oxford University Press 1996-01-01 doi: . ISBN 978-0192830982. (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
- ↑ (Frantsesez) Cárcel Ortí, María Milagros; Commission internationale de diplomatique. (1994). Vocabulaire international de la diplomatique. Universitat de València ISBN 978-8437015200. OCLC .489715875.
- ↑ (Gaztelaniaz) Ortiz Mina, Pedro Habib. (2004). El nuevo rol de la diplomacia parlamentaria en Mexico: 1994-2002. México: Universidad Nacional Autónoma de México (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) Basave Fernández del Valle, Agustín. (1985). Filosofía del derecho internacional: iusfilosofía y politosofía de la sociedad mundial. Instituto de Invvestigaciones Jurídicas, Universidad Nacional Autónoma de México ISBN 978-9688375617. OCLC .14099437 (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Ingelesez) Lewis, Charlton T.; Short, Charles. (1985). A Latin Dictionary. Perseus Digital Library (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Ingelesez) «diplomacy» Online Etymology Dictionary (web.archive.org) 2023-05-01 (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Ingelesez) «Diplomacy | Definition & Meaning» Dictionary.com (web.archive.org) 2023-04-27 (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Ingelesez) Chaplais, Pierre. (1981-07-01). English Diplomatic Practice in the Middle Ages. A&C Black ISBN 978-0826438010. (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Frantsesez) Angoulvent, Anne-Laure. (1992). Hobbes ou la crise de l’État baroque. Presses Universitaires de France doi: . ISBN 978-2130443148. (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ Gottlieb, W. W.. (2021-03-31). Studies in Secret Diplomacy: During the First World War. Routledge doi: . ISBN 978-1003124467. OCLC .1235967578 (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Ingelesez) «President Woodrow Wilson's 14 Points (1918)» National Archives (web.archive.org) 1918-01-08 (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Ingelesez) «Milestones: 1914-1920» Office of the Historian (web.archive.org) 2024-01-05 (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Frantsesez) «Open Diplomacy» Institut Open Diplomacy (web.archive.org) 2024-05-02 (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) Eisenberg, Alfredo. Curso de derecho diplomático. Montevideo: Fundacion de Cultura Universitaria. OCLC .17695968 (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Frantsesez) Département fédéral des affaires étrangères, Confédération suisse. (2021-06-13). ABC de la diplomatie. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Frantsesez) Colliard, Claude-Albert. (1961). «La Convention de Vienne sur les relations diplomatiques» Annuaire Français de Droit International 7 (1): 3–42. doi: . ISSN 2105-2948. (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Frantsesez) «Missions permanentes» ONU Genève (web.archive.org) 2024-04-29 (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Frantsesez) Manin, Philippe. (1986). «La Convention de Vienne sur les accords entre Etats et organisations internationales ou entre organisations internationales» Annuaire Français de Droit International 32 (1): 454-473. doi: . ISSN 2105-2948. (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
- ↑ (Ingelesez) «Convention on special missions - New York, 8 December 1969» United Nations Treaty Collection (web.archive.org) 2023-12-19 (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ (Ingelesez) «Convention on Special Missions» Audiovisual Library on International Law (United Nations (web.archive.org)) 2023-08-21 (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ (Ingelesez) Jr, James P. Muldoon; Aviel, JoAnn Fagot. (2010-03-01). «Multilateral Diplomacy» Oxford Research Encyclopedia of International Studies doi: . ISBN 978-0190846626. (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ (Ingelesez) van der Pluijm, Rogier. (2007). City Diplomacy: The Expanding Role of Cities in International Politics. The Hague: Clingendael (web.archive.org) ISBN 978-9050311168. OCLC .212352481 (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ (Ingelesez) «Urban population (% of total population)» World Bank Open Data (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ (Ingelesez) «The City Diplomacy List» USC Center on Public Diplomacy (web.archive.org) 2022-11-10 (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Martín Arribas, Juan José. (2007). Derecho internacional: bases y tendencias actuales. Madrid: Entimema ISBN 978-8481986808. OCLC .434126424.
- ↑ (Ingelesez) Hong, Mark. (1995). «Small states in the United Nations» International Social Science Journal (unesdoc.unesco.org) XLVII, 2: 277-287.. ISSN 0020-8701. (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Garrido Pascual, Eduardo. (2021-12-09). «¿Detrás de usted? Problemas de protocolo en el Siglo de Oro» La Vanguardia (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ (Frantsesez) Confédération suisse. «Convention de Vienne sur les relations diplomatiques, conclue à Vienne le 18 avril 1961» Fedlex (Fedlex - La plateforme de publication du droit fédéral) (Noiz kontsultatua: 2024-06-09).
- ↑ (Frantsesez) «plénipotentiaire - Définitions, synonymes, prononciation, exemples» Dico en ligne Le Robert (web.archive.org) 2024-04-25 (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
- ↑ (Frantsesez) Nations Unies. (1963). «Convention de Vienne sur les relations consulaires» Collection de Traités (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
- ↑ (Frantsesez) Éditions Larousse. «Définitions : attaché» Dictionnaire de français Larousse (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
- ↑ (Ingelesez) Boczek, Boleslaw Adam. (2005). International law: a dictionary. Lanham: Scarecrow Press ISBN 978-0810850781. OCLC .56111661 (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
- ↑ (Frantsesez) Piquet, Caroline. (2014-06-05). «Cinq questions pour comprendre l'immunité diplomatique» Le Figaro.fr (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
- ↑ (Frantsesez) Ministère de l’Europe et des Affaires étrangères. (2022). «Privilèges et immunités diplomatiques et consulaires» France Diplomatie (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).