Gernika-Lumo
- Artikulu hau Bizkaiko udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gernika (argipena)».
Gernika-Lumo Bizkaiko erdialdeko udalerri bat da, Busturialdekoa. 2023. urtean 17.050 biztanle zituen.
Gernika-Lumo | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizkaia, Euskal Herria | |||||||||||
Gernikako arbola zaharraren enborra. | |||||||||||
| |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Bizkaia | ||||||||||
Eskualdea | Busturialdea | ||||||||||
Izen ofiziala | Gernika-Lumo | ||||||||||
Alkatea | Jose Maria Gorroño (Euzko Abertzaleak/EAJ) | ||||||||||
Posta kodea | 48300 | ||||||||||
INE kodea | 48046 | ||||||||||
Herritarra | gernikar, lumotar | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°19′01″N 2°40′36″W / 43.316944444444°N 2.6766666666667°W | ||||||||||
Azalera | 8,6 km² | ||||||||||
Garaiera | 10 metro | ||||||||||
Distantzia | 33 km Bilbora | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 17.050 (2023) 195 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 1.917,83 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | % 9,12 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 14,85 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 46,92 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 78,2 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % 2,84 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 12,09 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 66,55 (2010) | ||||||||||
Kaleko erabilera [2] | % 49.4 (2016) | ||||||||||
Etxeko erabilera [3] | % 55.11 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Sorrera | 1366 apirilaren 28 hiribildua. urtea | ||||||||||
Webgunea | http://www.gernika-lumo.net |
Gernika-Lumo udalerria XIX. mendean sortu zen, Gernika Lumorekin batu zen unean. Gernika izan da hainbat mendez Bizkaiko herrien batzarleku, eta gaur egun ere hantxe daude Bizkaiko Batzar Nagusiak. Izan ere, herri hartan dago Gernikako arbola, Gernikako haritza. Batzarretxea[4] eta Gernikako haritza Euskal Herriaren kondairaren ikur biziak dira, gaur egun, ekitaldi berezietarako erabiliak. Konparazio batera, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak eta Bizkaiko ahaldun nagusiak Gernikako haritzaren aurrean egiten diote zin karguari.
Espainiako Gerra Zibilaz geroztik, Gernika mundu osoan da ezaguna, Espainiako Bigarren Errepublikaren aurka matxinatutako faxisten zerbitzura ziharduen Kondor Legioak han egin baitzuen Gernikako bonbardaketa,[5] 1937ko apirilaren 26an. Espainiar faxistak sarraskiaren ardura besteri leporatzen ahalegindu ziren: errepublikanoen erasoa izan zela zioten. Horrela, demokrazia garaia heldu zen arte ezkutuan gordetzen zen gertakari historiko bat izan zen. Pablo Picasso margolariak, bere Gernika izeneko margolanarekin, sarraskiaren lazgarria mundu osoan zabaldu zuen, eta egia historikoa ezagutarazten lagundu.
Geografia
aldatuOka ibaiak itsasorako bidean sortutako Gernikako itsasadarraren sarreran dago Gernika, Urdaibaiko inguru naturalean.
Udalerri mugakideak
aldatuGernikak mugakide ditu iparraldean Forua, Kortezubi eta Arratzu; ekialdean Ajangiz; hegoaldean Muxika; eta mendebaldean Errigoiti.
Historia
aldatuHistoriaurrea
aldatuHistoriaurretik Gernikako ibarrak era guztietako aukerak eskaini dizkio gizakiari.
Gizakiak haranean utzitako santutegi nagusia Santimamiñe leizea da (Kortezubi); bertan, Historiaurrean, Madeleinetik bizi izan da jendea (15.000 K. a.). Santimamiñe santutegi nagusia da, bertan aurkituriko labar-pinturei esker; pintura horien kalitatea eta aberastasuna Altamiran (erlaitz kantauriarrean) aurkiturikoen antzekoa da.
Horrela, badakigu Gernikako ibarrean baso handiak izan zirela, eta horietan oreinak, basurdeak eta beste animalia batzuk bizi zirela, Santimamiñeko bizitza ekonomikoaren oinarria osatzen zuten animaliak.
Glaziazioen garaiaren ostean (K. a. 9.000), Paleolitoan sorturiko bizitza berria eratzen hasi zen: Maskor biltzaileen kultura. Horien elikadura, berriz, itsasadarrak eskainitako itsaskietan oinarritzen zen. Klima hobea zen, mendietako izotzak urtu egin ziren eta ondorioz, klima hotzetako animaliek beste lurralde batzuetara emigratu zuten. Janariaren beharra, beraz, itsasadarreko itsaskiekin bete zuten.
Neolitoan, K. a. 5.000. urtean, Santimamiñeko biztanleek ez zuten kobazuloa utzi, klima leunagoa bazen ere. Segurutik, garai horretarako, euskara eratzen hasi zen, orduko gizakien loturako eta komunikazioko tresnatzat.
Burdinaren kultura indoeuroparrak izandako eragina, beste alde batetik, lehenengo milurtekoaren hasierako mendeetan nabaritu zen, k.a. II. mendearen inguruan. Leku estrategikoetan ezarri eta tontor jakinak aukeratzen zituzten; horietatik, komunikazio bide nagusiak kontrolatzen zituzten, baita ibai nagusien bideak ere. Kultura horretako aztarnak ondoko herrixketan aurkituko ditugu: Marueleza (Nabarniz), Kosnoaga (Gernika) nahiz Iluntzar (Nabarniz) eta Gaztiburuko Santutegia (Arratzu).
Erromatarren garaiari dagokionez, Gernikako itsasadarra da, Bizkaiko lurraldearen barruan, aztarnarik gehien dituena: Morgako hilarria (IV. mendea), Foruko Haitzaren gauzak, Portuondoko kokagunea eta kostaldeko beste batzuk. Horiek berezko aldapetan daude, itsasadarraren ezkerreko hegalean, kabotajeko itsas-trafikoari lotuta, baita eremu horretako natur baliabideen ustiapenari lotuta ere (burdina eta marmol meatzeak).
Sorrera eta bilakaera
aldatu1051. urteko dokumentu batean aipatzen dira lehen aldiz Gernika eta Lumo. Erdi aroko garai horretan, Lumo herri bat zen, eta itsasadarrean kokatzen ziren etxe gutxi batzuetako multzoa eta portua, Lumoko auzo bat, hori zen Gernika[6].
Inguru horretan, On Tello kondeak Gernikako hiribildua sortu zuen 1366ko apirilaren 28an[7]. Jatorrian, hiribildua, batetik, Bermeotik Durangorako bideek, eta bestetik, Bilbotik Elantxoberako nahiz Lekeitiorako bideek osaturiko bidegurutzean kokatuta zegoen. Horrenbestez, leku estrategikoan kokaturik zegoen; kokaleku horretatik, gainera, bide horiek ez ezik, berezko bide bat ere igarotzen zen, itsasadarra alegia; bertara, itsasontziak Susoko Portua deritzonaren etxeraino iristen ziren. Sorrera horretan, hortaz, merkataritzari loturiko arrazoi batzuk ere egon ziren.
Gerora, Gernikak euskal hiribilduaren ohiko hirigintza-tipologia hartu zuen; zenbait kale paralelok osatzen zuten: Goienkalek, Azokekalek, Artekalek eta Barrenkalek, baita zeharkako kale batek ere, Santa Mariak. Halaber, hiriko barrutiaren muturretan kokaturiko elizak ere baziren.
Gernikako bizitzan ez zen aldaketa handirik izan, XVI. eta XVII. mendeetan, udal-arautegi zorrotza baitzen nagusiak ziren burges txikien pribilegioak zaintzeko.
XVIII. mendean plaza bat zegoen hirigunean, eta bertan Udaletxea, espetxe publikoa ere bazuen, Jaurerri osoko gaizkileak zigortzeko, baita Ospitale bat eta Erruki-etxea ere, bertako pobreak hartzeko. Gernikarraren eguneroko jarduerak nekazaritza (laborea, barazkiak eta fruta-arbolak), artisautza (errementariak, jostunak, zapatariak, lihoaren fabrikazioa...) eta merkataritza ziren (merkantzien garraioa eta salmenta).
Mende horiek izandako beste ezaugarri bat, bestalde, ondoko herriarekin izandako gatazka izan zen, Lumoko elizatearekin izandakoa alegia; gatazka hori jurisdikzio mailako arazoek eragin zuten, eta horiek ez ziren 1882ra arte konpondu, herri biak bildu eta Gernika-Lumo sortu zuten arte.
Industria XX. mendean iritsi zen. Biztanleriak etengabeko gorakada izan zuen: 4.500 biztanletik 6.000ra iritsi zen, 1936an.[8]
Gernikako muino txiki batean Batzarretxea eta Arbola daude. Euskaldunen arteko ohitura zaharra arbola baten azpian biltzea zen, batez ere haritz baten azpian, komunitate osoko interesak erabakitzeko (ohitura hori nahiko arrunta zen Erdi Aroko Europan). Bizkaiari dagokionez, lurralde administratibo bakoitzak (Merindadea) bere arbola zuen. Mendeen joanean, Gernikako arbola nagusitu zen, eta hori Lumoko elizatean zegoen; han Gernikazarra izeneko ingurua zegoen, bertan hariztia eta baseliza. Arbola horren azpian, Bizkaiko legeak idatzi izan ziren 1876ra arte; herri guztiek ordezkariak (batzarkideak) bidaltzen zituzten bilkuretara (Batzar Nagusiak). Demokrazia mota edota askatasuna errespetatzeko modu hori Rousseau filosofoak iruzkindu zuen, baita William Wordsworth olerkariak, Tirso de Molina dramaturgoak eta Iparragirre koblakariak ere (Gernikako arbola ospetsua).
Bizkaiko Jaurerria Gaztelako erreinuan sartu ondoren, errege gaztelarrak Gernikara joateko ohitura sartu zen, Bizkaiko Foruak errespetatzeko juramentua Arbolaren azpian egitearren. Francisco de Mendietak jaso zuen, "Eskumuina" izeneko koadro batean, Fernando Katoliko erregeak 1476ko uztailaren 30ean egindako Foruen juramentua. Karlos erregegai Borboia, karlistadetan, Gernikara joan zen, 1875eko uztailaren 3an, Foruen juramentua egitera. XIX. mendean zehar, Juntetxean bilera asko egin ziren, bai batzarretarako eta bai egintza politikoetarako.
Hiriaren bonbardaketa
aldatuEspainiako Gerra Zibilean, 1937ko apirilaren 26an (Astelehena), Hitlerrek Francoren armadari laguntzeko bidalitako Kondor legioko hegazkinek Gernika ia guztiz suntsitu zuten,[9] lau orduko bonbardaketan. Ondorengo gerretan hain ugariak izango ziren zibilen sarraskien saiakera izan zen.
1937an bertan, gertaera lazgarri hura gaitzat hartuta, Pablo Picasso margolariak Gernika margolana egin zuen, urte hartako Parisko erakusketa unibertsalean gerren zentzugabekeria mundu osoari erakusteko. Gaur egun koadro hori Madrilgo Sofia Erregina museoan aurkitzen da.
Gernika, bakearen sinboloa
aldatu1966an Gernikaren Sorreraren VI. Mendeurrena ospatu zen. Ospakizun horren oroigarria dugu Foru plazan dagoen D. Telloren monumentua (Agustin Herranz gernikar arkitektoaren lana).
1987an, bonbardaketaren 50. urteurrena bete zen, Hiri Martirien Munduko Elkartearen biltzarraurrearekin bat. Biltzarra, geroago, Madrilen egin zen, eta bertara mundu osoko ordezkariak bildu ziren. Harrezkero, Gernika-Lumo elkarte horren barruan dago. Hurrengo urtean, 1988an, Eduardo Txillida donostiar eskultorearen Gure Aitaren Etxea monumentua inauguratu zen; eta 1990ean, horren ondoan, Henry Moore ingeles eskultorearen Large Figure in a Shelter lana jarri zen. Bi monumentu horiek Gernika-Lumo bakearen hiria dela adierazten dute.
Demografia
aldatuGernikako biztanleriaren datu historikoetan dauden gora-beherak ulertzeko, udalerriak XX. mendean zehar izan dituen anexio eta desanexioak aipatu behar dira.
1943an orduko espainiar gobernuak Ajangiz Gernikari batzea erabaki zuen. 1967an, berriz, Arratzu, Kortezubi, Forua, Murueta eta Nabarniz batu zitzaizkion.
1988tik aurrera kontrako prozesua gertatu zen, eta herriek Gernikatik banatzeari ekin zioten. Urte horretan Nabarniz, Murueta, Kortezubi eta Forua banandu ziren, 1990ean Ajangiz, eta 1993an Arratzu.
Aurrekoak kontuan hartu gabe, datuek erakusten dute Gernikak hazkundea izan zuela gutxienez 1970eko hamarkadan, Bizkaiko beste herri batzuetan gertatu zen bezala. Bestalde, hazkundeak jarraitu egin zuen XXI. mendearen lehen hamarkadan.
Nabarmena da, baita ere, Espainiako Gerra Zibilaren sasoian, 1930eko hamarkadan, Gernikak pairatu zuen biztanleria jaitsiera.
Biztanleriaren bilakaera
aldatuGernika-Lumoko biztanleria |
---|
Politika
aldatuUdal hauteskundeak
aldatu2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeen emaitzen ondorioz, Bildu koalizioko hautagai Jose Maria Gorroño hautatu zuten alkate. Udalbatzan ordezkaritza zuten beste alderdia, EAJ, abstenitu egin zen.
2015eko maiatzaren 22ko hauteskundeetarako, berriz, Gorroñoren alderdia zen Eusko Alkartasunak ez zuen bera hautatu alkategai gisa aurkezteko Bilduren ondorengoa zen Euskal Herria Bilduren izenean.[10] Horren ondorioz, Gorroñok bere kabuz eta EAJ alderdiarekin koalizioan aurkeztea erabaki zuen. 2015eko hauteskunde horietan ere Gorroñok eskuratu zuen boto gehien, eta berriro alkate hautatu zuten.
2019ko udal hauteskundeen ondoren, Gorroñok berriro eskuratu zuen alkatetza.
2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetarako, Gorroñok EAJ alderdiarekin apurtzea eta Guztiontzako Herria sortzea erabaki zuen, azken agintaldia jeltzaleen aldetik tentsioz eta oztopoz beteta egon zela aipatuz[11].
2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeak Euskal Herria Bilduk irabazi zituen 2844 boto eta 6 zinegotzi eskuratu ostean, Guztiontzako Herriak antzeko emaitzak lortu zituen 2628 boto eskuratu zituen 6 ordezkari lortuta, hirugarren tokian EAJ geratu zen 2500 boto eta 5 ordezkari eskuratuta.
Udalaren eraketan Jose Maria Gorroño hautatu zuten alkate Guztiontzako Herriaren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen botoen ondorioz.
Gernika-Lumoko udalbatza | |||||
Alderdia |
2019 |
2023 | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euzko Abertzaleak-Euzko Alderdi Jeltzalea (EA-EAJ) | 10 / 17 |
||||
Euskal Herria Bildu (EH Bildu) | 7 / 17 |
6 / 17 |
|||
Guztiontzako Herria (GH) | 6 / 17 |
||||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV) | 5 / 17 |
||||
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean |
Alkateen zerrenda
aldatuAlkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia |
Eduardo Vallejo de Olejua | 1991 | 1999 | Euzko Alderdi Jeltzalea |
Miguel Angel Aranaz | 1999 | 2007 | Euzko Alderdi Jeltzalea |
Jose Maria Gorroño | 2007 | 2011 | Eusko Alkartasuna |
Jose Maria Gorroño | 2011 | 2015 | Euskal Herria Bildu |
Jose Maria Gorroño | 2015 | 2019 | Euzko Abertzaleak-Euzko Alderdi Jeltzalea |
Jose Maria Gorroño | 2019 | 2023 | Euzko Abertzaleak-Euzko Alderdi Jeltzalea |
Jose Maria Gorroño | 2023 | Jardunean | Guztiontzako Herria |
Garraiobideak
aldatuTrena
aldatuEuskotren Trena konpainiak Gernika Bermeorekin eta Bilborekin lotzen du, Bilbo-Atxuri - Bermeo linearen bitartez. Udalerrian hurrengo geltokiak ditu:
Autobusa
aldatuBizkaibus konpainiak Gernika batzen du Bermeo, Bilbo, Lekeitio, Galdakaoko ospitalea, Mungia eta Busturialdeko udalerriekin. Uda garaian hondartzetara doazen autobusak ere baditu. Udalerritik hurrengo lineak pasatzen dira:
- A3513 Bilbo - Galdakao Ospitalea - Gernika - Lekeitio
- A3514 Bilbo - Amorebieta Etxano - Gernika
- A3515 Bilbo - Amorebieta Etxano - Gernika - Bermeo
- A3519 Gernika - Mungia
- A3513 Bilbo - Galdakao Ospitalea - Gernika - Aulestia
- A3525 Gernika - Amorebieta Etxano - EHU
- A3526 Gernika - Laida - Laga - Ibarrangelu
Kultura
aldatuEuskara
aldatuGernika-Lumon mendebaldeko euskara hitz egiten da, zehatzago esanda, honen barnean kokatzen den Busturialdeko euskara[13]. Gernika-Lumoz gain, Bermeon, Busturian, Elantxoben, Ean, Foruan, Morgan eta Mundakan egiten da, besteak beste.
Jaiak eta ospakizunak
aldatu- Apirilak 26: Gernikako Bonbardaketaren urteurrena. Aste osoan kultura ekitaldiak izaten dira, erakusketak, konferentziak eta abar. Urteurreneko egunean, ekitaldi esanguratsuena Gernikako Zallo hilerriko lore eskaintza da.
- Apirilak 28: (1366) Gernika sortu zeneko urteurrena ospatzen da udaletxeko plazan.
- Urtarrilak 8: (1882) Gernika eta Lumo batu zireneko urteurrena: Gernika eta Lumo Gernika-Lumo bilakatu zireneko urteurrena ospatzen da.
- Otsaila: Kandelerio eguna (otsailak 2). Santa Ageda bezpera (otsailak 4. Inauteriak edo Aratusteak.
- Ekainak 29: Lumoko San Pedro Jaiak ospatzen dira. Jai herrikoiak: euskal kirola eta gastronomia.
- Abuztuak 14-18: Gernikako jaiak. Andre Maria eta San Roke ospatzen dira.
- Urriko lehenengo astelehena: Urriko lehen astelehenean ganadu azoka egiten da Gernikan. Piriniotar behiaren Euskadiko txapelketa egiten da.
- Urriko azken astelehena: Euskal Herriko baserriko produktuen erakusleiho izaten da Gernika.
Ohiturak
- Marijesiak: Gabon aurreko bederatzi goizaldez kale arteko haize hotza doinu bihurtuz, gernikarrak lozorrotik esnatzen dituzte marijesiek. Bizkaiko herri askotan ospatzen den ohitura bada ere, indarrik handiena Gernikan du. Gabon eguneko bederatziurren moduan ospatzen da. Bakarlaria eta taldea ondo bereizirik doaz beti. Bederatzi gautan zehar hiru doinu desberdin erabiltzen dira, antzezlan baten hiru akto balira bezala. Horri jarraiki, Jose Antonio Aranaren esanetan, Erdi Aroko auto sakramentaletan izan dezake jatorria ohitura honek. XVII. mendeko idatzi batean aurkitu ziren oraindik gaur egun abesten diren Marijesien zenbait bertso, hori da haien aipamen zaharrena. Gaur egun ohiturak honela agintzen du: Erronda goizaldeko lauretan hasten da, Andre Maria elizako ate zaharraren aurrean; Gabon aurreko bederatzi gauetan doinu misteriotsu batek esnatzen gaitu, gure leihopetik pasatzean eta, gero, oihartzuna balitz bezala, kale artean galtzen da.
Gastronomia
aldatuOndasun nabarmenak
aldatuEraikin aipagarriak
aldatu- Gernikako Batzarretxea eta Gernikako Arbola: Batzarretxea Antonio Etxebarria jaunak eraiki zuen XIX. mendean (1826-1833). Estilo neoklasikokoa da, erdigune gisa Andre Mari Zaharra eliza du, eta gaur egun Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilkura Aretoa da. Batzarretxearen gela batean beirate ikusgarria dago, 235 metro koadrokoa, gela oso osorik estaltzen du. Kanpoaldeko lorategian Gernikako Arbola dago. Arbola horrek, Euskal Herriaren historiaren eta berorren erakundeen sinboloa da. Betikotasuna adierazteko, arbola zaharraren enborra, gaur eguneko arbola eta kimu berria daude.
- Andre Maria eliza: Gernikako goi aldean, estrategikoki kokaturik, Euskal Herria Museoak eta Batzarretxeak inguratzen dute Andre Maria eliza. 1418an hasi ziren tenplua eraikitzen, gotiko estiloan, baina historian zehar hainbat aldaketa jasan ditu eta horregatik aldaketok garai bakoitzean estilo bati erantzun diete. Izan ere, hasiera batean jaso zen eliza gotikoa gaur egunekoaren oso bestelakoa izan zen. XV. mendean egin zen eliza hark, garai hartan zegoen ikuspuntu gotikoa islatu nahi izan zuen baina bukatu gabe geratu zen. XVII. mendean berreraiketa lanak burutzen hasi ziren Pizkundetar estiloa jarraituz. Gotikoa eta Pizkundeko ikuspuntu estetikoen nahasketak estilo berri bat eraiki zuen, Euskal Gotikoa. Gernikako Andre Maria eliza da Euskal Gotikoaren adibide hoberenetako bat. Gaur egun dagoen kanpai horma 1778an eraiki zuten barrokoaren ezaugarriak jarraituz. Horregatik Andre Maria elizaren eraikuntza 3 mendetan zehar luzatu zen 1418tik 1778ra arte.
- Gure Aitaren Etxea eskultura: Eduardo Chillida donostiarraren eskultura hau 1988an inauguratu zen Europako Herrien Parkean eta burdin eta altzairuzko txirbilekin nahastutako hormigoiz egina dago. Eskultura honek argi eta garbi bereizitako bi parte ditu: etxe baten barruko aldea bata, eta kanpoaldea bestea. Hormigoizko piezak kanpoko aldea eta barruko aldea bereizten ditu, eta horma handi inguratzaile baten kanpoko aldea eta barrukoa adierazten ditu. Horma hau ez dago etxe bat edo ontzi bat bailitzan guztiz itxita, baizik eta irekita, Batzar Etxera begira dagoen leiho baten gisako irekidura batekin. Irekidura honen sinbologia argia da: gure asabenganako, lege zaharrenganako eta ohiturenganako errespetua adierazten ditu. Aldi berean, metafora bat ere bada, etorkizunerako eta itxaropenerako zubi baten sinboloa alegia, oraina eta geroa lotzen dituena, seme-alaba eta gurasoak erlazionatzen dituena. Eduardo Txillidak oroimena erdian jarritako hilarriaren bitartez ematen du aditzera. Oroimen horren esanahia bildu eta gaur eguneko formetara dakar (altzairuzko formetara). Gorputz prismatiko sendo/solido batetik abiatuz, elementu oker/konkortu eta zehatzak sortzen ditu. Altzairuzko estela hori ikuslearentzako euskarri eta abiapuntu izan daitekeen behatoki pribilegiatu bat bezalakoa da.
- Large Figure in a Shelter ("Figura Handia Aterpean"): Eskultura hau (1985-1986) Henry Moore artista britainiarraren azken obretako bat, 1990eko uztailaren 7an inauguratu zen Europako Herrien Parkean. Munduko bigarren gerratetik aurrera War Helmets saila (1939-1975)sortu zuen, barruan piezak dituzten kaskoak direnak. "Figura Handia Aterpean" lana aurrekari horietatik abiatzen da, eta aisanahi berria planteatzen du. Piezak elkarri lotutako bi atal ditu: kaskoa, zatituta eta eraso eta defentsaren konnotazio militarrekoa, estalki edo oskol organikoaren ideia adieraztera igarotzen da. Oskol horren barrutik, muinetik,elementu autonomo bat sortzen dela ematen du, emakume forma eta jaiotza izaerakoa. Gainazal aldakorra da, bolumen bihurgunetsu ahur eta ganbilak dituena, mugikorra eta ukimenekoa, aurrera edo atzera egiteko prest dagoela ematen duena, borondate garaitzaile baten hazia balitz bezala.
Interesguneak
aldatu- Gernikako Azoka: Astelehen guztietan biltzen dira Gernikako azokan bertako eta inguruko saltzaile-erosleak baserriko produktuak salerostera. Tello Kondeak hiribilduaren sorrera gutuna egin zuenean, 1366ko apirilaren 28an, aipatu zuen azoka astean behin egin behar zela. Hasiera batean azoka asteazkenetan bazen ere, geroago egunekoa bilakatu zen. Urteak igaro ahala, Gernikako merkatuen kalitateak eta garrantziak gora egin zuten, batez ere urteroko abere feriei zegokienez. Guztien komenientziagatik, Gernikak inguruko elizateetako azoka eta feriak bereganatu zituen eta horrek, denboraren poderioz, urriko astelehen entzutetsuei hasiera eman zien. Gerra Zibilaren erruz, bertan behera gelditu zen azoka, harik eta demokrazia ezarri zenean Ekin taldeak atzera jaiegun hau bultzatzea erabaki arte. Urtetik urtera ospe handiagoa hartu du. 1983az geroztik abere-erakusketa urriko lehenengo astelehenean egiten da eta azkeneko astelehenean, berriz, Euskal Herriko baserrien produktuen erakusleiho bihurtzen da Gernikako herri osoa. Astelehenetako azoka tradizionalaz gain, ekainetik abendura, hileko lehenengo larunbatetan azoka bereziak izaten dira Gernikako Plazan, Domingo Alegria plazaren aurrean kokatua dago.Gernikako Azoka
- Guernica Gernikara zeramikazko horma-irudia: Allendesalazar kalean kokatua dago, osasun etxearen aurrean. Horma-irudia, Gernikako Udalak foru hiriarekin anaituta dagoen Bartzelona probintziako Berga hiriko Ceramiques Queralt enpresari eskatua, Pablo Picassok 1937an Gernika bonbaz eraso zutela jakin zuenean egin zuen koadroaren eskulangintzako artelaneko bikoizketa zintzoa da. Margolanaren izaera sinbolikoak gerrak bizilagun zibilengan, ondarean eta animaliengan dituen ondorio suntsitzaileei buruzko irakurketa desberdinak bideratu ditu. Obra axuleiuetara eramatean zati adierazkorrak xehetasun handiz banatzen dira.
- Jai Alai Pilotalekua': Carlos Gangoiti kaleko 14.ean. Zesta-puntako pilotaleku hau egin zuen arkitektoa Secundino Zuazo izan zen. Zuazo jaunak badu leku garrantzitsua gaur egungo arkitekturan. Egitura, oinarrian, argia iparraldetik sartzen zaion eskuaira sinple bat da. Okertuta dagoenez, nabarmenago egiten da itxura hori. 57m luze eta 10,5m zabal den jokaleku ikusgarria izateaz gain, ikusleria handia onartzeko ahalmena ere badu: 1500 lekuko harmaila, balkoian 800 eserleku eta zutik beste 1000 lagun sartzeko aukera eskaintzen du. Eraikin arrazionalista da, gaurkotasuna galdu ez duena. Bestalde, pilotan, mitikoa da pilotaleku honen izena. Fatxadan erliebean egindako pilotari biren eskultura dago. Markinako eta Durangoko pilotalekuekin batera zesta-punta zaleen biltokia zen, baita kirolari entzutetsuenen aterpea ere. Pilotalekuaren gertutasunak gernikarren artean punta-puntako pilotariak sortzea sustatu du. Gernikako Zesta-Punta eskola bertan aritzen da eguneroko lanean etorkizuneko zesta-punta jokalariekin.
- Europako Herrien Parkea: Parke hau 1991n inauguratu zen, eta arbola- eta zuhaixka-aniztasun handia du ondo berezituta dauden lau arloetan. Iparraldean, arbola-landaredi irekia dago, eta Eduardo Txillidaren eta Henry Mooreren eskulturak daude. Ekialdean, Euskadi atlantikoko lau ekosistemak daude: pagadia, hariztia, artadia eta itsasertzeko landaretza. Ekosistema horietatik pasatzen den errekatxoak hegoaldean dagoen urmaelera isurtzen ditu urak. Parkeko gainerako eremuan lorategi klasikoa dago.
Museoak
aldatu- Gernikako Bakearen museoa Fundazioa: Lehenago Epaitegia gaurko Gernikako Bakearen Museo bihurtu da. Museoaren soslaia bakearen museoaren kontzeptu gaurkotuan oinarritzen da: "Bakearen Kultura" zabalduko duen museo tematikoa.Gernikako bonbardaketaren bizipenetik abiatuta gai unibertsalak proposatzen ditu. Museo interaktiboa da, argazki erakusketa osatua du eta ikus-entzunezkoek bizirik iraun zutenen testigantzak aurkezten dituzte.
- Gernikako Euskal Herria museoa: Lehenago Alegria jauregia zen, 1733an eraikitakoa, baina 1991n Euskal Herria Museoa bihurtu zen eta geroztik zabalik dago. Museo honek, bertako bildumen bidez, foru inguruneari dagokion esangura historiko, sozial eta kulturalaren ikuspegi orokorra aurkezten digu eta Euskal Herriak osatzen duen erkidego espiritualaren ezaugarririk behinenak erakusten dizkigu. Zalditegi zaharra, zaintzarako ere erabiltzen zena, aldi baterako erakusketak eta bulegoko lanak egiteko erabiltzen da. Horrez gain, irakasbide lantegiak ere egiten dira etxe horretan.
- Urdaibaiko Patronatua - Udetxea Jauregia: Gernikatik Lumora doan bidean kokatua dago. Europako Herrien Parkean bertan. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren egoitza ofiziala da. Eraikinaren beheko solairuan Urdaibaiko fauna eta flora osatzen duten elementu naturalen erakusketa ikusteko aukera dago. Udetxea jauregia Allendesalazar familiak eraiki zuen 1890ean udako egoitza gisa erabiltzeko. UNESCOk 1984an esan zuen jauregi honek nazioarteko kultura eta natura-ondare garrantzitsua duela. Informazioa,honako jakintza-arloez, jaso daiteke bertan: bertako natura, ibilbide ekologiko-kulturalak eta garapen iraunkorra.
Gernikar ospetsuak
aldatu- Rafael Iriondo (1918–2016), futbolaria eta entrenatzailea.
- Luis Villasante (1920–2000), apaiza eta euskaltzaina.
- Jose Antonio Arana (1931–2011), ikerlaria eta euskaltzaina.
- Mauri Ugartemendia Lauzirika (1934–), futbolaria
- Bittor Egurrola (1944–), abeslaria.
- Jose Alberto Pradera (1951–), Bizkaiko ahaldun nagusi ohia, politikari jeltzalea eta enpresaburua.
- Sofia Gandarias (1957-2016), margolaria.
- Gonzalo Beaskoetxea (1957-), puntista.
- Alex Sardui (1966–), Gatibuko abeslaria.
- Haimar Arejita, Gatibuko gitarrista
- Roberto Laiseka (1969–), txirrindularia.
- Joane Somarriba (1972–), txirrindularia.
- Eñaut Elorrieta (1975–), abeslaria.
- Diego Beaskoetxea (1981-), puntista.
- Fariba Sheikhan (1988–), aktorea.
- Pello Bilbao (1990–), txirrindularia.
- Asier Villalibre (1997–), futbolaria.
Hiri senidetuak
aldatu"Gernika, bakearen sinboloa" izeneko ikurra oinarri egindako jardueren ondorioz, zenbait hirirekin senidetzeak gauzatu dira, eta lankidetzarako konpromisoak hartu dira kultura-, hezkuntza- eta industria-arloetan: Berga (Cataluña-1986), Pforzheim (Alemania-1988) eta Boise (Idaho - EEUU 1993).
- Berga, Bartzelona, Katalunia, 1986
- Pforzheim, Baden-Württemberg, 1989
- Boise, Idaho, Estatu Batuak, 1993
Argazki galeria
aldatu-
Batzarretxearren barrualdea
-
Euskal Herriko armarria lorategietan
-
Arbola zaharra
-
Santa Klara eliza eta komentua
-
Eskola Publikoen eraikinetako bat
-
Bestea
-
Foru Plaza
-
On Telloren estatua, Kultur Etxea eta ezkerrean Andre Maria eliza
-
Gernikako Azoka
-
Eriako lorategiak
-
Gernika erdiguneko eraikin bat
-
Eliz-Gane txaleta
-
Catarro Enea
-
Ezenarro etxea
-
Udetxea jauregia, gaur egun Urdaibaiko Patronatuaren egoitza
-
Jai-Alai frontoia
-
Airetiko ikuspegia
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- ↑ «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- ↑ (Gaztelaniaz) Echegaray, Carmelo. (1922). La Casa de Juntas de Guernica. Imprenta y Fotograbado Viuda de Luis Tasso, 20 or..
- ↑ El bombardeo de Gernika, memoria gráfica : 70 aniversario (1937-2007) = Gernikako bonbardaketa, oroimen grafikoa : (1937-2007) 70. urteurrena. Gernika Zaharra Historia Taldea, 221 or. ISBN 978-84-95653-98-7..
- ↑ Gernikako Hiria. Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Saila.
- ↑ «Patriotas Vascongados: Carta Puebla de Gernika, por Alberto Iturriarte» Patriotas Vascongados (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
- ↑ Delgado Cendagortagalarza, Ander. (2008). Gernika-Lumo : sarrera historikoa. Eusko Ikaskuntza, 163 or. ISBN 9788484191698..
- ↑ (Gaztelaniaz) Cava Mesa, María Jesús. (1996). Memoria colectiva del bombardeo de Gernika. Bakeaz, Gernika Gogoratuz,, 311 or. ISBN 84-88949-13-8..
- ↑ «Gorroño Gernika-Lumoko alkatea EAJrekin koalizioan aurkeztuko da» Berria 2015-03-17 (Noiz kontsultatua: 2015-07-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Lopez, Luis. (2022). Gorroño y PNV rompen en Gernika y acudirán por separado a las elecciones. .
- ↑ «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-13).
- ↑ «Busturialdekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Bizkaia |