Léon Bonnat
Léon Joseph Florentin Bonnat (Baiona, Lapurdi, 1833ko ekainaren 20a - Monchy-Saint-Éloi, Oise, Frantzia, 1922ko irailaren 8a) margolari errealista zen. Baionako Bonnat museoak haren izena darama, haren bilduma pribatua erakundeari eman ondoren.
Bizitza
aldatuBaionan jaioa, 1846tik 1853ra arte Madrilen bizitzen egon zen bere aitak liburutegi bat sortua baitzuen han.[1] Han Madrazotarren lantegian ikasi zuen. Hasieran, Pradoko Museoan zeuden margoak aztertzen aritu zen. 1947 urtean San Fernando Akademian onartua izan zen, non Federico Madrazo irakasle zen.[2]. Baionara itzulita ikasketak jarraitu zituen 1853an, eta hurrengo urtean Parisera joan, Arte Ederretako Eskolan sartu zen, Léon Cognieten lantegian. Parisen bere erretratuengatik nabarmendu zuen, Velazquez eta beste errealista espainiarren eragina nabari zela.
Areto ofizialera bere erretratuak bidaltzen hasi zen 1857an, eta Erromako Sariketan bigarren tokia irabazi zuen Lazaroren Berpiztea koadroarekin.
Baionako Udalak Erromara joateko beka bat lortu zion eta han italiar Errenazimentuko maisu handien aurkikuntza egin zuen. Espainia, Flandes eta Holandan barrena ibili zen. Parisen bere izen ona haziz zihoan eta Matilde printzesak bere tertulian onartu ere egin zuen, kultura eta politikako pertsonaia gailenekin izan zituen harremanak. Erromesak San Pedroren estatua aurrean izeneko koadroa erosi zion 1864an Eugenia enperatrizak.[1]
1869an Parisko Ohorezko Urrezko domina eman zioten. 1888an Ecole des Beaux Arts eskolan katedradun egin zen eta 1905eko maiatzean Paul Dubois zuzendariaren oinordekoa izan zen. Azkenean Museoetako Kontseiluko lehendakaritza lortu zuen, nazioko bilduma aberats zezaketen lanak onartu ala baztertu erabakitzeko funtzioa harturik. Lehiaketa ofizialetako epaimahaikide jarrita, Manet, Renoir, Monet eta Cézanne‑en lanak epaitzeko erantzukizuna izan zuen.[1]
Léon Bonnatek honako margolariak izan zituen ikasle: Georges Braque, Gustave Caillebotte, Raoul Dufy, Thomas Eakins, Stanhope Alexander Forbes, Othon Friesz, Charles Laval, Raimond Lecourt, Adolphe-Frédéric Lejeune, Auguste Leroux, Alphonse Osbert, Pierre-Gaston Rigaud, Henry Siddons Mowbray, Henri de Toulouse-Lautrec, Gustav Wentzel, Marc-Aurèle de Foy Suzor-Côté eta Henri-Achille Zo.
Estiloa
aldatuBere ibilbide distiratsua koadro erromantiko eta historizistak eginez hasi zuen Bonnat‑ek eta genero guztiei heldu zien. Giza anatomia guztiz menderatzen zuen, Giuseppe Riberaren San Paulo eremutarra imitatu nahi duela dirudien Job biluzian (Bonnat Museoan) ederki konproba daitekeenez. Errealismorik handiena iristeko bitartekorik eraginkorrenak erabiltzen zituen; adibidez, gurutziltzaturiko Kristo bat giharreria egokiarekin margotzeko eredutarako balio zion gorpu bat zutik jartzen saiatu zen. Hala ulertu egiten da halako errealismo ikaragarri batek ez ziola balioko Jainko Eroslearen heriotza irudikatzeko. Giza errealitate bizia margotzea zen berak ongien egiten zuena: erretratua. Ez dira miretsienak eta jendearen gehien erakartzen dutenak lehen aipaturiko erlijiozko koadroak, ezta ekialdeko kutsua zutenak ere –Gérome margolariarekin 1868an Egipto eta Palestinako lurraldeetara egin zuen bidaiaren ondoren burutu zituen oihalak–, ezta landu zituen genero‑koadroak ere, baizik eta erretraturako zuen dohain berezia. Hain justu, horretan iritsi zuen sonarik handiena.
Erretratugilea
aldatuErretratu horietan, marrazkiaren erabateko zuzentasunaz gainera, jakin badaki Bonnatek izakeran sartzen, ez aurpegian eta begiradan islatzen zuen horretan, baita jarrera eta keinuetan ere, beti pertsonaiaren arimaren alderdirik noble eta duinena ongi azaldu dadin arreta handia jarriz. Gaurko ikuspegitik, Bonnaten erretratuak ez dira mugagabeak. Garaiko gustuen arabera, Bonnatek kanpoko janzkera gehiegitxo nabarmentzen du; orokorrean gehiegi goresten zuen erretratatua eta –Velazquez eta Rembrandt neurriko historiko handienen kontrastean– bere erretratu guztiak gehiegizko “bukaera”-ren akatsa dute.[1]
Bonnat, bere garaiko pertsonaia handien irudiak margotu zituen:
- Alexandre Dumas eta Victor Hugo idazleak,
- Thiers, Jules Grevy, Félix Faure eta A. Fallières lehendakariak,
- E. Renan historialaria,
- Labegerie kardinala,
- Gambetta politikaria,
- Sadi Carnot eta Pasteur Dok. zientzialariak,
- Puvis de Chabannes eta Barye artistak,
- eta gizarteko goi-klaseetako dama mordo ederra.
Bonnaten legatua
aldatuAdiskide batzuk eta eredutarako erabili zituen zenbait hartzekodunek egin zizkioten margolanen oparietatik hasita, bildumak egiteko grina sortu zitzaion. Eta bere bizitzako hogei urteetan gehien laztandutako ametsa museo bat eraikitzekoa izan zen. Bereak ziren koadroak Frantziako Estatuari eskaini zizkion bera hil zenean, Baionan ezartzekotan. Horrela osatu zen gaur egun hiriak duen Bonnat Museoa.
Bonnaten inguruan “Baionako Eskola” izenekoa eratu zuen ikasle taldea mugitzen zen, eta hauen artetik Helêne Feuillet gailendu zen, Baiona Hiriko Udal Margogintza Eskola zuzendu zuena; XX. mendeko Iparraldeko margolari batzuk hantxe prestatu ziren.[1]
Galeria
aldatu-
Jeune fille romaine à la fontaine (1875)
-
Jules Ferry (1888)
-
Víctor Hugo, 138 × 110 cm, Versaillesko jauregia.
-
Job biluzia (1880), Louvre museoa.
Erreferentziak
aldatuIkus, gainera
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Léon Bonnat |