Rafael
Rafael[1][2] —jaiotzako izena: Raffaello Sanzio[2]— (Urbino, Italia, 1483ko apirilaren 6a – Erroma, 1520ko apirilaren 6a), Pizkundeko margolari eta arkitekto italiarra izan zen. Mendeetan zehar miretsi eta eredu gisa erabilitako margolari lanez harago, ekarpen handiak egin zituen arkitekturan, eta Antzinaroko obren ikuskatzaile gisa, interes berezia jarri zuen aztarna greko-erromatarren ikerketan eta babestean[3].
Giovanni Santi margolariaren semea zen. Haur prodijio gisa hartu zuten, goiz erakutsi zuelako bere dohaina. Eta umezurtz gelditu zenean, ospea zuten hainbat artistaren tailerretan ikasi zuen. 25 urterekin lortu zuen bere lehen eskaera ofiziala, hala nola Vatikanoko egoitzen dekorazioa. Han margotu zituen zenbait fresko, besteak beste Atenasko eskola, haren obra handienetakotzat jotzen dena[4][5][6]. Ospetsua da perfekzioagatik eta bere arte bisualagatik[7], eta margolanen eta marrazki artistikoen artean bereizgarria da[5]. Migel Angelo eta Leonardo da Vincirekin batean, garai hartako maisu handienen hirukotea osatu zuen[8].
Ostiral Santu batez jaio zen, eta jai egun berean hil, 37 urte zeuzkala. Artista oso produktiboa izan zen, laguntzaile askorekin batera sortu zuen tailer bat kudeatzeari esker[9]. Gazterik hil bazen ere, lan kopuru handia utzi zuen, eta oraindik kontserbatzen dira. Haren lan gehienak Vatikanoko Museoetan daude, hango gela ezagunak freskoekin apaindu zituelako, Rafaelen Gelak, bezala. Hura izan zen egin zitzaion eskaera nagusietako bat; bukatu gabe gelditu zen, bukatu aurretik hil zelako. Laguntzaileek osatu zuten.
Gaztaroan Erroman egon ondoren, haren lan asko taldekideek marraztu zituzten; prozesu horretan kalitatea galdu zutela esaten da. Eragin handiko pertsona zen, bere garaian. Hil ondoren, Michelangelo lehiakideak lortu zuen ospe handia, XVIII. eta XIX. mendeetara arte. Ondoren, ospea berreskuratu eta hazi zitzaion. Haren lan bareago eta armoniatsuagoari esker, goi mailako artistatzat hartu zuten.
Haren artista ibilbideak hiru garai izan zituen, eta hiru estilo. Lehen urteak Umbrian iragan zituen; ondorengo fasean lau urte igaro zituen Florentzian (1504-1508), eta hiri hartako tradizio artistikotik edan zuen; azken fasea Erromakoa izan zen, hamabi urtez lan egin baitzuen Aita Santuentzat eta haren gortearentzat[10]. Han lortu zuen arrakasta handia.
Ingurunea
aldatuRafael Urbinon sortu zen, Italia erdialdeko hiri txiki batean[11]. Hiri txikia izan arren, garrantzia zeukan, ikuspegi artistikotik. Haren aita, Giovanni Santi hango dukearen gortearentzako margolaria zen. Federico da Montefeltro condottieria izan zen hango dukea, eta arrakasta handia izan zuen. Urbinoko Dukea Sixto IV.a Aita Santuak sortu zuen, beraz, Urbino Aita Santuen Lurraldean zegoen. Urbinoko gorte txiki hartan, dukearen familiako zirkulu intimoenean sartu zen Giovanni Santi[12], eta Federicoren kronika errimatua idatzi zuen, margolaria izateaz aparte, olerkaria ere baitzen; gobernu hartan kultura literarioak eta artistikoak leku handia zeukaten[12]. Giovannik erakutsi zuen arreta handiarekin jarraitzen zituela Italiako eta Herbehereetako artista handienen lanak. Giro hartan hazteak, Rafaeli aukera handia eman zion teknika xeheenak ikasteko[13].
Federicoren lekua hartu zuen haren seme Guidobaldo da Montefeltrok. Hau Elisabetta Gonzagarekin ezkondu zen, hala nola Francesco II Gonzaga Mantuako markesaren arrebarekin. Mantuako gortea oso ezaguna zen musika eta arte plastikoengatik. Horri esker, Urbinoko gorteak kulturarekin zeukan lotura are handiagoa egin zen, eta Italiako gorte humanistaren eredu bihurtu zen, Baldassare Castiglionek deskribatu zuen bezala, Gorte-gizona (1528) obra klasikoan.
1504an, Castiglione Urbinora joan zenean bizitzera, Rafael ez zen gehiago han bizi, baina maiz joaten zen hara bisitan. Lagun egin ziren, eta hartaz gain, beste bistari batzuekin ere harreman hurbila izan zuen, hala nola Pietro Bibbiena eta Pietro Bemborekin; biak kardinal egin ziren geroago. Erroman egon ziren Rafael han zegoen garaian. Rafaelek aise lortu zuen goi esferetan sartzea; hori dela-eta, bere karrera aise egin ahal izan zuelako uste okerra zabaldu zen. Baina hezkuntza humanista osoa jaso zuen[14].
Bizitza
aldatuRafael, gizarte mailan ematekoak ziren aldaketa handi batzuen espektatiban jaio zen, hainbat fenomeno astrologiko eta filosofikoren erdian. Garai hartako gizarte sektore nabarmen bat urrezko aro berri baten esperoan zegoen. Hainbatek uste izan zezaketen urrezko aro honen ezaugarriak Rafaelengan bete zirela, izan ere bere jaiotzatik, heriotzaraino, garaian miraritzat hartutako zenbait gertakarik osatu zuten bere bizia.
Rafaelen jaiotegunari buruz asko eztabaidatu da, izan ere Vasarik adierazi zuen Rafael jaio zen egun berean hil zela, ostiral santu egunez, 1520. urtean. Datu hori kontuan hartuz gero, eta taula astronomikoak kontsultatuta, 1483ko apirilaren 28an jaio zela pentsa daiteke. Alabaina, Rafaelen beraren hilarrian Benbo poetak, artegilearen adiskide izandakoak, 1520ko apirilaren 6an hil zela esaten du, bere jaiotegunaren urteurrenean. Benbo eta Rafaelen arteko harreman estua dela kausa, azken datu hori fidagarrientzat hartuta, Rafael 1483ko apirilaren 6an jaio zela ondoriozta daiteke, Urbinoko hirian.
Heziketa artistikoa (1483 - 1504)
aldatuGazteak bere aitarengandik jaso zituen artearen inguruko lehen ezagupenak, oso urriak hauek Rafaelek hamaika urte baino ez zituela hil baitzen aita. Baina, hala ere, artearen inguruko oinarri oinarriko ideiaren batzuk transmititu zizkiola antzeman daiteke. Horrez gainera, bere aitak Urbinoko gortearekin izan zituen harreman estuak direla bide, gazteak gizarte sektore pribilegiatu honekin izango zituen harremanak asko erraztu ziren. Datu garrantzitsua da baita garai hartan Urbino Italiako humanismoaren foku garrantzitsuena bilakatzen ari zela, izan ere garai hartako dukeak, Federico Montefeltrok artea eta zientzien arloko pertsona esanguratsuez inguratzen jakin zuen, eta bere liburutegia garai hartako garrantzitsuenetarikotzat hartu izan da.
Bere gazte garaia, giro ia pribilegiatu honetan pasatzeak artegilearen ondorengo urteetako lanetako zentzu poetikoan eta inspirazioan eragin zuzena izan zuen, gainera Rafaelek bereak ere, bere lanak Rafael Urbinas izen-deiturez sinatzeak jaio zen hiriarekiko eta bere haurtzaro eta gazte garaietako giro harekiko zuen miresmen eta leialtasuna erakusten digu.
-
Giovanni Santi, Rafaelen aita; Bi aingeruk Kristo eusten, 1490 inguru
-
Ustez Rafaelek gaztaroan egindako autorretratua.
Aurreneko irakasletzat Timoteo Vitti izan zuen Rafaelek, baina handik gutxira, 1497. urtean Peruginoren lantegira joan zen bere ikasle bezala jarduera. Peruginok ospe handiaz gozatzen zuen garai hartako Italian, eta bere lanetan azaltzen zuen gozotasun eta dotoretasunak, berehala bereganatu zuen Urbinoko artista gaztearen atentzioa. Garai honetan bidaia ugari egi zituen Rafaelek, Urbinon igarotako aldiek bertako gortearekin harremanak indartzeko balio izan zieten, eta Florentzian izan zela ere uste izan da bere maisuari haren bidaietan lagunduaz. Artegile gazteak ongi ikertu zuen maisuaren lana, eta horrela arte florentziarrena argiari ematen zitzaion trataera bereganatu zuen. Garai berean Leonardoren zenbait lan ikusteko aukera ere izan zuen eta honek ondorio nabarmenak izan zituen gaztearen ondorengo lanetan, argi eta kolorearen trataeran sakonduz.
1500an, dimentsio handiko erretaula bat egiteko enkargua jaso zuen bere aitaren kolaboratzailea izandako batekin batera. Lan hau ordea 1789ko lurrikara batean hondatu zen, eta hondoren jasan zituen aldaketa baturen hondoren, gaur egun zenbait atal baino ez dira mantentzen. Hala ere lanaren prestaketan garatutako marrazki eta zirriborroak ikusita argi nabarmentzen da artista gazteak bere maisuaren konposaketa eskema bera mantentzen jarraitzen duela.
1502. urtean Maddalena degli Oddik erretaula bat egiteko eskatu zion, Peruginoren ordez. Lana Perugiako San Francescoko familia hil kapera batean jartzeko zen, eta Urbinoko artistak hainbat ataletan banatu zuen lana. Ama Birjinaren koroatzea, Iragarpena, Errege magoen adorazioa, eta Tenpluko aurkezpena. Ama Birjinaren koroatzean Rafaelek Peruginoren konposaketa eskema bera erabili zuen, lana bi zati edo erregistrotan bananduz. Hala ere lan honek zenbait ekarpen berri ere baditu, hilkutxaren posizioa, betiko estatikotasuna apurtuz, edota apostoluen indibidualizazioa, giza figuraren ikerketan emandako aurrerapauso handien isla gisa. Lan horretan Rafael Leonardoren irudietara hurreratzen da, eta Peruginoren lehiakide bezala aurkezten du bere burua.
Lan honen ondoren eskaera asko jaso zituen artegileak eta hainbat erretaula handi burutu zituen, apurka apurka, bere estilo pertsonalean aurrerapausoak emanez. Garai honetako erretaula hauetatik Peruginorekin antzekotasun gehien mantentzen duena, Cittá di Castello-ko Santo Domingorako egin zuen gurutziltzatzea izan daiteke. Hala ere paisaiaren disposizioan edo pertsonaien nolabaiteko animazio horretan bere maisu izandakoarengandik urrundu egiten da. Hau da Rafaelek latinez sinatzen duen aurreneko lana RAPHAEL URBINAS.P, maisu handi gisa kontsideratua izan dadin eskatuz.
Garai honetan burutu zuen lan ezagunenetako bat Ama Birjinaren ezteiak lana izango da segur aski, Albizzini familiak enkargatua. Lan honetan Peruginok San Pedroren giltzen jasotzea lanean jarraitutako eskemari jarraitzen dio Rafaelek. Gertaera tenplutxo bat duen plaza handi batean gertatzen da, lanaren lehenengo planon eta gero perspektibak atzealdeko tenplutxoaren presentzia indartzen du gertakariaren lekuko gisa. Hala ere, Rafaelen lana hobea da, izan ere hainbat aldaera egiten dizkio aurreko oinarrizko eskemari, figuren dinamismoa areagotuz eta konposizio osoari espazioa edo sakontasun gehiago emanez.
-
Gurutziltzaketa, 1502-03, Peruginoren estilo bertsuan
-
Ama Birjinaren koroatzea, 1502-3
-
Ama Birjinaren ezteiak, Rafaelen garaiko erretaula sofistikatuena.
-
San Jurgi eta Herensugea, margolan txikia (29 x 21 cm) Urbinoko gorterako.
Florentziako garaia (1505 - 1508)
aldatu1503an Leonardok Anghiariko gudua egiteko enkargua jaso zuen, eta 1504an Michelangelok Cascinako lana burutu zuen. Bi artegile handi hauen konfrontazioak eta orokorrean bi maisu hauen presentziak atentzioa deituta Rafael Florentziara joan zen 1504an. bere bizitzako garai honetan ere Bidaia ugari egin zituen artistak, hala nola, Perugia eta Urbinora. Florentzian, Fra Bartolomeo ezagutzeko aukera izan zuen Rafaelek eta honekin oso harreman ona izan zuen. Artegile hau izan zen Rafael Peruginoren eraginetik askatzera bultzatu zuena, Urbinoko artegilearen estilo propioa sustatu asmoz.
-
Ansidei erretaula, 1505 inguru, Peruginoren estilotik aldentzen
-
Zelaiko Ama Birjina, 1506 inguru, Leonardoren piramide konposizioa erabiliz Familia Santua adierazteko.[15]
-
Santa Katalina Alexandriakoa, 1507
-
Gurutzetik eraistea, 1507.
Erromako garaia (1509 - 1520)
aldatu1508ren bukaeran Erromara joan zen eta berehala hartu zuen Julio II.a aita-santuak bere zerbitzura, Vatikanoko zenbait gela dekoratzeko eskatuz, gaur egun Rafaelen Stanza gisa ezagutzen direnak. Rafaelek lau horma-irudi proiektatu zituen dependentzia hauetako bakoitzean. Aurrenekoan: Sakramentuaren eztabaida, bere lagun Fra Bartolomeoren azken judizioa lanaren eskema jarraituz; Parnasoa, bertan Apolo jainkoaren irudikapenarekin Julio II aita-santua irudikatu nahi zuen, zerua eta lurraren arteko bitartekari bezala; Atenasko eskola, filosofia eta zientziari garrantzia eman nahirik Rafaelek bere garaikideen erretratuak egin zituen filosofo klasikoen paperean; eta Bertuteak, Michelangeloren eragina nabarmentzen da lan honetako monumentaltasunean, mugimenduan eta eskortzo bortitzetan. Bigarrenean berriz: Bolsenako meza, lan horretan Rafaelek 1263an Orvieto inguruko herri txiki batean gertatutako mirari bat irudikatzen du; Heliodororen kanporatzea, lan honetan Heliodorok Jerusalemera egin zuen bidaiaren berri ematen zaigu bertako alargun eta umezurtzentzat gordetako erlikia bat lapurtzeko asmoz, baina hau iristean bi gaztek kolpeka kanporatu zuten; Done Petriren askapena, argien eta itzalen trataerak protagonismo berezia hartzen du San Petri Herodesek giltzapetuta zeukala aingerua agertzen zaion unea irudikatzen duen horma-irudiak; Atilaren atzeraldia, 452ko gertakaria, Leon I.a aita santuak Atilaren armada inbaditzailea Erromako atean gelditu zuenekoa.
-
Parnasoa, 1511, Stanza della Segnatura
-
Bolsenako meza, 1514, Stanza di Eliodoro
-
San Petriren askapena, 1514, Stanza di Eliodoro
-
Sua Borgon, 1514, Stanza dell'incendio del Borgo, lantegiak margotua Rafaelen marrazkien arabera.
Garai hartan Rafael Erromako artistarik famatuena bilakatu zen, eta 1514. urtean San Petri basilikako arkitekto izendatu zuten, Bramanteren ondorengo bezala. San Petri basilikarako zituen asmoan eraldatuak izan ziren bere heriotzaren ondoren baina beste zenbait obra arkitektoniko ere burutu zituen, denboraldi labur batez Erromako arkitekto garrantzitsuena bilakatuz. Hala ere, bere arkitektura lan gehienak eraldatuak edo erauziak izan dira.
Garai honetan artegileak Vatikanoko eta hortik kanpoko enkarguak bateratzen asmatu zuen eta horrela burutu zituen aldi honetako zenbait lan esanguratsu ere, esaterako Galatearen eszena, Agostino Chigiren mandatuz egina, edo beste hainbat erretratu, gehienetan elizako goi karguek eskatuak, esaterako Kardinal baten erretratua edo Leon X.a eta bere ilobak izenekoa.
Vasarik zioenez, Rafael bere gehiegizko sexu harremanengatik hil zen; hala ere, hori hipotesi hutsa baino ez da. Urbinoko Rafael, jaio zen egun berean hil zen 1520an, apirilaren 6an, ostiral santu egunez. Bere bizia inguratu zuen misterio eta legendek diotenez, artegilea hil zen egun berean Vatikanoko Loggieetan arrakala batzuk azaldu ziren, eta Rafaelen garaikideek ez zuten zalantzarik egin gertakari hura, horren artegile handia galtzeaz samintzen zen errealitatearekin lotzen.
Rafael gazte hil bazen ere, bere lanaren eragina eta garrantzia handiak izan ziren oso. Harrigarria da bere trebetasuna zenbaterainokoa izan zen, mota askotako eraginak jasoz eta bere estilo propioa garatuz. Margogintzaren irakaspen guztiak menperatuz Rafaelek bere ekarpen propioa ere egin zuen bilakaera adierazgarri batekin, klasikotasun handiko lanetatik hasi eta manierismoaren atarietaraino. Leonardo eta Migel Angelen itzalean bizi izan zen luzaroan Urbinoko artista baina, bere estiloaren heldutasunera iristean inor gutxik jarri zuen bere maisutasuna, aurreko biekin batera errenazimentuko artisten gailurrera jasoaz.
-
Galatea, 1512, lan mitologiko nagusi bakarra, Chigi villan.
-
Mirarizko arrantza, 1515, geratzen diren tapizentzako zazpi marrazkietako bat.
-
Kalbariora bidean (Il Spasimo) 1517.
-
Antzaldatzea, 1520, heriotzagatik amaitu gabea.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
- ↑ a b EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ Klein, Robert, 1918-1967.. (). Italian art, 1500-1600 : sources and documents. (Northwestern University Press pbk. ed. argitaraldia) Northwestern University Press, 44 or. ISBN 0-8101-0852-6. PMC 20418609. (Noiz kontsultatua: 2020-09-17).
- ↑ Pomella, Andrea.. (). Museos Vaticanos. Musei Vaticani, 111 or. ISBN 978-88-8271-613-4. PMC 1187094075. (Noiz kontsultatua: 2020-09-17).
- ↑ a b Pérez-Rubín, Carlos (2008), «Arte y simbolismo», Revistas.ucm.es, 139. orr.
- ↑ Martínez Jiménez, José Antonio.. (2011). Lengua castellana y literatura, 3 ESO. Akal ISBN 978-84-460-3367-7. PMC 768472438. (Noiz kontsultatua: 2020-09-17).
- ↑ Kleinbub, Christian K., 1976-. (2011). Vision and the visionary in Raphael. Pennsylvania State University Press ISBN 978-0-271-03704-2. PMC 607574322. (Noiz kontsultatua: 2020-09-17).
- ↑ John Fleming (1982). A World History of Art. London: Macmillan. 357. orr.
- ↑ Talvacchia, Bette, 1951-. (). Raphael. Phaidon, 8 or. ISBN 978-0-7148-4786-3. PMC 173499661. (Noiz kontsultatua: 2020-09-17).
- ↑ Vasari, Life of Raphael, hemendik hartua: Lives of the Artists, erabilitako edizioa: Artists of the Renaissance selected & ed Malcolm Bull, Penguin 1965. 208 eta 230. orr.
- ↑ Osborne, June. Urbino: The Story of a Renaissance City. 3. orr.
- ↑ a b Jones, Roger, 1947-. (1983). Raphael. Yale University Press ISBN 0-300-03061-4. PMC 9280834. (Noiz kontsultatua: 2020-09-17).
- ↑ Vasari (2000): 207.
- ↑ Jones eta Penny: 204.
- ↑ irudia
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) Rafaelen margolanak