Suedia
Suedia[1] (suedieraz: Sverige, ˈsværjɛ ahoskatua), ofizialki Suediako Erresuma (suedieraz: Konungariket Sverige), Europa iparraldeko estatu bat da, Europar Batasuneko kidea. Eskandinaviar penintsulako ekialdean dago kokatua. Mugakide ditu iparraldean Norvegia eta Finlandia, ekialdean Finlandia eta Botnia golkoa, hegoaldean Itsaso Baltikoa eta mendebaldean Norvegia eta Ipar Itsasoa. Horrez gainera, Öresund zubiaren bidez, Danimarkarekin lotuta dago, 2000. urtetik.
Stockholm da hiriburua eta biztanle gehieneko hiria. Suediako biztanleria gehiena (%85 inguru) hiri guneetan bizi da. Horrela, populazio dentsitatea baxua da (21 biztanle/km²).
Geografia
aldatuEskualde naturalak
aldatuEskandinaviar penintsulan kokatuta, 449.964 km²-ko azalera du. Europako bosgarren estatu handiena da azalerari dagokionez (munduko estatuen artean 55.a). Lurrazal gehiena (%78) basoz osatuta dago. Hegoaldean hosto galkorreko zuhaitzak dira ugarien, eta iparraldean koniferoak, garoak eta urkiak. Nekazaritzarako erabiltzeko lurrak, aldiz, %1a baino ez dira, hegoaldean kokatuak. Iparraldera hurbildu ahala, basoek erabateko nagusitza hartzen dute. Mendi eta muinoak mendebaldean dira nagusi, Norvegiarekin mugan (Eskandinaviako mendiak); gainerako lurralde gehiena nahiko laua da. Suediako punturik altuena Kebnekaise mendia da (2.111 m) eta baxuena Hammarsjön lakuaren badia (-2,41 m), hegoaldean.
Uharteak
aldatuSuediako irlarik handienak Gotland eta Öland dira. Lakurik handienak, berriz, Vänern eta Vättern dira.
Erliebea
aldatuHerrialdearen ekialdean, Itsaso Baltikoa eta Botniako Golkoa daude, Suediari kosta lerro zabal bat eskaintzen, zeinek klima gehiago epeltzen duten. Mendebaldean Eskandinaviako mendiak daude, Suedia eta Norvegia mugatuz. Mendi horiek itsasoko lainoen sarrera eragozten dute. Horregatik, urteko prezipitazio kopurua baxua da Suedian.
Hidrografia
aldatuSuediak hainbat aintzira handi ditu, bereziki hegoaldean. Handienak Vänern, Vättern eta Mälaren dira. Ibaiei dagokionez luzeenak Eskandinaviako Alpeetan hasi eta urak Itsaso Baltikora isurtzen dituztenak dira, adibidez Dalälven (520 km), Torneälven (510 km) eta Umeälven (470 km). Klarälven bestalde ibaiak Vänern aintzirara isurtzen ditu urak eta handik Göta ibaia ateratzen da Kattegaten itsasoratzeko. Guztiak bat eginda 740 km-ko luzera hartzen du eta honek Eskandinavia guztiko ibai luzeena bihurtuko luke.
Klima
aldatuSuediak gehienbat klima epela du, nahiz eta bere latitudea oso iparrekoa izan. Golkoko itsaslasterrari esker gertatzen da hori. Suediako iparraldeko mendietan klima subartikoa da nagusi. Zirkulu artikotik iparraldera dagoen herrialdearen zatian, udan ez da inoiz eguzkia ezkutatzen eta neguan gauak amaigabeak dira.
Historia
aldatuGaur egun Suedia bezala ezagutzen den lurraldea, Harri Aroan izan zen jendeztatua, azkenengo glaziazioaren izotza gutxitzen hasi zen heinean. Lehenengo biztanleak, ehiztariak eta biltzaileak zirela uste da.
Teoria batek dio, Suetziako populazioa oso dentsoa izan zela Brontze Aroan ere, periodio hartako herri komertzialetako hainbat aurkipen egin baitira.
IX. mende eta X. mendeen bitartean, kultura bikingoa izan zen nagusi, komertzioa, inbasioak eta kolonizazioak ekialderantz aurreratuz, herrialde baltiko, Errusia eta Itsaso Beltzerantz.
1389an, Norvegia, Danimarka eta Suedia errege bakar batez izan ziren lotuak. Kalmarko Batasuna lotura pertsonal bat bezala hartua izan zen, eta XV. mendean Suedia ukatu egin zen botereak Norvegiako erregetzan zentralizatzen, eta honek altxamendu armatuak ere eragin zituen. 1521. urtean Suediak lotura hori alde batera utzi zuen, Gustav Eriksson Vasak, Suediar koroaren banaketa ezarri zuenean.
XVII. mendean, Suedia Europako indar nagusienetako batean bihurtu zen, Hogeita hamar Urteko Gerran parte hartzearen ondorioz, honela Suediar Inperioa sortu zen. Egoera honek gainbehera egin zuen, Errusia, Iparraldeko Gerra Handian buru izatera igaro zenean, Suedia bi zatitan banatuz 1809an, honela Finlandia sortuz.
Azken urteetako historia baketsua izan da Suedian, bere azkenengo gerratea 1814. urtean Norvegiaren aurka izan zelarik. Gerrate honen ondorioz bi herrialdeek lotura bat sortu zuten, 1905eko urriaren 26an desegina izan zena era baketsuan, nahiz eta arazo batzuk izan ziren. Suedia neutralitatean mantendu zen bi mundu gerrateetan eta politika honekin jarraitu zuen Gerra Hotzaren bitartean. Gaur egun ez da ezta elkarte militar baten kide, baina NATOko entrenamendu militaretan parte har izan du.
Gobernua eta administrazioa
aldatuPolitika
aldatuSuedia monarkia parlamentarioa da. 1809an onartutako konstituzioaren arabera, botere politikoa hiru ataletan banatzen da: legegilea, betearazlea eta judiziala. Botere legegilea ganbera bakarreko Riksdag edo Parlamentuak burutzen du. Botere betearazlea Erregeak (egungo erregea Karlos XVI.a Gustavo da) dauka, baina Ministroen kontseiluak eramaten du aurrera. Botere judiziala 1734ean antolatu zen. Bere baitan daude lehen instantziako auzitegiak, Entzutegiak eta Erregearen Auzitegi Gorena.
Sufragioa unibertsala da 18 urtetik aurrera, eta hauteskunde orokorretan parte-hartzea nahiko altua izan ohi da (%81ekoa 1998an). 2014an aukeratutako parlamentua honela zegoen osatuta:
- Alderdi Sozialdemokrata (SAP): 113 eserleku.
- Alderdi Moderatua (M): 84 eserleku.
- Suediako Demokratak (SD): 48 eserleku.
- Alderdi Berdea (MP): 25 eserleku.
- Zentruko Alderdia (C): 22 eserleku.
- Liberalak (L): 19 eserleku.
- Alderdi Kristau Demokrata (KD): 16 eserleku.
- Ezkerreko Alderdia (V): 21 eserleku.
- Independenteak: eserleku 1.
2006ko hauteskundeen ondoren, Moderatuek, Zentristek, Popular Liberalek eta Kristau Demokratek zentru eskuineko gobernua osatu zuten, Alderdi Sozialdemokratak urte askotan edukitako monopolioari amaiera emanez. 2010ean koalizio hori errepikatu zen. Baina 2010an boterea berreskuratu eta 2014an Berdeekin batera osatu du Gobernua. Horrela beraz Stefan Löfven bihurtu zen Suediako Lehen Ministro.
Banaketa administratiboa
aldatuSuedia 21 konderri edo län-etan dago banatuta. Konderri bakoitzean batzorde administratibo bat dago, gobernuak izendatua izaten dena. Konderri bakoitzean ere kontzeju bat badago, zein udalerriaren ordezkari da. Kontzeju hau konderriko hautesleriak aukeratzen du. Aldi berean, konderri bakoitza udalerrietan dago banatuta, guztira 289 batuz.
|
|
Horrez gain, Suediak 25 landskap izeneko probintzia edo eskualde historikoak ditu. Probintzia horiek ez dute eginkizun administratiborik, baina ondare historikoaren, kultura-identitatearen eta ohituren ikuspegitik balio handia dute.
|
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatuSuediak 9.658.301 biztanle dut 2013ko erroldaren arabera. Stockholm eta Göteborgeko metropoli eremuetan herrialdearen herena bizi da, iparraldean ordea dentsitate oso baxua dauka, baldintza klimatikoen gogortasunarengatik. Suediarrek bizitza itxaropen altuenetako bat dute eta baita munduko jaiotza tasa baxuenetako bat ere.
Banaketa etnikoa
aldatuSuediako biztanle gehienak suediar jatorrikoak dira; dena den, herrialdeak gutxienez 17.000 indigena laponiar ditu eta 50.000 finlandiar ere, bi talde hauek bi gutxiengo etniko garrantzitsuenak dira.
Suedia emigrazio nazio bat Lehen Mundu Gerraren ostean, inmigrazio nazio bat bihurtu zen Bigarren Mundu Gerraren ostean. Biztanleriaren %12 ia herrialdetik kanpo jaiotakoak dira eta %25 hauen semeak edo inmigratzaileak dira. Inmigratzaile talde handienak Finlandiatik datoz, baita Jugoslavia, Iran, Norvegia, Danimarka eta Poloniatik. Hego Amerikatik etorriak ere asko dira, batez ere Txile, Uruguai eta Argentinatik.
Gerra Hotzaren garaitik errefuxiatuentzako babesleku izan da. Hala, Pragako Udaberriaren edo Hungariako Iraultzaren osteko sobietar errepresiotik ihesi zihoazenek Suedian aurkitu zuten babesa, baita 1973ko irailaren 11n Txilen izan zen estatu kolpetik eta Pinocheten diktadura basatitik ihesi zihoazenek ere, besteak beste.
Hizkuntzak
aldatuSuediako hizkuntza nagusia suediera da. Suediera hizkuntza germanikoa da, daniera eta norvegierarekin lotua, baina ortografia eta ahoskera bereziarekin. Hizkuntza hau de facto izan da hizkuntza nazionala, baina ez dago berez horrela aitortua. 2000ko apirilaren 1ean beste hizkuntza batzuei (meänkieli, finlandiera, samiera, yiddisha eta romania) errekonozimendu ofiziala eman zitzaien, gutxiengoen hizkuntza gisa.
Ingelesa gero eta gehiago ikasten da ikastetxeetan, eta 50 urtetik beherako suediar gehienek erabil dezakete. Gaztelania, frantsesa eta alemana ere irakasten dira eskoletan.
Erlijioa
aldatuXI. mendetik aurrera Kristautasuna hedatzen joan zen. Erreforma Protestantearen garaian Eliza Katolikoarekin hautsi eta luterano bihurtu ziren bertako agintariak eta, ondorioz, baita herritar gehienak ere. XVIII. mendera arte Katoliko eta juduek eragozpen larriak zituzten Suedian bizi edo lan egiteko. 1951n onartu zen Askatasun erlijiosorako legea.
Gaur egun biztanleriaren %63'2ak Suediako eliza (Svenska kyrkan) jarraitzen du, luteranismoa oinarri duena. 3.500 eliza inguru ditu eta 6 milioitik gora jarraitzaile. Beste erlijio komunitateak Eliza ortodoxoa (100.000) eta Katolikoak (92.000) dira. Azken urteetan musulman ugari etorri dira, 400.000 inguru, hauetatik 110.000 inguruk dute kongregazioan izena emana.
Hiri nagusiak
aldatuHonako hauek dira Suediako hiri handienak:
Hiria | Populazioa (2010) | |
---|---|---|
1 | Stockholm | 851.155 bizt. |
2 | Göteborg | 516.532 bizt. |
3 | Malmö | 293.909 bizt. |
4 | Uppsala | 140.454 bizt. |
5 | Västerås | 110.877 bizt. |
6 | Örebro | 107.038 bizt. |
7 | Linköping | 104.232 bizt. |
8 | Helsingborg | 97.122 bizt. |
9 | Jönköping | 89.396 bizt. |
10 | Norrköping | 83.561 bizt. |
Ekonomia
aldatuEuropako gainerako herrialdeek bezalaxe, Suediako ekonomiak atzeraldia izan zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran. Suediako gobernuak zenbait neurri hartu zuen egoera horri aurre egiteko, eta berehala lortu zituen emaitzak: produkzioak, esportazioei esker, gora egin zuen, industriaren produktibitatea hobetu egin zen 1992ko koroaren baliogabetzearen eta langileen lan orduak gehitzearen ondoren.
Finantzen oreka bere onera itzuli zen, zorra mugatu zen, prezioak egonkortu ziren (% 1,5eko inflazioa 1998an), eta truke tasak eta interesak txikitu. Krisiak sektore publikoan izan zuen eragin handiena, eta langabeziari (biztanleria aktiboaren % 8) konponbindea aurkitu ezinik dabil gobernua.
Nekazaritza
aldatuSuedia buruaskia da nekazaritza gaiei dagokionez, eta basoen ustiakuntzan, burdin meategietan eta baliabide hidraulikoetan oinarritzen da industria. Nekazaritzak BPGren % 2 eta biztanleria aktiboaren % 3 besterik ez du hartzen, baina hala ere herrialdeko beharren parte handi bat asetzeko adinakoa da. Abere hazkuntzarekin zerikusia duten jarduerak dira nagusiak (garagarra, haragia, esnea, etab.).
Laboreetan gehien lantzen dena garagarra da, eta labore-lurren % 16 hartzen du; oloa (% 14) eta garia (% 11) gutxiago lantzen dira. Larru ekoizle handia da Suedia, bisoiarena batez ere. Arrantzari dagokionez, sardinzarra da gehien harrapatzen dena (guztiaren bi heren); bakailaoa, amuarraina eta berdela ere arrantzatzen dira.
Arrantza
aldatuStockholm eta Göteborg dira arrantza portu nagusiak. Meatzaritza, baso eta energia hidroelektrikoaren industriari esker, industria herrialde modernoa bihurtu da Suedia. 1980ko hamarraldian Europako herrialde industrializatuenetako bat zen. Eraikuntzarako zur erreserba handienetako bat du (herrialdearen % 68).
Meatzaritza eta industria
aldatuMeatzaritzak, bertako kontsumoari dagokionez, garrantzi handia du, eta baita nazioarteko merkataritzari dagokionez ere. Baina meak ustiatzeko industriak beheraldia izan zuen 1970eko hamarraldian. Suedia Europar Batasuneko burdin, berun, zilar eta urre ekoizle nagusia da. Aberatsa da baliabide hidraulikoei dagokionez, eta bertan sortzen da elektrizatearen % 47.
Azken urteetan, industria tradizionalez gainera (burdina eta zura), gero eta garrantzi handiagoa hartu dute eraikuntza mekanikoek eta goi mailako teknologiak. Suediaren tamainako herrialde gutxik dute hark dituen aeronatika industriak eta industria nuklearrak, automobil fabrikatzaileak, abangoardiako sektore militar-industriala, goi mailako teknologiako telekomunikazio industria; horrez gainera, bi botika talde indartsu ditu.
Stockholm, Göteborg, Linköping, Malmö eta Trollhättan dira industria gune nagusiak. Industria kimikoan jende askok lan egiten badu ere, produkzioaren parte txiki bat besterik ez du esportatzen. Goi teknologiako sektoreak, hala nola informatika, elektronika eta medikuntza teknikak, industria produkzio guztian parte txikia badute ere, munduko herrialde aurreratuenetakoa da Suedia ikerketaren alorrean.
Hirugarren sektoreak hartzen du langile kopuruaren gehiena; zerbitzuetan % 70k egiten du lana, eta BPGren % 63 sortzen du. Suediaren ekonomian garrantzi handia du kanpoko merkataritzak. Alemania, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Norvegia, Danimarka, Frantzia, Herbehereak eta Finladiarekin ditu merkataritza harreman nagusiak.
Azken urteak
aldatu1990eko ekonomia krisiaren ondoren Suediako gobernuak hainbat neurri hartu zuen enpleguaren alorrean: zerbitzu publikoetako lanpostu kopurua % 10 jaitsi zuen eta zerbitzu horiek aldez pribatizatu zituen. Zerga sistema ere aldatu egin zuen: errenta zergak gutxitu egin ziren eta ondasunen eta zerbitzuen gaineko zergak handitu.
Gastu publikoak garbitzea eta prezioak orekatzea zen neurri horien helburu nagusia. 1998an % 8,1 langabetu zeuden Suedian, baina kontuan hartuta enpleguaren aldeko neurrien onuradun zirenak, kopuru hori % 12,6ra igotzen da. Gazteak, etorkinak eta emakumeak dira langabetu gehienak. 2008ko udazkenean, Suediako ekonomia errezesioan erori zen, nazioarteko krisi ekonomikoaren eraginez
Azpiegiturak
aldatuAireportuak
aldatuIkus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.
Kultura
aldatuLiteratura
aldatuSuedierazko idazleen artean Astrid Lindgren ("Pippi Långstrump") ezagunenetarikoa dugu, bai eta Nobel Saria lortu zuten Selma Lagerlöf (1909) eta Pär Fabian Lagerkvist (1951) ere, besteak beste.
Musika
aldatuPop esparruan, ABBA oso musika talde arrakastatsua izan zen 1970eko hamarkadan, eta oraindik gaur egun ere. Heavy metalen, In Flames taldea dugu, besteak beste. Folk musikaren arloan, Hedningarna taldea nabarmentzekoa da.
Zinema
aldatuZinema zuzendari handien artean Ingmar Bergman suediarra dugu. AEBetan arrakasta itzela lortu zuten aktoreak Greta Garbo eta Ingrid Bergman izan ziren.
Kirolak
aldatuSuediako kirol ezagunenak neguko kirolak diren arren futbola da nagusi. Suediako talde nagusiak Malmö FF, IFK Göteborg eta Stockholmeko hainbat talde dira. Malmo Europako Kopako finalista izan zen 1979an eta Göteborgek bi UEFA Kopa irabazi ditu. Munduko liga zaharrenetako bat du, 1896an sortu baitzen. Suediako futbol selekzio nazionalak ere maila ona eman du eta etxean jokaturiko 1958ko Munduko Futbol Txapelketan finala jokatu zuen. 1948ko Joko Olinpikoetako Futbol Txapelketa irabazi zuen gainera. Nesken selekzioa Europako txapelduna izan zen 1984an eta Munduko Txapelketako finala jokatu zuen 2003an.
Suediako eskubaloi selekzio nazionala munduko talde indartsuenetakoa da. Munduko Eskubaloi Txapelketan domina gehien lortu duen taldea da (11 guztira 2011 arte), bai eta Europako Eskubaloi Txapelketan titulu gehien eskuratu duena ere (4).
Mundu mailako sona lortu zuten tenislari ugari ere suediarrak dira, hala nola Björn Borg, Mats Wilander eta Stefan Edberg.
Aipatzekoa da azkenik Suedian Bandy kirolak indar handia hartu du, errusiarrekin batera munduko talde onenak bertakoak dira. IF Boltic eta Västerås SK-ek seina munduko txapelketa irabazi dute.
Ondasun nabarmenak
aldatuStockholm
aldatu-
Gamla Stan (alde zaharra).
-
Stortorget enparantza.
-
Skansen, aire-libreko museoa.
Hiri handienak
aldatuHiri eta herri historikoak
aldatu-
Lund.
Gazteluak eta jauregiak
aldatuElizak
aldatuMuseoak
aldatu-
Gustavianum (Uppsala).
-
Bildmuseet (Umeå).
Aintzirak
aldatuNaturgune babestuak
aldatu-
Dalälven ibaia.
Gizateriaren Ondarea
aldatuAztarnategi arkeologikoak
aldatuKanpo estekak
aldatu- Gobernuaren webgune ofiziala (Suedieraz)(Ingelesez)
- The official gateway to Sweden (Suedieraz)(Ingelesez)(Alemanez)(Gaztelaniaz)(Errusieraz)
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/09/09 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.