Edukira joan

Arkitektura gotikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arkitektura gotiko» orritik birbideratua)
Baionako katedrala.

Arkitektura gotikoa arkitektura estilo bat da, Europan jaio eta garatu zena Erdi Aroko azken mendeetan. XII. mendean sortu zen, frantziar estilo izenarekin (opus francigenum). Gotiko izena pizkundetar arkitekturaren sustatzaileek ezarri zioten XV. mendean, estilo hori gutxiesteko asmoz, bere frantziar jatorriak godo izaera ematen ziolakoan. Izan ere, pizkundetarrek antzinaro klasikoko artea goresten zuten; beraz, gotikoak bestelako oinarria zuenez, maila xumeagokotzat zuten.

Gaur egun 20 euroko billeteetan agertzen den arkitektura garaia da.

Arkitektura gotikoak ez du inolako erlaziorik godoekin. Gutxiesteko erabili izan zen izena izan zen, kultura zatarra eta barbaroa deskribatzeko. Giorgio Vasari izan zen izendapen honen asmatzailea 1530. hamarkadan. Autore honen eta garaikideen arabera Erdi Aroko artea eta batez ere arkitektura, perfekzioarekiko kontrajarria da, iluna eta negatiboa. Berehala erlazionatzen zuten garai honetako artea godoekin, Antzinako Erroma 410. urtean suntsitu zuen herriarekin alegia. Horregatik Vasarik sortzen du izendapen hau, adierazi negatiboa egotzi nahian, barbaro eta bandaloei dagokien estiloa dela adierazi nahian.[1]

Arkitektura gotikoa, XII. mendeko arkitektura erromanikoaren ondoren sortzen den arren, printzipio kontrajarriak dituzte. Europako arkitekturak izan duen haustura estilistiko nabarienetakoa da hau. Iraultza honen gakoen artean, San Agustinek babesten zuen "Platonen idealismoak" duen atzerakada dago, eta San Tomas Akinokoak berreskuratzen duen Aristotelesen filosofia gailendu izana dago, zentzumenetan oinarritzen den filosofiaren ideia berreskuratuz alegia. Zentzumenak beharrezkoak dira beraz, ezagutzaren benetako iturri.[2]

Neurria eta argiaren azterketa funtsezkoa dugu. Ecclesia gotikoek, guztiz harmoniatsu, orekatu eta neurridunak izan behar zuten, lehen aipatutako egia unibertsala edo errealitate metafisikoa kontenplatu ahal izateko. Neurriaren kontzeptu horretan, San Agustinen filosofia ezinbestekoa izan zen. Agustin Hiponakoak, musikan aplikatzen ziren printzipio matematikoak, artean ere aplikagarriak zirela esan zuen; musika eta artea ahizpak omen ziren, biak zenbakietatik jaiotzen baitziren. Honek eragina izan zuen XII. mendeko Frantzian[3]: honetan bi korronte nagusi sortu ziren. Bata, Chartresko katedralaren Eskolako talde platonikoek osatu zuten, Thierry Chartreskoa aitzindaria izanik; bigarrena, Cîteauxeko eta Clairvauxko monasterioetan sortutako mugimendu zistertarrak osatu zuen, San Bernardoren eskutik. Bi korronte hauek funtsezkoan izan ziren Gotikoaren sorrerarako.

  • Lehenengo mugimenduak sekulako garrantzia eman zion geometriari. Korronte honen pentsalariak mundua printzipio geometrikoen bidez azaltzen saiatu ziren. Honekin batera, kosmosaren sorrera musikari egotzi zioten (kosmosa, obra sinfoniko bat bezala sortu izan zen). Honek garaiko arkitekturan sekulako eragina izan zuen. Eraikuntzetan proportzio geometriko perfektuak gauzatzen saiatu ziren. Erdi Aroko arkitektoa geometra bat zen; Jainkoa munduaren maisu edo arkitektoa izan zen bezala, horrela ikusten zuen bere burua arkitekto gotiko batek katedral bat egiterakoan (neurri jainkotiarrak hartzen zituen eredutzat: Noeren Kutxa, Moisesen Tabernakulua, Salomonen Tenplua eta abar).
  • Bigarren mugimendu zistertarra, mugimendu espirituala izan zen. Bernardo Clairvauxkoak zorrotz kritikatu zuen klunitar ordena, bere oparotasun edo gehiegikeriagatik. San Bernardok aszetismoa eta austeritatea bultzatu zuen. Honek ere islatu zen artean: elementu arkitektonikoen nagusigoa bideratu zen, elementu figuratiboen gainetik (klunitar irudi neurrigabe eta arraroak baztertuz).

V. mendeko Pseudo-Aeropagita izeneko teologo siriarraren pentsamendua ezinbestekoa izan zen argiaren kontzeptu gotikorako. Erdi Aroan, edertasuna, proportzioa eta argiaren bidez ulertu zuten. Argiaren estetikak (fenomeno naturalen artean, nobleena) eta argiaren metafisikak (Jainkoaren manifestazioa zen argia), bat egin zuten XII. eta XIII. mendetan. Argiak, metafisika eta teologiaren ateak ireki ahal zituen.[4]

Gotikoa eraikitzeko tekniken bilakaeraren, eta hiriko kultura baten garapenaren emaitza izan zen. Garai haietan (XII.-XIII. mendeak), Europa osoan izandako loraldi ekonomiko eta sozialaren ondorioz, hiri berriak sortzeari ekin zitzaion (Euskal Herrian Gasteiz, Donostia eta abar). Hiriko kultura horren irudikapen nagusia katedrala zen, aldi berean izaera erlijiosoko eraikina eta hiriaren oparotasunaren ikurra zena.

Estilo hau Saint-Denisko basilikan sortu zen, Paristik gertu. Bertako abadea Saint-Denisko Suger zen garai haietan. Bertako elizak duen fatxada berak diseinatu zuen jaiotzen ari zen gotikoaren arauen arabera. Baina guztiz gotikoa izan zen lehen eraketa, eliza horretako koroa izan zen, 1144. urtean. Estilo hau azkar hedatu zen Frantziaren iparraldean eta Ingalaterran, ondoren batez ere Frantzia osoan zehar, Germaniako Erromatar Inperio Sainduan, eta Gaztelako Erresuman. Italian ez zuen onarpen handirik izan, berandu sartu zen, eta oso eremu txikian. Nafarroako Erresuman ere eragina izan zuen gotikoak.[5]

Arkitekturaren ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mentalitate aldaketarekin, artean eta beraz arkitekturan, oreka simetrikoa, erregulartasuna eta geometrismo erromanikoa baztertzen dira. Arkitektoek jada ez dute mugatuko beren sormena forma erregularretara - zirkuluak eta karratuak batez ere -

Arkitektura gotikoaren ezaugarri nagusien artean bertikaltasuna eta hormaren desmaterializazioaren ideia nabarmentzen dira, eraikuntzaren ia barrualde osoan argia sartzea ahalbidetzen zuena. Horretarako arku zorrotzaren asmakizuna funtsezko baliabidea izan zen. Bultzadak arku eta nerbioen bidez banatu eta horiek eraikuntzaren kanpoko hormabularrera ostiko-arkuen bidez transmititzen zirenez, ez zen beharrezkoa horma lodiak eraikitzea.

Euskal Herriko adibideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Maroto Fernández, José.. (2009). Historia del arte, Bachillerato. (1a. ed. argitaraldia) Casals ISBN 978-84-218-4021-4. PMC 733674209. (Noiz kontsultatua: 2020-02-24).
  2. Fletcher, Banister; Fletcher, Banister. (1905). A history of architecture on the comparative method. London : Batsford (Noiz kontsultatua: 2020-02-24).
  3. Gothic : architecture, sculpture, painting. (Special ed. argitaraldia) Ullmann & Könemann 2007 ISBN 978-0-8416-0068-3. PMC 183264522. (Noiz kontsultatua: 2020-02-24).
  4. [http://www.uned-historia.es/sites/default/files/Apuntes/HABEM_bloggradoarte.pdf HISTORIA DEL ARTE EN LA BAJA EDAD MEDIA. ].
  5. Trachtenberg, Marvin.. (1990). Arquitectura, de la prehistoria a la postmodernidad : la tradición occidental. Ediciones Akal ISBN 84-7600-628-4. PMC 318269188. (Noiz kontsultatua: 2020-02-24).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
pFad - Phonifier reborn

Pfad - The Proxy pFad of © 2024 Garber Painting. All rights reserved.

Note: This service is not intended for secure transactions such as banking, social media, email, or purchasing. Use at your own risk. We assume no liability whatsoever for broken pages.


Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy