Content-Length: 151544 | pFad | http://eu.wikipedia.org/wiki/Georges_Rouault

Georges Rouault - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Georges Rouault

Wikipedia, Entziklopedia askea
Georges Rouault

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGeorges Henri Rouault
JaiotzaParisko 19. barrutia eta Paris1871ko maiatzaren 27a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParisko 12. barrutia eta Paris1958ko otsailaren 13a (86 urte)
Hobiratze lekuaCemetery of Saint-Louis, Versailles (en) Itzuli
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaArte Ederren Goi Eskola Nazionala
École nationale supérieure des arts décoratifs (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
Irakaslea(k)Gustave Moreau
Jarduerak
Jarduerakeduki-editorea, margolaria, artista grafikoa, ilustratzailea, zeramikaria eta marrazkilaria
Jasotako sariak
KidetzaComité national de l'estampe (en) Itzuli
Mugimenduaespresionismoa
sinbolismoa

Find a Grave: 8640 Edit the value on Wikidata

Georges Rouault (Paris, Frantzia, 1871ko maiatzaren 27a - 1958ko otsailaren 13a) margolari espresionista izan zen.

Aita arotza zuen, eta ama jostuna. Pinturaren zaletasuna eta artearekiko errespetua bere aitonaren eraginez sortu zitzaizkion. Parisko Arte Ederretako Eskolan sartu zen 1891n, eta Gustave Moreau margolari sinbolistaren ikasle izan zen. Fauvisten taldeko kide izan zen, eta 1905. urteko erakusketa fauvistan parte hartu zuen. Akuarela erabili zuen batez ere Lehen Mundu Gerra amaitu zen arte; bizitza modernoko alde kontrajarriak (prostitutei, pailazoei eta epaileei buruzko koadro-sailak) kritikatu zituen zorroztasun handiz, ikuspegi kristau sakon batetik betiere. 1918. urtetik aurrera olioa erabiltzen hasi zen; Jesus gurutzean (1918) eta Beronikaren zapia (1933) koadroak pintatu zituen. Garai hartan, halaber, Sergei Diaghileven Balletarentzako diseinu-lanak eta grabatuak egin zituen, Miserere liburu zoragarria besteren artean (1948).

Rouault bai bere margolanen estiloagatik, bai lantzen zituen gai kristauengatik, arte modernoko joera nagusietatik kanpo gelditzen da. Dena dela, nahiz eta joera horietatik urrun aritzen zen, ez ziren erabat arrotzak Rouaultentzat, ez behintzat emaitza plastikoei dagokionez. Rouault bakartia zen, artista independentea.

Hamalau urte zituela Tamoni beira-margotzailearekin hasi zen marrazkigintza ikasten, eta ondoren Hirschengana (antzinako beirategiak kopiatzen zituena) joan zen. Lantegi horietan lanean ari zela, Arte Apaingarrietako Eskolan ikasten zuen gauez.

Trebetasun eta estilo handia zuen, antza, eskolan; hain zen iaioa, ezen Albert Besnardek proposatu baitzion Farmazia Eskolako beirategiak egiteko. 1890ean Arte Ederretako Eskolan sartu zen. Lehendabizi, Elie Dalaunayren ikasle izan zen, eta, hura hil zenean, Gustave Moreau izan zuen irakasle. Moreauren pedagogia-metodoa naturaren behaketan eta maisu handien azterketan oinarritzen zen; bestalde, saiatzen zen ikasleek zeinek bere benetako izaera erakuts zezaten. Rouaulten ustez, ordea, irakaskuntza-eredu hura erabat zaharkiturik zegoen, eta Erromako Sarira bitan aurkeztu eta porrot egin ondoren (1893 eta 1895), eskola utzi eta lanean hasi zen, bere kabuz. Eskolarekin izan zuen haustura horrek, hala ere, ez zuen berebiziko eragina izan Rouaulten pinturan: zenbait urtetan (1895-1901) Eskritura Santuan oinarritutako artista frantsesen erakusketa ofizialetan hainbat olio-pintura erakutsi zituen. Garai horretan, Rouaulten estiloaren bilakaera motela eta ia somaezina izan zen; bilakaera hori, gainera, erakusketa ofizialeko lanetan baino gehiago marrazki eta paisaietan atzeman zitekeen.

Georges Rouault margolari independentearen bi obra, San Petersburgoko Ermitage museoan ikusgai biak. Ezkerrean, Udaberria (1911). Eskuinean, Emagalduak
Ezkerrean, Udaberria (1911); eskuinean, Emagalduak. San Petersburgoko Ermitage Museoan ikusgai biak

1898an, Moreau hil zenean, krisialdi bat hasi zen Rouaultentzat, krisialdi morala eta fisikoa aldi berean. Moreauren lanekin museo txiki bat egin zen Parisen, eta Museoko arduradun izendatu zuten Rouault. Garai horretan, bestalde, arte modernoaren ingurura hurbildu zen: Toulouse-Lautrec, Cézanne. 1901. urte inguruan kristautasunera itzuli zen, eta J. K. Huysmans eta Leon Bloy idazle kristau ospetsuak ezagutu zituen. Eragin handia izan zuten idazle haiek Rouaulten ondorengo lanetan.

Rouaulten tematikak homogeneoa badirudi ere, garai batetik bestera aldatu egiten da artistaren beraren barruko bilakaeraren arabera. Erlijio-gaiak dira Rouaulten lanetan nagusiak, baina Elizaren enkarguz gutxi batzuetan besterik ez zuen lan egin: 1945ean, Devemy eta R.P. Couturierrek eskatuta, bost beira-leiho egin zituen Assyko elizarako, eta 1949tik aurrera Ligugeko abade etxerako esmalteen maketak osatu zituen. 1900-1902 urteen bitartean lortu zuen Rouaultek, pintore gisa, independentzia: Jaungoikoa aurkitu zuen berriz ere. Ondorengo hamabost urteak iraultza-urteak izan zituela esan daiteke; Haurra, Iheslaria, Emagaldua, Pailazoa eta Buruak gaiak erabiltzen zituen Rouaultek gizakiaren gainbeheraren aurrean bere baitan sentitzen zuen haserre mingarria erakusteko. Aita hil (1912) eta ondorengo urteetan (Lehen Mundu Gerra) beste aldi bati ekin zion Rouaultek: Miserere lanerako grabatuak egin zituen Ambroise Vollarden enkarguz, eta Charles Baudelaireren Les Fleurs du mal. 1907. urtetik aurrera Epaileak izan ziren Rouaulten begiko pertsonaiak, eta 1912. urtetik aurrera, behiz, Pailazoak izan zuen nagusi: pailazoa, heroia eta biktima aldi berean, Kristoren bikoitza dela esan daiteke, eta hortaz, gizakiaren sinboloa. Ondorengo aldiko (1930-1948) lanetan zenbait lanetan Bigarren Mundu Gerrak eragin dramatikoa izan zuen. Pailazoen, printzesen eta santuen seriotasun barea (Veronique, 1945. urte inguruan), Bibliako pasarteek duten giroa, eta Gurutziltzatuen eta Ecce Homo-en irribarre errukiorra artistaren heldutasun espiritualaren ispilu dira. 1948-1958 urteen bitartean, Jainkoaren inguruko gaiak alde batera mistikoaren garaia izan zen, nolabait esateko. Gustave Moreauren irakaspenetatik oinarri nagusi bat atera zuen Rouaultek: adierazpenaren zintzotasuna, Rouaulten izaerari atxikia.

Ezkerrean, Rouaulten Errege Zabarra (1916-1937), Carnegie Institute, Pittsburg. Eskuinean, egile beraren Emagaldua ispiluaren aurrean (1906 ing.), Georges Pompidou Arte Modernoko Nazio Museoa, Paris.
Ezkerrean, Errege Zabarra (1916-1937); eskuinean, Emagaldua ispiluaren aurrean (1906 ingurukoa).

Rouaulten lehenengo koloreetan beltz eta urdinak ziren nagusi. Rouaultek ez zuen ia fauvismoarekin loturarik izan; sorreran (1903) parte hartu zuen, eta 1905ean fauvistekin batera egin zuen erakusketa bat. Rouaultek, garai hartan, Durnierren eta Lautrecen errepertorioen arteko sintesia egiten zuen. Rouaulten artean Gerra Handiaren ondorengo faktore nagusiek eragin zuten: batetik, 1906-1912 urteen bitartean Metheyren lantegian zeramika gainean egin zituen pinturen eragina zuen, eta bestetik, Miserere laneko grabatuak egiten ari zela (horiek egiteko Rouault ohartu zen materiari aurre egitea ezinbesteko lana zela margolariarentzat). Rouaulten pinturaren bilakaeran izan zen aldaketa nagusia edo nabarmenena, materian, olio-pinturetara igaro zela. Aldaketa horren ondorengo aldiak oso azalpen erraza du: formaren ikuspegitik, irudi ia naturalistak baztertu zituen, eta ikonoetan oinarritu zen batez ere, pintura ia erabat abstraktuan murgildu zen (nahiz eta naturarekin harremana zuen). Maila horretan, formak nabarmendu zituen neurrian, koloreak eta zorroztasunak ere indar hartu zuten.

Hauek dira Rouaulten lan nagusiak: Kalbariorako bidea (1891, Wadsworth Atheneum, Hartford), Epaileak (1908, Statens Museum for Kunst, Kopenhage), X jaunaren erretratua (1911), Errege zabarra (1916-1937, Arte Museoa, Pittsburgh), Hiru pailazo (1917, Joseph Pulitzer Jr. Collection, St. Louis), Pierrot (1920), Kristo soldaduek iraindua (1932, Arte Modernoko Museoa, New York), Hiru epaileak (1937-1938, Tate Gallery, Londres), Pailazoaren burua (1948, Arte Ederretako Museoa, Boston), Lore apaingarriak (1953, bilduma partikularra, Paris).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: http://eu.wikipedia.org/wiki/Georges_Rouault

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy