Edukira joan

Agur Etxebesteǃ

Wikipedia, Entziklopedia askea
Agur Etxebesteǃ
Jatorria
Argitaratze-data2019
IzenburuaAgur Etxebeste!
Jatorrizko hizkuntzaeuskara
Jatorrizko herrialdeaEuskal Herria
Ezaugarriak
Genero artistikoafilm komikoa
Iraupena90 minutu
Koloreakoloretakoa
Grabazio lekua(k)Oiartzun
Zuzendaritza eta gidoia
Zuzendaria(k)Asier Altuna
Telmo Esnal

Gidoigilea(k)Asier Altuna
Telmo Esnal
Nagore Aranburu


Antzezlea(k)
Ekoizpena
Konpainia ekoizleaIrusoin
IMDB: tt9076378 Edit the value on Wikidata
kronologia
Aupa Etxebeste! Agur Etxebesteǃ

Agur Etxebesteǃ 2019ko euskarazko komedia filma da, 2005eko Aupa Etxebeste! filmaren jarraipena. Asier Altuna eta Telmo Esnalek zuzendua da berriro, eta aurreko filmaren talde teknikoa mantendu da. Irusoin, La Fidèle Production eta Kilima Mediak ekoitzia, 2019ko irailaren 27an iritsi zen zinema aretoetara, irailaren 24an Donostiako Zinemaldian aurre-estreinatu ondoren.[1]

Asier Altuna, Telmo Esnal eta Nagore Aranburuk idatzitako gidoia du, eta lehen filmeko aktore protagonista guztiek parte hartu dute. Era berean, filmak euskal aktore famatu askoren cameoak ditu.[2] Euskal zinemagintzari dagokionez film aitzindaria da, aurreko film batean oinarrituriko lehen jarraipena baita.[3]

Patrizio Etxebeste (Ramon Agirre) alkatetza uztera behartuta ikusten da “osasun arazoengatik”. Udaleko agintea ez galtzeko asmoz, Maria Luisa (Elena Irureta) bere emaztea herriko lehen emakumezko alkatea izendatzen du. Maria Luisak oso serio helduko dio lan berriari eta udaletxeko funtzionamendua goitik behera aldatuko du, Patriziorekin duen harremana eta etxeko giroa hankaz gora jarriz.[4]

Aktoreak eta pertsonaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aktore nagusiak Etxebeste familia osatzen duten lau protagonistak dira, Elena Irureta, Ramon Agirre, Iban Garate eta Paco Sagarzazu. Era berean lehen filmeko aktore sekundari gehienak berreskuratu dituzte, tartean Iñake Irastorza, Patxi Gonzalez, Mikel Laskurain, Ane Sanchez, Martxelo Rubio, Joxe Mari Agirretxe (lehen filmean Luis, oraingoan Tomas), Iñaki Del Barrio, Arantza Izeta, Loli Astoreka, Anjel Alkain eta Anartz Zuazua. Nagore Aranburu, lehen filmean ile-apaintzaile gisa cameo bat izan ondoren, idazkari paperean azaltzen da. Aurpegi berrien artean, halaber, Ane Gabarain, Aizpea Goenaga (lehen filmean haren ama Juani Mendiola azaldu zen), Javier Tolosa, Zorion Egileor, Xabier Donostia, Ander Lipus, Jose Ramon Soroiz, Sara Cozar, Clara Lopez, Unax Hayden, Kandido Uranga (lehen filmean Jose Manuel Goikoetxeak antzeztutako Julianen paperean), Pedro Arizaga eta Miren Gojenola agertzen dira pertsonaia sekundario gisa.[5][6]

Aupa Etxebesteǃ euskarazko film arrakastatsuena izan zen urte luzez, 2017an Handia iritsi zen arte. Ekoizleek hasieratik burutu nahi izan zuten bigarren zatia, eta lehen filmaren grabaketan egin zieten eskaintza zuzendariei, baina Asier Altuna eta Telmo Esnalek uko egin zioten hasieran, beste proiektu batzuk baitzituzten eskuartean. Hamabi urte geroago berriz jaso zuten filma egiteko eskaintza, eta jada lehen filma urrun ikusirik, baiezkoa eman zuten.

Espainiako Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICCA) 720.000 euroko diru-laguntza esleitu zion 2017an.[7]

Grabaketa 2018ko abuztuaren 27a eta urriaren 5a bitartean gauzatu zen, sei astez. Eszenatoki nagusia Bergara izan zen, baina Gipuzkoako beste herri batzuetatik ere igaro ziren, tartean Irun, Hondarribia, Zarautz, Eibar eta Pasaia. Familiaren etxeko sekuentziak Oiartzungo Zinealdea estudioetan eraikitako platoan grabatu zituzten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Askarai, Aitor Arroyo. «'Agur, Etxebeste' estreinatuko dute Euskal Zinemaren Galan» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-09-17).
  2. (Gaztelaniaz) «El rodaje de 'Agur Etxebeste' arranca en el Hospital Irun» El Diario Vasco 2018-08-28 (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  3. «Gora Etxebeste!» El Correo 2019-09-16 (Noiz kontsultatua: 2019-09-17).
  4. «Agur Etxebeste!» www.aguretxebeste.com (Noiz kontsultatua: 2019-09-17).
  5. TRAILERRA - AGUR ETXEBESTE!. (Noiz kontsultatua: 2019-09-04).
  6. Garate, Iban. (2019T07:31). «Filme batean parte hartu eta aurrenekoz ikusten duzunean, bi argazkion artean dagoen tartean, zenbat burutazio... @aguretxebestepic.twitter.com/nWXZkZ7L3d» @ibangarate (Noiz kontsultatua: 2019-09-04).
  7. «ICAAren 2017ko laguntzak - Film luzeen proiektuen ekoizpena» Euskal pantailaren gunea 2017-07-07 (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
pFad - Phonifier reborn

Pfad - The Proxy pFad of © 2024 Garber Painting. All rights reserved.

Note: This service is not intended for secure transactions such as banking, social media, email, or purchasing. Use at your own risk. We assume no liability whatsoever for broken pages.


Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy