Patin-hockey
Patin hockeya bost jokalariz osaturiko bi talderen (zelaiko lau jokalari eta atezain bat) arteko lehian datzan kirola da. Zelaiak hesiz inguratuta egon behar du, izkinak biribilduak eta zelai bakoitzean ate banak egon behar du. Jokalariak lau gurpil paraleloz osaturiko irristailuen bidez mugitu behar dira eta sticka edo zurezko makila baten bidez kautxuzko pilota bat gidatu behar dute, hau aurkako taldearen porterian sartzen saiatuz.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Patin hockeya Ingalaterran asmatu zen XIX. mendearen amaieran. Edward Crawford izan zen asmatzailea eta izotzezko hockey-aren egokitzapen bat izan zen berak sortutakoa. 1924an, patinaje modalitate guztien federazioa sortu zen (patinaia artistikoa, abiadurazko patinaia eta hockeya). Herrialde sortzaileak Ingalaterra, Suitza, Alemania eta Frantzia izan ziren. Bi urte geroago munduko lehenengo txapelketa antolatu zen. Pixkanaka munduan zehar hedatuz joan zen, batez ere Europan, XIX. mendean, eta Hego Amerikan hurrengo mendean. Espainian, lehenengo taldea 1936an sortu zen eta Kataluniar federazioa sartu zen lehenegoa ere. Cerdanyola HC taldea izan zen, Cerdanyola del Vallés herri bartzelonarraean.
Jokalekua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zelaiak forma laukizuzena izan bahar du (izkin biribilduekin) eta aldeek dimentsio proportzional batzuk erakutsi behar dituzte, non luzerek zabaleraren bikoitza izan behar duten. Hona hemen neurrien artean egon daitezkeen bariazioak:
- Gutxienekoa: 34 x 17 metro
- Standarda: 40 x 20 metro
- Gehienekoa: 44x 20 metro
Azkenik, zelaiak metro bateko altueradun hesi batez inguratuta egon behar du.
Jokatzeko beharrezkoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sticka edo makila: gehienez 115 zentimetroko luzera izan dezake eta minimoa 90 zentimetro dira. Stick bakoitzak ezin du 500 gramo baino gehiago pisatu eta metalezko edozein indargarri debekatuta dago.
- Pilota: esferikoa izan behar du. Pilotak 23 zentimetroko diametroa izan behar du eta 155 gramo pisatu behar ditu. Haren kolorea nabarmena izan behar da, eta zelaiko gainerako koloreetatik erraz desberdindu behar da, hau da, kantxaren, marren edota taldeen uniformeen koloreekiko argiki ezberdina izan behar du.
- Patinak: jokalariak patinen bidez mugitzen dira eta hauetako bakoitzak lau gurpil izan behar ditu. Lau gurpil hauek ez dira lerrokaturik egon behar baizik eta binaka paraleloki jarrita. Jokalari bakoitzak patin bana eraman behar du oin bakoitzean.
- Babesgarriak: jokalarientzat zango babesak, belaunetakoak, ukondoetarako edo barrabiletarako babesak daude eta atezainentzat,aldiz, lehen aipatutakoez gain, kaskoa eta gorputzeko edozein ataletarako babesgarriak ere badaude.
Beste ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kategoriaren arabera partiduaren iraupena desberdina da; profesionalen partiduek 50 minutu irauten dute, 25 minutuko bi zati daude.
- Zigorrak: falta kategoria desberdinak existitzen dira larritasunaren arabera eta non gertatu diren arabera (zelaiaren eremuaren arabera). Penaltiak, tiro zuzenak edo tiro ez-zuzenak izan daitezke. Horrez gain, txartelak ere badaude; txartel urdinak bi minutuko kanporaketa adierazten du, eta txartel gorria partidu osorako kanporaketa da. Hala ere, beste jokalari bat atera daiteke kanporatutakoaren partez.
- Hutsarteak: talde bakoitzak bi hutsarte eska ditzake, bat zati bakoitzean. Hutsarte bakoitzaren iraupena minutu batekoa da.
- Norgehiagoka bakoitzean bi epaile daude.