Edukira joan

Su

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.
Wikipedia, Entziklopedia askea
Sua» orritik birbideratua)

"Sua" hitzak hona birzuzentzen du. Beste esanahietarako ikus: Sua (argipena).
Sua
Sute bat baso batean.
Supazterra
Su baten inguruan

Sua erregai baten oxidazio-prozesu azkarra da, non beroa, sugarrak eta gasak sortzen diren. Errekuntzaren agerpena da sua. Prozesu exotermikoa da, hau da, beroa ematen du beti. Argia ere eman ohi du. Hain zuzen, bi funtzio horiekin erabili du sua historikoki gizakiak: argitzea eta berotzea. Hala ere, beste helburu batzuetarako ere erabili du denbora igaro ahala: materialak bilakarazteko, janaria egiteko, gaixogetzeko, sasiak garbitzeko...

Sua deritzogu, beroa eta argia igortzen duten partikula eta molekula erregaien multzoari. Hau oxidazio azeleratuko erreakzio kimiko baten ondorioz gertatzen da. Sugarrak, suaren argitasuna igortzen dutenak dira, kea aldiz, fisikoki gauza bera da baina, argirik igorri gabe.

Herrialde batzuetan “sugar” edo “kandela” bezala ere ezagutzen da. Gorria suarekin lotzen da normalean, baina, garrak, ia beti horiak, laranjatuak edo urdinak dira. Txingarrak espektro gorrian daude, sutan dauden artikulu gehienak bezala.

Ezinbesteko tresna eta aurrerabidea izan da gizakiarentzat. 1981ean paleoantropologoek aurkitu zutenez, Keniako gizakiak bazekien sua erabiltzen orain dela 1.420.000 urte inguru. Badirudi Neanderthal gizakiek ere menperatzen zutela sua, aztarnak erabakigarriak ez badira ere[1].

Erabilera ugari izan zituen suak antzinako garaietan (argia emateko, janariak prestatzeko, abereak uxatzeko edo ehizatzeko, sasiak erretzeko eta abarretarako). Neolitoko biztanleek, adibidez, lurrak sasiz garbitzeko erabili zuten sua, eta lursailak zabaltzeko; errautsa, berriz, ongarri gisa erabiltzen zuten.

Sua pizteko teknikari dagokionez, ez da gauza segurua noiz ikasi zuen gizonak sua pizten, era horretara izadian aurkitutako sua gorde beharrari ihes egiteko. Silex harria eta pirita harria elkarren kontra joz, edo zulo batean esku artean hartutako makila sartu eta igurtzita txinparta sortuz, pizten zen sua ia mundu osoan. Asiako hego-ekialdean, Indonesian eta Filipinetan, sua pizteko tresna berezi bat asmatu eta erabili zen; banbu-zuhaitzaren hodi txiki batean airea hertsatuz, beroa eta sua sortzen zuten. Horietako teknika batzuk haurren jokoetan gorde dira herrialde askotan.

Europan 1800ean asmatu zen metalezko pistoi su-emailea. 1827an John Walker ingeles kimikariak pospoloa asmatu zuen, fosforo sulfatoa erabilita. Sua pizteko teknikak arras erraztu diren arte (pizgailuak, pospoloak eta abar), sua, piztu baino gehiago, gorde egin izan da; hala, Euskal Herriko baserrietan adibidez, beheko sua itzal ez zedin, gauez txingarra edo brasa bildu eta lotan uzten zen, errautsez estalita, hurrengo egunean berriro bizitzeko.

Suaren ikuskera zientifikoaren bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaro klasikoan sua lau elementu klasikoetako bat izan zen, ura, airea eta lurrarekin batera. Lau elementuek materiaren lau forma ezagunak irudikatzen zituzten eta naturaren portaera ezberdinak azaltzeko erabiltzen ziren. Mendebaldeko kulturan, lau elementuen teoriaren jatorria Grezia klasikoko filosofo presokratikoetan dago, eta, ordutik, adierazpen artistiko eta filosofikoko lan ugariren objektu izan da, Erdi Aroan eta Errenazimentuan iraun duena eta europar kultura eta pentsamenduan eragin sakona izan duena. Aldi berean, hinduismoak eta budismoak antzeko ikusmoldeak garatu ditu.

Pentsamendu-eskola horietako gehienetan, ohiko lau elementuei bosgarren elementu bat gehitu ohi zaie, zeina, txandaka, ideia, hutsa, eterra edo kintesentzia deitzen den (literalki, "Bosgarren esentzia").

Elementu klasikoen kontzeptuak, indarrean jarraitu zuen Europan Erdi Aroan, ikuspegi kosmologiko aristotelikoaren nagusitasunagatik eta Eliza Katolikoak eterraren kontzeptua onartu zuelako, bizitza lurtarra estatu inperfektu gisa eta paradisua betiereko zerbait bezala ulertzen zuena.

Lau elementuen erabilera zientzian XVI. eta XVI. mendeetan utzi zen alde batera, materiaren egoerari buruzko aurkikuntza berriek ikuskera klasikoa gainditu zutenean.

XIV. mendean, Johann Joachim Becherrek, lau elementuen teoriaren bertsio berezi bat proposatu zuen: funtsezko papera, lur eta urarentzat gordeta zegoen, sua eta airea, eraldaketen eragile soiltzat hartzen ziren bitartean. Gorputz guztiak, animaliak, landareak eta mineralak, uraren eta lurraren nahasketez osatuak zeuden, Becherren arabera. Halaber, gorputzen benetako elementuak analisiaren bidez ikertu behar zirela defendatu zuen, eta, koherentziaz, konposizioaren ordena gorakorrean oinarritutako sailkapen bat proposatu zuen. Becherrek, gorputz mineralen berehalako osagaiak hiru lur mota ezberdin zirela zioen, horietako bakoitzak propietate bat zeramana: itxura beirakorra, izaera erregaia eta jariakortasuna edo hegazkortasuna. Lurra, terra pinguis deitu zuena, sukoitasunaren printzipioaren eramailetzat hartzen zen. Bere izena lur koipetsu edo lur oleaginoso bezala itzul daiteke, alkimian, sufrea bezala ezagutzen dena, Becherrek, beste esamolde batzuk ere erabili zituen arren, horien artean, sufre flogistoa (greziar phlogistos hitzetik eratorritako substantiboa, "sukoia" esan nahi duena). Azkenean flogisto hitza nagusitu zen, batez ere Georg Ernst Stahl bere ideien defendatzaile eraginkorrenaren lanari esker.

Aztarna fosilak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suaren lehen arrasto fosilak duela 470 milioi urtekoak dira, Ordoviziar ertain garaikoak[2]. Horrek ahalbidetu zuen oxigeno metatzea atmosferan, inoiz baino gehiago, lurrazalean zeuden landareek suaren arrastoak xurgatzen zituztelako. Oxigeno kontzentrazio hori %13tik gorakoa izan zenean, oihanetako suteak hasi ziren[3]. Oihaneko sute arrasto zaharrena duela 420 milioi urtekoa da, siluriar garaiaren amaierakoa. Landareen egur ikatzezko fosilak dira horren aztarnak[4][5].

Atmosferako oxigeno maila eta egur ikatzaren aztarnak hertsiki lotuta daude, oxigeno gehiago izateak sute gehiago eragiten duelako[6]. Sute gehiago izan zen, halaber, landare lastodunak ugaritu zirenean eta ekosistema askotako osagai nagusia bihurtu zenean, duela 6-7 milioi urte[7]. Sute orokortu horiek klima beroagoa eta lehorragoa izatea eragin zuten, eta klima hori sute gehiagotarako bide izan zen[6].

Sua pizten Namibian
Sua pizteko ahalegina

Suaren etxekotzea edo kontrolpean edukitzea bihurgune handia izan zen gizakiarentzat, Historiaurrean. Lehenbiziko gizakien ohiturak eraldatu zituen. Sua egitea zen beroa eta argia ekartzea, janaria prestatzea, elikagai aniztasuna bermatzea eta gaixotasunak murriztea[8]. Beroari esker, gainera, garai edo leku hotzetan egoteko aukera erraztu zen. Gainera, gauetako harrapakariez babestu ziren.

Aztarna zaharrenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da erabat ziurtatua noiztik aitzina erabiltzen zuten sua. Teoria gehienen arabera, sua ez zuten modu kontrolatuan erabiltzen duela 400.000 urte arte[9]. Haatik, duela 50.000-100.000 urte sua erregularki erabiltzen zelako frogak badaude[9]. Baina badira ikerketa batzuk diotenak sua era kontrolatuan erabili zela duela milioi bat urte[10][11].

Hain zuzen, ikerlari amerikar batzuek diote suaren aztarna zaharrenak duela milioi bat urtekoak direla. Hegoafrikan aurkitu zituzten hezur kiskali eta landare errauts batzuk, Wonderwerkeko haitzuloan. Baina ikerketak ez du ziurtatzen gizakiek bazekiten sua berek pizten, ala soilik sua kontrolatzen zekiten, sute naturaletatik abiatuta[11].

Israelgo ikerlari batzuen arabera, sua etxekotzearen aztarna zaharrena duela 790.000 urtekoa da. Jordan ibaiaren bazterreko Jakoben alaben Zubiko aztarnategian dago[12][13].

Su aztarnak aurkitu zituzten Greziako Petralona haitzuloko geruza batean ere. Han aurkitutako Homo heidelbergensis giza fosila baino zaharragoa bide da aztarna hori. Giza fosila, aldiz, duela 700.000 urtekoa da.

K.a 400.000 inguruan gertatu zela diote hainbat dokumentuk, besteak beste Bretainiako Menez Dregan eremuan (Plouhinec-en), Niza ondoko Terra Amatan, Alemaniako Bilzingsleben-en, Hungariako Vertesszolos-en[14] , Israleko Qesem-en eta Txinako Zhoukoudian-en.

Eraginak gizakiaren metabolismoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suaren kontrolari esker, elikagaiak berotu ahal izan zituzten. Horren ondoren, haragi ketua kontserbatzeko ahalmena ere lortu zuten. Gisa horretan, parasitosisa (bizkarroietatik hedatzen ziren infekzioak) murriztea erraztu zuten, baita ere elikagaien digestioa. Horrela, gizakiaren metabolismoaren errendimendua hazi zen, eta, ondorioz, burmuinaren bolumena ere handitu zen[15].

Eraginak teknologian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009an, Cap, Liverpool, Wollongong eta Bordeleko unibertsitateetako ikerlari batzuek frogatu zuten sua duela 72.000 urte erabiltzen zutela harrizko tresnak ekoizteko, Hegoaldeko Afrikan. Ikerketa haren emaitzak jakin ziren arte, suaren erabilera horren arrasto zaharrenak duela 25.000 urtekoak ziren, Europan[16]. Suari esker, tresna berriak ekoiztu zituzten, dardoen puntak gogortuz eta, bereziki, harriak berotzeko, tresnak ekoiztu aitzin. Hartara, harriak aiseago erabil zitzaketen.

Sua erabili zuten ikatza ekoizteko eta duela milaka urteko fauna kontrolatzeko ere[17].

Suaren inguruan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polly Wiessner antropologoak ikertu zituen Kalahari eskualdeko khoisanek zer elkarrizketa gai izaten zuten egunaz eta gauaz. Egun argiko elkarrizketa gai gehienak ekonomiari buruzkoak ziren, hala nola ehiza eta bilketa estrategiari eta tresnen ekoizpenari buruzkoak. Kritikak, txantxak eta txutxumutxuak ere izaten ziren, baina elkarrizketen % 6tan bakarrik kontatzen ziren ipuinak. Gauetako elkarrizketen % 80tan, aldiz, ipuinak kontatzen ziren, gehienetan espirituen munduari buruzkoak. Wiessnerren arabera, suaren kontrolari esker, gaubeilak luzatu ahal izan ziren, iluntzeetako bizitza suaren inguruan biltzera zuzendu zen. Horrek ahalbidetu zituen elkartruke sozialak eta kulturaren hastapenak, kantuaren, dantzaren eta ipuin kontalarien bidez[18].

Suaren erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Emakume gazte bat behi larrua erretzen
Su-botatzaile bat

Sua fenomeno naturala da. Naturan, tximistak eragin dezake edo hartzidurak (erre daitezkeen gasak ekoiztean). Sua gizakiek berek piztu eta kontrolatu ahal izateak, garapen handiak ahalbidetu zituen.

   •    Janaria erretzea: horri esker, germenak suntsitu eta beste gisan jan ez litezkeen elikagaiak jan litezke.

   •    Berotzea, garai hotzetan (neguan), eta, gauez argia ematea.

   •    Zurezko tresnak gogortzea; horri esker tresna eraginkorragoak ekoitzi ahal izan dira.

   •    Metalurgia eta osagaien eraldaketa kimikoa eta fisikoa, tenperatura handietan.

   •    Motor potentzia: lurrun makinak, lehenik; konbustio motorrak, gero.

Beste hainbat gauzetarako ere erabiltzen da sua.

Sua erabili izan da tortura eta exekuzio tresna gisa. Jendea erreketa bidez hiltzera kondenatzen zuten. Torturatzeko, aldiz, burdinazko botak erabiltzen zituzten, urez, olioz edo berunez beteta egoten zirenak eta suarekin berotzen zituztenak, hori zeramana agoniara bultzatu arte.

Sua aspalditik erabiltzen da gerra egiteko. Homerok kontatu zuenaren arabera, Greziako soldaduek sua erabili zuten, Troiako gerran. Zurezko zaldi batean ezkutatu ziren Troia erretzeko asmoz. Geroago, Bizantzioko ontziteriak sua erabili zuen etsaien itsasontziei eta pertsonei eraso egiteko.

Lehen Mundu Gerran, lehenbiziko su-jaurtigailuak erabili zituzten. Bigarren Mundu Gerran su-jaurtigailuak ezarri zituzten ibilgailu blindatuetan. Gerra hartan, bestalde, su-bonbak erabiltzen hasi ziren, besteak beste Tokion, Rotterdamen, Londresen eta, batez ere, Hanburgon eta Dresdenen. Azken bi hiri horietan, suzko ekaitzak piztu zituzten, nahita. Amerikako Estatu Batuetako armadak ere asko erabili zituen gisa hartako armak japoniarren kontra, eta zurez eta paperez eraikitako hiri osoak suntsitu zituzten.

Bigarren Mundu Gerraren bukaeran, 1944ko uztailean, napalma erabili zuten, nahiz eta, batez ere, Vietnamgo gerrarekin lotu ohi den lehergailu hori.

Molotov koktelak ere erabiltzen dira gerretan edo kale borroketan.

Laborantzaren hasieratik, sua erabili izan da paisaia kudeatzeko, kontrolatutako suen bidez. Su horiek udaberrian eta udazkenean piztu ohi dira, oihan azpiko sasiak erretzeko. Horrek arriskua ere badauka, suaren kontrola galduz gero, oihanak erre daitezkeelako. Sasi horiek mesedegarriak dira animalien eta landareen aniztasunari begira. Gizakiari, aldiz, oihanean ibiltzeko zailtasunak eragiten dizkiote.

Sute kontrolatu horien helburu nagusia, gaur egun, laborantzarako lurrak garbitzea da. Luzaz pentsatu da su horiek lagungarriak direla laborari txikientzat, landaretzak hartutako eremuak garbitzeko eta landaretza horren elikagaiak askatzeko. Baina teknika horrek hainbat arazo sortzen du, sute horiek kontrolatzea gero eta zailagoa delako, besteak beste lurraren berotzearen ondorioz. Sute horiek ekosistemei eta azpiegiturei kalte egiten diete. Osasun arazoak ere eragiten dituzte atmosferara igortzen dituzten ikazkai eta kedar partikulengatik. Isurtze horiek are gehiago larritzen dute berotze globala. Gaur egun, munduan, 5 milioi kilometro koadro erretzen dira suteen ondorioz, urte bateko epean.

Sua egunero erabiltzen da erreketa bidezko ibilgailuetan. Zentral termikoek argindarra sortzen dute, hori ere erreketa bidez.

Historian zehar liburu erretze publiko asko izan dira, ezagunenak izanik nazismo garaian izan ziren autofedeak.

Ekintza horien bidez[19], liburuek adierazten dituzten ideia kultural, erlijio edo politikoen kontra egin nahi da. Liburua ez da objektu gisa erretzen, baizik eta hark dakarren kultura zehatzaren kontrako ekintza da[20]. Zentsura mota bat da, ahots disidenteak isilaraztea duena helburu[21]. Batzuetan liburu batzuk erabat suntsitu ziren, ez zegoelako beste kopiarik. Liburu suntsiketak sistematikoak eta ugariak direnean, etnozidio edo genozidio kulturalaren parte dira[22][20].

Frantziako Iraultzan, nobleen eta kleroaren liburuak erre zituzten. Parisko liburutegietako 8.000 liburu ere suntsitu zituzten. Frantzian, 4 milioi izan ziren desagertutako liburuak[20].

Naziek liburu ugari erre zuten. Lehen autofedea Berlinen izan zen, 1933ko maiatzaren 10ean. Besteak beste, Bertolt Brecht, Sigmund Freud eta Karl Marx-en liburuak erre zituzten.

Frankistek ere erre zituzten hainbat liburu, nazien modu berean, Madrilgo Unibertsitatean, 1939ko apirilaren 30ean. Besteak beste Sabino Arana, Karl Marx, Jean-Jacques Rousseau eta Voltaireren liburuak erre zituzten[23].

Erregaiak erretzea energia sortzaile da. Egurra historiaurreko erregaia zen, eta gaur egun ere erabiltzen da. Beste erregai fosilek sortzen dute (petrolioa, gas naturala eta ikatza), zentral elektrikoetan, munduko argindarraren zati handiena. Energiaren  Nazioarteko Erakundeak dio, 2002an, erregai horiekin ekoizten zela munduko energiaren % 80.

Zentral elektrikoetan, sua erabiltzen dute ura berotzeko, eta horrela lurruna sortzen da, turbinak martxan jar ditzan. Turbinek argindar sortzaileak lanean jartzen dituzte.

Erregai bateko solido erregaitza clinker deitzen da, baldin eta fusiorako heina garraren tenperaturatik beherakoa bada (gisa hartan, fusionatu eta berriz gogortzen da hozten denean); eta errauts bihurtzen da, baldin eta fusiorako heina garraren tenperatura baino handiagoa bada.

Jokaera fisiko-kimikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kimikaren ikuspuntutik, errekuntza oxidazio erreakzio azkarra da, energia askatzen duena (exotermikoa da). Energia hori bero eta argi moduan askatzen du, gizakiok ikus eta senti dezakeguna, eta sua izendatzen duguna. Erretze prozesuan hainbat gas eta partikula ere askatzen dira. Batzuk errekuntzaren ondorio zuzenak dira, CO2 gasa kasu, baina beste batzuk errekuntzaren albo hondakinak edo xinpleki erre ez diren elementuak dira (errautsa).

Oxidazio erreakzio kimiko indartsu hau, prozesu exotermiko bat da, honek, aldi berean, bere inguruko airera, energia beroan askatzen duela esan nahi du. Molekulen edo partikula beroen inguruan dagoen aireak, dentsitatea gutxitzen du, eta aire hotzaren gainean flotatzeko joera du (konbekzioa).

Su-solidoko egoeran, aire beroak hain azkar bidaiatzen du gorantz, non norabide bereko erregai-partikula astunak (beroak eta distiratsuak) bultzatzen dituen, eta horiek tenperaturaz jaisten doaz, inguruko airearen antzera, distiratzeari utziz eta, oro har, ikatza bezain beltz bihurtuz; airea, hoztean, abiaduraz jaisten hasten da, eta, beraz, ezin ditu jada bultzatu. Eta hauek hasten dira (airea baino gehiago pisatzen badute) lebitatzen, eta gero berriro erortzen.

Sua pizteko, lau elementu behar dira. Hauetakoren bat desagertuz gero, pizturik den sua itzali egingo da:

  • Erregaia: normalki ikazkai-oinarridun substantzia bat, oxidazioa pairatuko duena. Erregairik gabe, edo erregaia agortzean, sua itzali egingo da.
  • Oxigenoa: oxidazioa eragingo duen elementua. Ingurune itxietan suak oxigenoa den artean irauten du, soilik.
  • Bero iturria: Errekuntzak beroa askatzen badu ere, mantentzeko bero iturri bat behar du. Suak sorturiko beroa nahikoa izan ohi da, ohiko egoeratan, baina pizteko beharrezko izan ohi da bero iturri bat (txinparta bat, burdin gori bat...).
  • Erreakzio katea: erreakzioaren erritmoak bero iturria mantentzeko behar beste bero sortzen ez baldin badu, sua itzali egingo da.
Kandela baten garra

Errekuntzan sorturiko partikulak biziki bero izaten dira, eta elektrikoki kitzikatuak izaten dira. Ondorioz energia askatzen dute argi moduan. Argi horren zati bat espektro ikusgarrian zabaldu ohi da eta gizakiok ikus dezakegu.

Garra gas erreaktiboen eta solidoen arteko nahasketa bat da: argi ikusgarriak, infragorriak eta, batzuetan, ultramoreak kanporatzen ditu. Erretzen ari den materialaren osagai kimikoen arabera, garraren espektroa modu batekoa edo bestekoa izan liteke. Kasu askotan, gai organikoak erretzen direnean, egurra adibidez, edo gasen konbustio partzialetan, argi gorri-laranja bat sortzen da, “sua” deitu ohi dena. Argi horren espektroa jarraikia da. Gasen konbustio osoan, aldiz, argi urdin ilun bat zabaltzen da. Argi horrek uhin luzera bakarra du, garrean sortzen diren hainbat elektroi trantsiziotik abiatuta.

Normalean, oxigenoa izaten da garra dagoen tokian. Baina kloroan erretzen den hidrogenoak ere sortzen du garra, eta hortik ateratzen da hidrogeno kloruroa (HC1). Beste konbinaketa batzuek ere sortzen dituzte garrak, adibidez fluorrak eta hidrogenoak edota hidrazinak eta azota tetroxidoak. Hidrogenoaren eta hidrazinaren garrak ere kolore urdin ahulekoak dira. Boroaren konbustioak gar berde sakon bat sortzen du. Konbustio hori, XX. mende erdialdean, energia handiko erregai gisa hartzen zen, erreakzio motorretan eta suzirietan erabiltzen zena.

Gar baten argia konplexua da. Kedar, gas eta erregai partikulek sortzen dute, nahiz eta kedar partikulak txikiegiak diren gorputz beltz perfektu batzuk bezala aritzeko. Atomoek eta molekula askatuek eragiten dituzten fotoiak ere hedatzen dira.

Garraren kolorea aldatzen da tenperaturaren eta osagai kimikoen arabera. Lur zorutik hurbil, garra zuria da; hori da izan daitekeen kolorerik beroena, materia organikoentzat batez ere. Horia ere izan liteke. Gune horiaren gainean, kolorea laranja bihurtzen da; epelagoa da. Azkenik dago kolore gorria, oraindik epelagoa. Gune gorritik hara, ez dago konbustiorik, eta hedatzen diren erre gabeko ikazkai-partikulak ke beltz gisa ikusten dira.

Bestalde, suak inguruko airea berotzen du eta jakina, erretze prozesuak askaturiko gasak ere bero izaten dira. Aire beroak dentsitate txikiagoa duenez, gorantz jotzen du konbekzio korronteak direla eta (beti ere grabitatearen eraginpeko eremuan gertatzen baldin bada). Konbekzio korronte horiek ematen diote forma eta mugimendua suaren garrei.

Erretzean sorturiko partikula berriak (errautsak, batez ere) aire beroarekin batera gorantz joaten dira. Normalki aireak baino kolore ilunagoa du eta erraz ikus daiteke. Usain nabarmena ere badu, gizakiak eta beste animaliek ere azkar asko identifikatzen dutena.

Suak oxigenoa kontsumitzen duenez, eta askatzen diren partikula asko organismoarentzat kaltegarri direnez, ez da batere komenigarria suaren kea arnastea, edo sua ingurune itxietan piztea. Izan ere, suak sorturiko heriotza gehienak ez dira erreduren ondorio, kea arnastearen ondorio baizik.

Suaren izaera dela eta, arriskutsua gerta dakioke gizakiari edo inguruneari. Arriskurik nabarmenena erredurena da, jakina. Erredurak, maiz, larruazalean izaten dira, garrak edo objektu oso bero batek hunkituta. Baina arnasbideak ere erre daitezke, gas eta ke beroak arnastuz gero.

Kea ere kaltegarri da eta intoxikazioa, itolarria eta heriotza ekar ditzake. Suak airean dagoen oxigenoa hartzen du, eta beraz ez dago arnasteko aukerarik sua dagoen tokian. Aldiz, suak botatzen dituen gasak kaltegarriak dira, bereziki dioxido karbonoa (CO2).

Pozoitu dezake, baita ere. Hain zuzen, suak gas toxikoak produzitu ditzake, erretzen ari diren osagaien arabera. Gehienetan monoxido karbonoa (CO) izaten da gas pozoitsu hori.

Gizabanakoei eginiko zuzeneko kalteez gain, kontrolik gabeko suak, suteak alegia, kalte ekologiko zein ekonomiko larriak eragin ditzake. Alabaina, populazio baten bizi-baldintzak kaltetu ditzake, janaria aurkitzeko zailtasunak ematen dituelako edo egoitzarik gabe utz dezakeelako. Bioaniztasuna ere arriskuan jar dezake, animalia eta landare espezie batzuk suntsitu ditzakeelako.

Babesa eta prebentzioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Suhiltzaileak sute bat itzaltzen

Basoetako suteen prebentzio programek basoetako suak berak eta erretze kontrolatuak erabiltzen dituzte[24]. Landaretzetako suen erabilerak erreferentzia egiten dio kausa naturalen bidez pizten den suari, baina zaindua eta baimendua denari. Erretze kontrolatuak dira gobernu erakundeek pizten dituzten suak, eguraldia ez denean hain arriskutsua[25].

Suteen aurka borrokatzeko zerbitzuak adi egoten dira halakoetan, batez ere eskualde garatuenetan. Suhiltzaileak prest egoten dira, ura edo sua itzaltzeko haguna eskura izanik. Sute suntsitzaileak nahita piztea krimen gisa hartzen da leku gehienetan[26].

Segurtasun neurriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suteen prebentzioaren helburua da erretzeko arriskua duten guneak murriztea. Horrez gain, jendeari irakasten zaio nola ekidin suteak eragitea[27]. Eraikinetan, eskoletan eta altura handiko eraikinetan bereziki, maiz egiten dituzte ariketak, jendea prestatzeko balizko sute bati erantzutera.

Gaur egungo eraikinetan suteetatik babesteko azpiegiturak jartzen dituzte, kalteak ahal bezainbat mugatzeko helburuarekin. Ihinztagailuak badaude eraikin berri gehienetan (sua pizten bada, ura botatzen hasten dira). Eraikuntzetako eta altzarietako materialak neurtzen dituzte, ikusteko nolako gaitasuna daukaten suari aurre egiteko[28].

Azken urteetan kea detektatzeko tresnak ezartzea derrigorrezkoa da gero eta leku gehiagotan.

Suaren ekologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekosistema natural bakoitzak dauka bere modua suarekin bizitzeko. Ekosistema horietako organismoak egokituta daude horretara. Suak habitat zati andana sortzen du, eta bakoitza bere fasean gertatzen da[29]. Hainbat landare, animalia eta mikrobio espezie fase zehatz batera egokitzen da. Gisa horretan, suak espezie andana bati ematen dio existitzeko aukera.

Suari buruzko mitologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakia sua menderatzen hasi zenetik, sua piztea arazo garrantzitsu bat izan zen. Horregatik bihurtu ziren erlijioak suaren zaindari: su iraunkorra mantentzea garrantzitsua zen, etxeko suak itzaltzen baziren, eta horregatik erlijio guztiek, oraindik orain, santutegian sua piztuta edukitzea.

Inoiz ez zituzten otorduak hasten, lehenago eskaintza moduko lehen mokadua surtara bota gabe, eta arratsaldero pizten zituzten kantuz eta dantzaz inguruan.

Sua tatariarren jainko nagusietako bat ere bada. Ez dute atzerritarrik beren lurraldera hurbiltzen uzten, lehenago bi suren artean purifikatu ez bada. Kontu handiz saihesten dute aizto bat sutan sartzea edo tresna horrekin ukitzea. Krimen handia litzateke egurra aizkoraz ezpaltzea sugarretan. Edan baino lehen, egun erdira itzultzeko ohitura dute, hau da, sua dagokien aldera, eta haren ohoretan eraikitzen dituzte txabolak ere, atea alde horretara begira dutela. Beren-beregi txabola bat eraikitzen zen Monomotapako enperadorea kanpatuta zegoen tokian, non, arreta erlijioso batekin kontserbatzen zen su bat pizten zen.

Antzinako afrikarrek jainkozko ohoreak ordaintzen zituzten, edo elementu hau, eta euren tenpluetan betiereko sua mantentzen zuten.

Jakutek, Siberiako biztanleek, suan izaki bat dagoela uste dute, zeinari ondasunak eta gaitzak emateko ahalmena ematen dioten eta etengabeko sakrifizioak eskaintzen dizkioten. Columbia ondoko indioek suari begiratzen zioten, izaki boteretsu eta beldurgarri bat bailitzan. Etengabe eskaintzen zizkioten sakrifizioak, eta uste zuten ongiaren eta gaizkiaren epaile zela. Laguntza bila zebiltzan, berak bakarrik egin ziezaiokeelako aurre bere hegodun babesleari eta nahi zuten guztia eman ziezaiekeelako, hau da, arrantza eta ehiza oparoa, hau da, beren ustez aberastasuna eta ongizatea zen guztia.

Siberiako mugetan bizi diren txinatarrek suaren jainko bat ezagutzen dute. M. Pailas Maiinatschiun bizi zen bitartean, herriak su hartu zuen, sugarrek etxe asko jaten zituzten, eta, hala ere, biztanle bakar bat ere ez zen hura lotzen saiatzen. Sutearen inguruan zeuden denak, nahigabe inaktibo batean, eta batzuek ura tantaka bakarrik jaurtitzen zuten, jainkoa lasaitzeko, esaten zutenez, sakrifizio batengatik aukeratu baitzituen gelak. Errusiarrek sutea itzali izan ez balute, hiri osoa errauts bihurtuko zatekeen.

Esanahi sinbolikoa eta ikonologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elementu honek aldareak, apaizak eta sakrifizioak izan zituen planetako komunitate askotan. Erromatarrek, Vulkanoren irudipean irudikatzen zuten ziklopeen erdian. Aldare baten ondoan dagoen janzkera bat, zeinaren gainean su sakratua dagoen, edo emakume bat, bere azpian arrabio bat duen edalontzi bete batekin, antzinakoek sua irudikatzeko erabiltzen zituzten sinboloak ere badira. Cesare Ripak eta Gravelotek, ikur hauei, eguzkiaren presentzia, beroaren eta argiaren printzipioa, eta fenixa, elementu honetan hil eta birjaiotzen dena, batu diete, adierazpen sinboliko hau, filosofoen ustez, egunen batean, sugarrek mundua kontsumituko zutela uste zutelarik, distiratsuago eta perfektuago birsortzeko.

Masoneriak ere sua sinboloen artean sartzen du: Antzinaroko kulturetan bezala, lengoaian eta logien lanetan presentzia iraunkorra duten lau elementuetako bat da. Masoneriak suaren esanahi sinboliko zaharra hartzen du eta bere izaera bikoitza onartzen du: sorkuntza eta argiztapena, batetik, eta suntsiketa eta arazketa, bestetik.

Txinako filosofian, sua bost osagaietako bat da, metalarekin, urarekin, egurrarekin eta lurrarekin batera.

Mendebaldeko alkimian, Aristotelesen irakaskuntza baino askoz lehenagotik, oinarrizko lau osagai inerteetako bat da, urarekin, airearekin eta lurrarekin. Sua oinarri-oinarrizkoa da, lau osagai horien inguruan sortutako hainbat doktrinatan, besteak beste Platonen doktrinan.

Sua bi eratara erabili da justizian. Batetik, zigor tresna gisa erabili izan da. Erdi Aroan, sutan erretzea maiz erabiltzen zen kondena gisa. Batzuek immolaziorako ere erabili dute sua, salaketa ekintza gisa. 1969an, Jan Palach Txekoslovakiako ikasleak eman zion sua bere buruari Pragan, Sobietar Batasunaren inbasioa salatzeko. 1970ean, Joseba Elosegik Donostian eman zion sua bere buruari, eta Francoren gainera jauzi egiten ahalegindu zen.

Bestetik, sua tentu handiz kontrolatu beharrekoa da, eta gaizki kontrolatzea edo sua nahitara ematea gogorki kondenatua izan ohi da. Atenasen, adibidez, sua piztea zen krimen handienetako bat.

Sua garbikuntzaren sinbolo ere bada. Horregatik sutan erre ohi ziren hainbat pertsona, adibidez, inkisizio garaian. Sinbolo horren jatorria dator, itxura batean, laborantza ohituretatik, hala nola lurrari su ematen zioten, emankorrago bihur zedin. Erdi Aroko kristauek maiz erabiltzen zuten sua garbikuntza sinbolo gisa. Denborarekin, ordea, ordalia eta sutan erretzea bezalako praktikak galdu edo debekatu ziren.

Sua sinbolo erotikoa ere izan daiteke. Eneida epopeian, Dido barnetik erretzen ari zuen Eneasekiko zeukan maitasunak. Sinbolismo erotiko horren jatorrian daude suaren eta sexu ekintzaren, pasioaren, afekzioaren eta sentimenduen arteko irudi eta metaforak. Mitologia greziar-erromatarrean, Kupido arku batekin eta tortxa batekin erakusten zuten. Zientziak sinbolismo horren logika azaltzen du, motibazio psikofisiologikoa aldaketa termikoekin hasten delako eta ekintza sexualarekin bukatzen.

Errituak eta gurtzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Udako solstizioaren ospakiuna, Mäntsälän, Finlandian

Kultura askotan, sua jainkotzen dute, eta herri eta tribu gehienen adorazio objektua da.

Persian edo Iran zaharrean, zoroastristentzat, suaren gurtza beren erlijioaren oinarrizko zatia zen. Gurtza zeremonia haiek xeheki kontatuta daude Avestan. XIX. mendean, Kermanen eta Gujaraten, persiarren zeremonia zahar haiei eusten zieten.

Grezia eta Erroma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziako mitologian, sua Prometeok lapurtu zien jainkoei, eta gizakiei eman.

Greziarren su itzalezina denbora guztian erretzen ari zen Atenasen eta Delfosen. Vestako emakume apaizek Vulkanoren gurtza egiten zuten Erroman bizirik eusten zuten suaren bidez. Kasu horiek guztiek erakusten dute sua jainkotzen zutela, jatorri pelagikoko herri guztietan.

Juduek menorah pizten dute, bederatzi adarreko kandelarioa, Hanukkah festan, egunero mirariz betetzen den olio flaskoaren miraria goraipatzeko. Ostiralero, iluna heltzean, kandela batzuk pizten dituzte Sabbat-aren hasierari edo bestelako erlijio ospakizunei ohore egiteko. Zenbait familiatan kandelak pizten dituzte astelehenetan eta ostegunetan, hala nola, Tora ateratzen dutenetan, edo zenbait pertsonaren heriotzaren urtemuga egunean.

Kristautasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Brujasko San Salvator katedrala

Eliza katolikoetan eta ortodoxoetan argizaria pizten dute, une liturgikoari hasiera emateko, edo santuentzako eskaintza gisa. Garrek Espiritu Santua ere sinbolizatzen dute.

Sua erabiltzen duten zenbait praktika pagano kristautasun herrikoiak hartu ditu bere gain, hala nola San Joan sua, Suediako Santa-Luziako kandelak eta abar.

Infernua suaren bidez deskribatzen da erlijio kristauen. Axularren Gero liburuak infernuko suen eta su horiek eragiten dituzten oinazeen deskribapen zehatza egiten du.

Mahoma kondenatuak eta deabruak ikusten, XV. mendeko persiar eskuizkribua, Frantziako Liburutegi Nazionala

Koranean, bi su mota daude: su kosmikoa, Infernuaren adierazgarri (izan haraindian edo lurrean), eta etxeko sua, sukaldekoa[30]. Etxeko sua, Ala-k “zuhaitz berdeetan” jarri zuena, bi aldiz baizik ez da aipatua. Infernuko sua, aldiz, askotan agertzen da. Suari lotutako zazpi hitz dauzkate Infernua adierazteko edo hari erreferentzia egiteko[30][31][32]. Koranak infernuari ematen dion zazpigarren izenak (hutama), “Jainkoak piztutako sua” erran nahi du[30].

Koranak deskribatzen duen infernua erabat estalia den su handi bat da, ezerk itzal ez dezakeena eta kondenatuak inguratzen dituena[33]. Kondenatuen haragia da, harriekin batera, suaren erregai gustukoena[30]. Suak asto orroak botatzen ditu[34], kondenatuen larrua erretzen du, gorputz barnean sartzen da eta gorputz zatiak kentzen ditu[30]. Horrez gain, kondenatuek suari eta beroari lotutako beste hainbat oinaze jasaten dute: erretzen duen haizea, ur irakina, kedarraren iluntasuna[35].

Infernuaz gain, sua heriotza eragiteko tresna gisa agertzen da Koranean[30]. Islamaren jeinuak ere sutik sortuak dira, “kerik gabeko su baten argi sotiletik”[36]. Eta Iblis Koraneko deabrua ere bai[37].

Asia (hinduismoa, budismoa)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hinduek eta budistek hainbat eskaintza erretzen dituzte beren gurtza ekitaldietan. Hildakoen errausketa ere egiten dute. Hinduen kulturan eta erlijioan sua askoz garrantzitsuagoa da budistentzat baino. Hinduek sua Agni jainkoaren baitan pertsonifikatzen dute. Justiziaren eta garaipenaren sinboloa da. Hainbat festatan (Diwali festan, adibidez) sua erabiltzen dute, baina baita erlijio ospakizunetan ere.

Kulturan eta artean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sua kontrolatzeak hainbat obra inspiratu ditu, besteak beste Prometeoren mitoa, eta margolan asko. J.-H. Rosnyk La guerre du feu (“Suaren gerra”) liburua idatzi zuen; gerora Jean-Jacques Annaud-k zinemara egokitu zuen.

Margolan askotan ageri da sua edo sutea.

Film ugari egin da suari buruz, izan suteei buruz, izan sua aurkitzeaz edo beste.

Bertso batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko Bertsolari Txapelketa nagusian, Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek bertso bana kantatu zioten “sua” gaiari. Bertso haiek bertsolaritzaren antologian sartu ziren. Biek aipatu zituzten suaren ezaugarri fisikoak, baina biek alde metaforikoa ere landu zuten. Lujanbiok[38] “bi begiradek sortzen dutena” aipatu zuen, eta Arzallusek[39], BECeko giroari erreferentzia eginez, “su honen bueltan dantzan gabiltza” kantatu zuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «...eta neandertalek sua piztu zuten - Elhuyar Aldizkaria» aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-25).
  2. (Ingelesez) Wellman, Charles H.; Gray, Jane. (2000-06-29). Edwards, D. ed. «The microfossil record of early land plants» Philosophical Transactions of the Royal Society of London. Series B: Biological Sciences 355 (1398): 717–732.  doi:10.1098/rstb.2000.0612. ISSN 0962-8436. PMID 10905606. PMC PMC1692785. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  3. (Ingelesez) Jones, Timothy P.; Chaloner, William G.. (1991-12). «Fossil charcoal, its recognition and palaeoatmospheric significance» Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology 97 (1-2): 39–50.  doi:10.1016/0031-0182(91)90180-Y. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  4. (Ingelesez) Glasspool, I.J.; Edwards, D.; Axe, L.. (2004). «Charcoal in the Silurian as evidence for the earliest wildfire» Geology 32 (5): 381.  doi:10.1130/G20363.1. ISSN 0091-7613. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  5. (Ingelesez) Scott, A. C.; Glasspool, I. J.. (2006-07-18). «The diversification of Paleozoic fire systems and fluctuations in atmospheric oxygen concentration» Proceedings of the National Academy of Sciences 103 (29): 10861–10865.  doi:10.1073/pnas.0604090103. ISSN 0027-8424. PMID 16832054. PMC PMC1544139. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).[Betiko hautsitako esteka]
  6. a b (Ingelesez) Bowman, D. M. J. S.; Balch, J. K.; Artaxo, P.; Bond, W. J.; Carlson, J. M.; Cochrane, M. A.; D'Antonio, C. M.; DeFries, R. S. et al.. (2009-04-24). «Fire in the Earth System» Science 324 (5926): 481–484.  doi:10.1126/science.1163886. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  7. Retallack, Gregory J.. (1997-08). «Neogene Expansion of the North American Prairie» PALAIOS 12 (4): 380.  doi:10.2307/3515337. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  8. (Ingelesez) Gowlett, John A.J.; Wrangham, Richard W.. (2013-03). «Earliest fire in Africa: towards the convergence of archaeological evidence and the cooking hypothesis» Azania: Archaeological Research in Africa 48 (1): 5–30.  doi:10.1080/0067270X.2012.756754. ISSN 0067-270X. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  9. a b (Ingelesez) Bowman, D. M. J. S.; Balch, J. K.; Artaxo, P.; Bond, W. J.; Carlson, J. M.; Cochrane, M. A.; D'Antonio, C. M.; DeFries, R. S. et al.. (2009-04-24). «Fire in the Earth System» Science 324 (5926): 481–484.  doi:10.1126/science.1163886. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  10. (Ingelesez) News, A. B. C.. «Were Early Humans Cooking Their Food a Million Years Ago?» ABC News (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  11. a b (Ingelesez) Berna, F.; Goldberg, P.; Horwitz, L. K.; Brink, J.; Holt, S.; Bamford, M.; Chazan, M.. (2012-05-15). «Microstratigraphic evidence of in situ fire in the Acheulean strata of Wonderwerk Cave, Northern Cape province, South Africa» Proceedings of the National Academy of Sciences 109 (20): E1215–E1220.  doi:10.1073/pnas.1117620109. ISSN 0027-8424. PMID 22474385. PMC PMC3356665. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).[Betiko hautsitako esteka]
  12. (Frantsesez) Goudet, Jean-Luc. «Découverte du feu : elle daterait de 790 000 ans» Futura (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  13. Nira Alpeson-Afil, "Continual fire-making by hominins at Gesher Benot Ya'aqov, Israel", Quaterly Science Reviews, vol. 27, 2008, p. 1733-1739.
  14. W. Roebroeks et P. Villa, "On the earliest evidence for the habitual use of fire in Europe", PNAS, vol. 111, no 37, 2014, 5209-5214 orr.
  15. Richard Wrangham (2010), Catching Fire: How Cooking Made Us Human, Profile Books, 309 orr.
  16. (Frantsesez) ICI.Radio-Canada.ca, Zone Aucun thème sélectionné-. «Le feu, 50 000 ans plus tôt» Radio-Canada.ca (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  17. (Ingelesez) Bowman, D. M. J. S.; Balch, J. K.; Artaxo, P.; Bond, W. J.; Carlson, J. M.; Cochrane, M. A.; D'Antonio, C. M.; DeFries, R. S. et al.. (2009-04-24). «Fire in the Earth System» Science 324 (5926): 481–484.  doi:10.1126/science.1163886. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  18. (Ingelesez) Wiessner, Polly W.. (2014-09-30). «Embers of society: Firelight talk among the Ju/’hoansi Bushmen» Proceedings of the National Academy of Sciences 111 (39): 14027–14035.  doi:10.1073/pnas.1404212111. ISSN 0027-8424. PMID 25246574. PMC PMC4191796. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  19. A companion to the history of the book. Blackwell Pub 2007 ISBN 978-1-4051-2765-3. PMC 86115301. (Noiz kontsultatua: 2020-06-01).
  20. a b c Báez, Fernando, 1970-. (2008). Histoire universelle de la destruction des livres : des tablettes sumériennes à la guerre d'Irak. Fayard ISBN 978-2-213-63484-5. PMC 277232195. (Noiz kontsultatua: 2020-06-01).
  21. Karolides, Nicholas J.. (2005). 120 banned books : censorship histories of world literature. Checkmark Books/Facts On File ISBN 0-8160-6504-7. PMC 56324787. (Noiz kontsultatua: 2020-06-01).
  22. Knuth, Rebecca, 1949-. (2003). Libricide : the regime-sponsored destruction of books and libraries in the twentieth century. Praeger ISBN 0-275-98088-X. PMC 51242063. (Noiz kontsultatua: 2020-06-01).
  23. Esperanza Yllan Calderon, El Franquismo, Madrid, Marenostrum, 2006, 13. orr.
  24. Federal Fire and Aviation Operations Action Plan, 4.
  25. «SmokeyBear.com - Prescribed Fires» web.archive.org 2008-10-20 (Noiz kontsultatua: 2020-06-01).
  26. Fire officer : principles and practice.. Jones and Bartlett Publishers 2006 ISBN 0-7637-2247-2. PMC 56834436. (Noiz kontsultatua: 2020-06-01).
  27. Fire & Life Safety Education, Manitoba Office of the Fire Commissioner Archived, 2008ko abenduaren 6a, the Wayback Machine
  28. Hintzbergen, Jule,. (2015). Foundations of information security : based on ISO27001 and ISO27002. (3rd ed. argitaraldia) Van Haren Pub ISBN 978-94-018-0541-4. PMC 1050133106. (Noiz kontsultatua: 2020-06-01).
  29. Begon, M., J.L. Harper eta C.R. Townsend (1996). Ecology: individuals, populations, and communities, Third Edition. Blackwell Science Ltd., Cambridge, Massachusetts, US
  30. a b c d e f Heidi Toelle, "Feu", in Mohammad Ali Amir-Moezzi (zuz.), Dictionnaire du Coran, Paris, Robert Laffont, 2007 (ISBN 978-2-221-09956-8), 345-347 orr.
  31. Coran, 54,48 ; 74,26-27, 42
  32. Coran, 70, 15
  33. Coran, 104, 8-9
  34. Coran, 67,7
  35. Christian Jambet, «L'au-delà selon le Coran et dans les croyances islamiques», Religions et Histoire, no 54,‎ 2014ko urtarrila, 53. orr.
  36. Coran, 55,15
  37. Coran, 7, 12
  38. «SUA hitza emanda, bederatzikoan» bertsoa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-01).
  39. Bederatzikoan, 'Sua' hitza emanda. (Noiz kontsultatua: 2020-06-01).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
pFad - Phonifier reborn

Pfad - The Proxy pFad of © 2024 Garber Painting. All rights reserved.

Note: This service is not intended for secure transactions such as banking, social media, email, or purchasing. Use at your own risk. We assume no liability whatsoever for broken pages.


Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy