Sektore ekonomikoak jarduera ekonomikoak beren ezaugarrien arabera sailkatzeko erabiltzen diren multzo nagusiak dira. Sektore produktiboak, ekoizpen-sektoreak edo ekonomiaren sektoreak ere deitzen zaie.
Sektore ekonomikoen banaketa baliagarria da, besteak beste, herrialde edo eskualde bateko ekonomiaren garapen eta bilakaeraren egoera ezagutzeko; estatistikako erakundeek ekoizpen ekonomikoari buruz egiten dituzten txostenetan ere bereizten dira, gobernuek planifikazio ekonomikoak egin ahal izateko.
Herrialde bateko jarduera ekonomikoak era askotakoak izaten dira, eta horiek aztertzeko orduan, lau sektore handitan banatzen dira normalean:
Lehen sektorea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen sektorea: ingurune naturaletik lehengaiak eta elikagaiak lortzeko egiten diren jarduerak biltzen ditu, hau da, nekazaritza, abeltzaintza, arrantza, basogintza eta meatzaritza. Lehen sektoreak, beraz, produktu naturalak eskuratzen dizkio gizarteari.
Gaur egun, munduko leku askotan oraindik irauten dute sektore honetako jarduera tradizionalek, baina gero eta teknika modernoagoak erabiltzen dira herrialderik aurreratuenetan, ekoizpen handiagoak lortzeko; tamalez, teknika horiek beti ez dira erabiltzen ingurumena kaltetu gabe.
Herrialde garatuetan, biztanleriaren zati txiki bat (%10 inguru) bakarrik aritzen da sektore honetan; herrialderik pobreenetan, berriz, %50eraino ere iristen dira batzuetan.
Bigarren sektorea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren sektorea: naturatik ateratako lehengaietatik manufaktura edo produktu landuak ekoizteko egiten diren jarduerak biltzen ditu. Industria, eraikuntza, eta energia-iturrien ustiapena (ura, gasa, petrolioa, etab.) dira bigarren sektoreko ekoizpen-multzo garrantzitsuenak. Bigarren sektoreak, beraz, produktu naturalak eraldatzen ditu.
Artisautza izan zen industriaren lehen modua XVIII. mendera arte, industria modernoa orduan hasi baitzen. Sektore hau izan zen ekonomiaren sektore nagusia XX. mendearen bigarren zatira arte; gaur egun, biztanleriaren %30 inguru aritzen da sektore honetan herrialde garatuetan, baina %10 besterik ez garapen bidean dauden herrialdeetan.
Hirugarren sektorea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hirugarren sektorea: gizarteari era guztietako zerbitzuak eskaintzen dizkioten jarduerak biltzen ditu, hala nola merkataritza, garraioa, turismoa, hezkuntza, aisialdia, komunikabideak, osasungintza, kultura-zerbitzuak; hau da, sektore honek ez ditu objektu materialak ekoizten, zerbitzuak baizik.
Gaur egun, gizarte garatuetako sektore ekonomiko nagusia da, eta biztanleriaren %60 ingururi ematen dio lana. Aldiz, herrialde azpigaratuetan, biztanleriaren %10 eta %40 bitartean aritzen dira era honetako jardueretan (batez ere merkataritza txikian).
Laugarren sektorea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laugarren sektorea: espezializazio eta maila intelektual handiko jarduerak biltzen ditu, hala nola ikerketa, garapen eta berrikuntza deritzona (I+G+b), goimailako teknologia duten jarduerak (telekomunikazioak), ikerketa zientifikoa, finantzak, informazioaren industria.
Sektore hau duela gutxi hasi da bereizten hirugarren sektoretik, gero eta gehiago haziz joan delako gizarte gero eta konplexuagoetan. Ezagutzan oinarritutako sektorea da, espezializatutako lanesku ondo prestatua eta ondo gaitua eskatzen duena. Biztanleriaren portzentaje txikia aritzen da sektore honetan oraindik, baina gero eta indar handiagoa eskuratuz joango da etorkizun hurbilean, konplexutasun sozial eta ekonomikoa handitzen doan neurrian.
Ekonomiako sektoreak eta herrialdeen garapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekonomiako sektoreek zerikusi zuzena dute herrialdeen garapen-mailarekin. Esan daiteke herrialde bakoitzaren garapenak lau fase dituela: hasieran, ekonomia garatu ahala, herrialde baten BPGaren zatirik handiena lehengaien erauzketarekin lortzen da, jarduera ekonomikoaren zati txiki bat soilik edukitzen du fabrikazioan zentratuta eta ia ez da existitzen zerbitzurik.
Herrialdeak ekonomikoki hazten doazen neurrian, manufakturen industria bihurtzen da beren ekonomiaren elementu garrantzitsuena, eta, ondoren, BPGren zatirik handiena zerbitzuetatik lortzen du. Gaur egun, adibidez, herrialde garatuetako BPGren zatirik handiena zerbitzuetatik dator (% 79,7 AEBentzat 2014an, munduko batez bestekoa % 63,6koa izanik).
Azkenik, herrialderik aurreratuenetan, etorkizun ez oso urrun batean, gerta daiteke biztanleria aktiboaren % 1 baino gutxiago aritzea lanean lehen bi sektoreetan (dena erabat automatizatuta egongo litzatekeelako), eta, agian, biztanleriaren % 20k lan egitea laugarren sektorean.