Venus (mitologia)
Venus (mitologia) | |
---|---|
Antzinako Erromako erlijioa | |
Ezaugarriak | |
Jatorrizko izena | Venus |
Sexua | emakumezkoa |
Baliokideak | Afrodita, Turan (en) eta Venus (en) |
Domeinua | maitasuna, giza sexualitatea, Sedukzioa, Edertasuna eta Emetasuna |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Vulkano |
Seme-alabak | Formido (en) eta Kupido |
- Artikulu hau erromatarren jainkosari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Venus (argipena)».
Venus[1], erromatar mitologian, jainkosa garrantzitsu bat zen, nagusiki maitasuna, edertasuna eta ugalkortasunarekin lotua. Gutxi gora-behera, greziar mitologiako haren baliokidea Afrodita zen, Venus erromatarra askoz boteretsuagoa eta gurtuagoa zen arren. Vulkanoren emaztea zen, erromatar herriaren arbasotzat hartzen zen bere sortzaile mitikoa izan zen Eneasen bidez, eta paper garrantzitsua izaten zuen jai eta mito erlijioso erromatar ugaritan.
Interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Astrologian, Venusek sentimendua irudikatzen du eta, bere espresio gailenean, maitasuna. Haren ikurra sexu femeninoa irudikatzeko erabiltzen da.
Psikologia analitikoan, femeninoa arima da, emakumeari, bere pentsamendu eta sentimendu bereziki femeninoak modu zuzen batean adierazten laguntzen dion indarra, kulturalki inposatutako garapen maskulino batetik kopiatutako eskema baten bidez egin beharrean.
Gurtza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haren gurtza Lazioko Ardea eta Lavinio herrietan hasi zen. K.a. 293ko abuztuaren 15ean: ezagutzen den haren omenezko tenplurik antzinakoena eskaini zioten eta, abuztuaten 18an, Vinalia Rustica deritzon jaia ezarri zen. K.a. 215eko apirilaren 25ean, Porta Collinatik kanpo tenplu bat eskaini zioten, Kapitolio muinoan, erromatarrek Trasimeno lakuko guduan jasandako porrota gogorarazteko.
Venusekin lotutako jainkosak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Venus greziar mitologiako Afroditarekin eta etruriar mitologiako Turanekin lotuta egoten zen, bi horien ezaugarriak hartuta. Gainera, beste mitologia batzuetako maitasunaren jainkosarekin parekatu izan da: Rembha hindua, Milda lituaniarra, Frigg eta Freyja eskandinaviarra, Ishtar mesopotamiarra, Isis egiptoarra, Inanna sumertarra, Astarte feniziarra, Reitia veneziarra, Uni-Aster (Pyrgiko laminak), Suadela eta Ushas vedatarra. Asko Venusekin ematen zaion sanskritozko vanas epitetoaz ere (nahia, desira esan nahi du eta Venusen kognadoa da) lotuta daude, "nahi" esanahiko berreraikitako wen erroaren bidez harreman aurreindoeuroparra iradokitzen duena.
Venusekin egiten den beste parekatze interesgarri bat Auseklis jainko letoniarra da: haren izena aus ("egunsentia") errotik dator. Hura eta Meness (ilargia) Dieva deli (jainkoaren seme-alabak) dira.
Epitetoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste jainko eta jainkosa erromatar garrantzitsu batzuk bezala, Venusi zenbait epiteto ematen zaizkio, bere betebeharren arabera.
- Venus Auzidalia, Mario Servio Honoratoren arabera, Orkomenotik gertu zegoen Acidalia iturritik datorrena, non Venus Karite edo Graziekin bainatzen ohi zen, beste batzuk, izena, άκιδες acides hitzarekin lotzen duten arren "zaintzak" edo "arazoak".
- Venus Kloazina (purifikatzailea), Venus eta etruriarren uretako jainkosa zen Kloazinaren arteko bateraketa bat, ziuraski, nabarmenki Erromako estolda sistema zen Estolda Nagusitik gertu kokatutako Venusen estatua baten emaitza. Estatua, erromatarren eta sabinarren artean bakea sinatu zen tokian bertan altxatzen zen.
- Venus Erizina (txilarrekoa), Erice mendiagatik (Sizilia mendebaldea), bere gurtzaren guneetako bat. Tenpluak eskaini zizkioten Kapitolio muinoan eta Porta Collinatik kanpo. Maitasun ez purua pertsonifikatzen du, eta emagalduen jainkosa patroia zen.
- Venus Felix (mesedegarria), Eskilino muinoko tenplu batentzat eta Hadriano enperadoreak Via Sacraren iparraldeko zatian eraikiarazi zuen Venus eta Erromaren tenpluarentzako erabilitako epiteto bat. Epiteto hau, Vatikanoko Museoetako eskultura zehatz batentzako ere erabiltzen da.
- Venus Genetrix (ama), erromatar herriaren arbaso bezala zuen paperean, amatasunaren eta etxeko bizitzaren jainkosa bat. Bere omenez jai bat ospatzen zen irailak 26an. Venus, zehazki, juliar gensaren amatzat hartzen zenez, Julio Zesarrek tenplu bat eskaini zion Erroman. Izen hau, Afrodita/Venusen estatua mota ikonologiko bati ere ematen zaio.
- Venus Kalipigia (ipurmasail ederrena), Sirakusan, Sizilian gurtutako mota bat.
- Venus Libertina (libertoena), ziuraski, akats baten ondorioz sortu zen epitetoa, erromatarrek lubentina hitza (plazerezkoa edo suharra) libertinarekin nahastuz. Venus Libitinarekin lotua egon daiteke, Libentina, Libentia, Lubentina edo Lubentia ere deitua, hil jainkosa bat zen Libitinaren eta lehen aipaturiko lubentinaren arteko nahasmenetik etor daitekeen epitetoa, Libitina eta Venusen arteko nahasketa batetara eramanez. Venus Libitinari Eskilino muinoan tenplu bat eskaini zitzaion.
- Venus Murtzia (mirtokoa). Venus eta Murtzia edo Murtia jainkosa ezezaguna batzen zituen epitetoa, mirto zuhaitzarekin lotua zegoena, beste iturri batzuen arabera, nagikeriaren jainkosa zen arren.
- Venus Obsequens (adeitsua edo bihozbera). Epiteto hau zeraman Venusi, Kinto Fabio Maximo Gorgesek K.a. III. mendean, Hirugarren Gerra Samnitan tenplu bat eskaini zion. Adulterio delituagatik erruduntzat jotzen ziren emakumeek ordaindu beharreko isunekin lortutako diruarekin eraiki zen. Erroman zegoen Venusen tenplurik antzinakoena zen, eta, ziuraski, Abentino muinoaren oinean zegoen, Zirku Nagusitik gertu. Bere eskaintzaren egunean, abuztuak 19an, Vinalia Rustica ospatzen zen.
- Venus Urania (zerutiarra). Basilius von Ramdohrrek liburu batetako izenburu bezala, Pompeo Marchesik erliebe batena bezala eta Christian Griepenkerlek margolan batena bezala erabili zuen epitetoa.
- Venus Verticordia (bihotz aldatzailea), bizioaren aurkako babeslea, bere omenez apirilak 1ean jaia ospatzen zena. Erroman K.a. 114an eraiki zitzaion tenplu bat, apirilak 1ean eskaini zitzaiona, Liburu Sibilarren gidaritzapean, hiru birjina vestalen kastitatea bortxatu izanagatik.
- Venus Victrix (garailea). Greziarrek ekialdetik heredatu zuten Afrodita armatuaren ikuspegi bat, non Ishtar jainkosa "gerraren jainkosa izaten jarraitzen zuen, eta Venusek, garaipena, Silari edo Julio Zesarri eman ziezaiokeen". Venus hau izan zen Ponpeiak tenplu bat eskaini ziona antzokiaren tontorrean, Marteren Zelaian, K.a. 55ean. Venus Victrixen omenezko aldare bat ere bazegoen Kapitolio muinoan, baita jaialdiak ere abuztuak 12an eta urriak 9an, azken honetan, urtero, sakrifizio bat eskaintzen zitzaiolarik. Arte neoklasikoan, titulu hau, sarri, "Venus garaile gizakien bihotzen gainean" zentzuan erabiltzen da, edo Parisen Epaiketaren testuinguruan (adibidez, Antonio Canovaren Venus Victrixa, Pauline Bonaparteren erretratu erdibiluzi eta etzandako bat).
Venusentzako beste epiteto esanguratsu batzuk Amica (laguna), Armata (armatua), Caelestis (zerutiarra) eta Aurea (urrezkoa) dira.
Artea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arte klasikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arte erromatar eta helenistikoak jainkosari buruzko aldaera ugari eman zituen, sarritan, Praxitelesen Knidoko Atenearen ereduan oinarritua. Euren gaia ezezaguna den eskulturaren garai honetako biluzte femenino ugari, artearen historia modernoan Venus deitzen dira, baita, jatorrian, jainkosarena beharrean, emakume hilkor baten erretratua izan bazen ere.
Adibide batzuk:
- Venus Milokoa
- Venus Medicikoa
- Venus Kapitoliarra
- Venus Eskilinarra
- Venus Italikoa
- Venus Felix
- Venus Arlesekoa
- Venus Anadiomena
- Venus, Pan eta Eros
- Venus Genetrix
- Venus Capuakoa
- Venus Kalipigia
- Venus Pudica
Arte posklasikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Venus, oso gai ezaguna bihurtu zen Pizkundeko eskultura eta margolaritzan. Bere egoera naturala larru gorritan egotea zen irudi klasiko bezala, sozialki onargarria zen arroparik gabe irudikatzea. Osasun sexualaren jainkosa bezala, neurri baterainoko edertasun erotikoa justifikatua zegoen, artista ugari eta hauen mezenasentzat erakargarritasun nabarmena zutena. Denboraren igaroan, arte posklasikoan, Venus hitzak biluzik zegoen emakume baten edozein erretraturi erreferentzia egiten zion, baita erretratuan agertzen zena jainkosa zela frogatzeko modurik ez balego ere.
Lan ospetsu batzuk, honako hauek dira:
- Venusen jaiotza, Sandro Botticelli
- Venus lotan, Giorgione
- Venus Urbinokoa, Tiziano
- Venus Ispiluan, Diego Velázquez
- Olympia, Edouard Manet
- Venusen jaiotza, William-Adolphe Bouguereau
- Venus Victrix, Antonio Canova
Historiaurreko artean, 1908an Venus Willendorfekoa deritzon eskultura aurkitu zenetik, Venus paleolitiko deitzen zaie forma femenino biribildun eskultura txikiei. Benetan irudikatutako jainkosa zein den ezagutzen ez den arren, izen honentzako erresistentzia handiagoa suposatu du Venusen irudikapen klasikoaren eta gurtza irudi lodi eta ugalkor hauen arteko kontrasteak.
Tannhäuser
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tannhäuserren Erdi Aroko elezahar alemaniarra, Venusen mitoaren hondar interesgarri bat da, bere gurtza, kristautasunak ezabatua izan ondoren ere denbora askoan bizirik mantendu zena.
Historia alemaniarrak, Tannhäuser zaldun eta olerkariak Venusberga aurkitu zuela dio, Venusen lurrazpiko etxea zuten kobazulodun mendi bat, eta han eman zuen urte bete, jainkosa gurtuz. Venusberga utzi ondoren, Tannhäuserrek ausikiak sentitu zituen, eta Erromara bidaiatu zuen Urbano IV.ari, bere pekatuak barkatuak izatea posible ote zen galdetzera.
Urbanok, barkamena, bere makila loratzea bezain ezinezkoa zela erantzun zion. Tannhäuser joan eta hiru egunera, Urbanoren makila loratu egin zen. Mezulariak bidali ziren zaldunaren bila, baina hau, jada, Venusbergera itzuli zen, eta ez zuten sekula gehiago ikusi.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindiaren 82. araua: Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak
- ↑ (Ingelesez) Bruce, John Collingwood. (1875). Lapidarium Septentrionale. .