Jutxe
Komunismoa |
---|
Jutxe (koreeraz 주체), edo Jutxe Ideia, Koreako Herri Errepublika Demokratikoaren oinarri ideologikoa da. Kim Il-sung buruzagi korearrak hala definitu zuen Jutxe ideologia: “Hitz gutxitan, Jutxe ideiak iraultzaren eta ondorengo eraikuntzaren jabe bakarrak gizamultzoak direla esan nahi du.” Ipar Koreako Koreako Langileen Alderdiak, eta Hego Koreako Fronte Demokratiko Nazional eta Antiinperialistak jarraitzen dute ideologia hau.
Kim Il-sungek erabili zuen Jutxe ideia lehen aldiz, 1955eko abenduaren 28ko Dogmatismoa eta formalismoaren bukaera eta lan ideologikoan Jutxe ezartzeari buruz izeneko hitzaldian. Konfuzianismo eta estalinismoren arteko nahasketa da. Haren bidez, gizarte eredu komunista eraiki nahi da, buruzagiari atxikimendu osoa bultzatzen den bitartean. Urteak aurrera joan ahala, ideiak ideologia propio baten izaera hartu du.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jutxe hitzaren jatorria karaktere txinatarretan dago. Horien arabera, Ju-k jauna, nagusia eta burujabetasuna esan nahi du, eta txe-k berriz, gorputza, substantzia.[1]
Oinarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendean jaiotako ideologia eta filosofia ultra-nazionalista honek 1960ko hamarkadan hirugarren munduko sozialismoan kokatzen ziren doktrina politiko anti-inperialistekin bat egin zuen. Iosif Stalinen “herrialde bakarreko sozialismoaren” eta Mao Zedongek proposatutako “lasterbide nazionalista eta iraultzailearen” arteko bide propioa landu zuen jutxe ideiak. Jarrera ideologiko hori marxista ultra-ortodoxotzat jo daitekeen arren, jutxe ideiak historia eta tradizio korearrari gehiago zor die Karl Marx alemaniar pentsalariaren tesiei baino.[1]
Kim Il-sung izan zen ideologia honen sortzailea, eta haren seme Kim Jong-ili egokitu zitzaion lana jarraitzea. Gizarte korearraren ezaugarriez primeran baliatzen jakin izan zuen Kim Il-sungek bere kasako ideologia eraikitzeko: txinatar kolonialismoak ekarritako konfuzianismoak estatu iparkorearra familia handi bihurtu zuen, japoniar kolonialismoak pertsonen egunerokotasunean hierarkia inposatu zuen, eta cheondogyoak, budismoak eta kristautasunak kutsu erlijioso esplizituagoa eman zioten ideologiari. Ezaugarri hauek mito eta jainkora goratu zuten Kim Il-sung Koreako Gerraren ostean.[1]
Bestalde, jutxe ideian hiru iraultza-osagai aurreikusten dira: Liderra (Kim Il-sung), Alderdia (bakarra, Koreako Langileen Alderdia) eta herri-gizamultzoak. Elementu hauen arteko harremana hierarkikoa ez izan arren, bada harreman organiko bat: giza-soin batean Kim Il-sung burmuina litzateke, Koreako Langileen Alderdia soina edo zainak, eta herri-gizamultzoak soin-zelulak lirateke. Korear eslogan batek argi erakusten du ideia honen funtsa: “Bihotz guztiek elkarrekin, bihotz bakarrak bezala egiten dute taupaka”. Adituek lotura organiko honi korporatibismo ezkertiarra edo neosozialista deitzen diote. Ikuspegi horren arabera, tipologia honetako erregimen marxistek “klase” dialektika “nazioaren” dialektikagatik aldatu zuten. Horrela, mundu sistema hautemateko nazio aurreratu (edo burges) eta atzeratuen (edo proletarioen) araberako irizpideak darabiltzate.[1]
Aipatu ditugun bitarteko horien xedea trantsizioan den gizarte sozialistatik gizarte komunistara igarotzea da. Prozesu hori aurrera eramaten den bitartean, sozialismoa ahalik eta eraginkorrena izan dadin jutxe ideiak zazusong delako ikusmoldea garatu du. Koreeraz hitz hau independentzia, burujabetasuna, autodeterminazioa eta abar luze baten sinonimoa izateaz gain, hiru aldarrikapen nagusi daramatza berekin: burujabetasun militarra, ekonomikoa eta politikoa.[1]
Jutxe egutegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1972ko Konstituzioa onartu eta gero, Ipar Koreak Jutxe egutegia ezarri zuen egutegi ofizial gisan: gregoriotar egutegian oinarrituz, gure garaiko 1912an jartzen du hasiera, Kim Il-sungen jaiotza urtean, alegia. Normalean, Ipar Koreako testuetan aurrena Jutxe urtea eta ondoren gregoriotarra jartzen dira. Adibidez: Jutxe 95 (2006).
Jutxea atzerrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saiakerak egon izan dira Koreako Errepublika Demokratikoaren aldetik jutxearen filosofia beste herrialdeetara zabaltzeko. Gaur egun badaude jutxea aztertzen duten hainbat talde, hala nola, Hego Korean, Erresuma Batuan, Brasilen, Venezuelan, Argentinan, Japonian, Perun, Mexikon, Espainian eta Australian. Bada jutxean inspiratutako Jutxe Alderdia Frantzian ere.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Blas, Iker. Komunismoa, nazionalismoa eta jutxe ideia. argia.eus, Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) lizentzia (Noiz kontsultatua: 2018-4-18).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Jutxe Ideiaren Nazioarteko Institutua, cnet-ta.ne.jp
- (Ingelesez) Ingalaterrako Jutxe Ideiaren Ikerketa Taldea, korea-dpr.com